Lurralde osoko dantzariak elkartzeko eguna izaten da Bizkaiko Dantzari Eguna. Zornotzan egingo dute aurten, bihar. Izan ere, dantzen tradizioa lurralde osora zabaltzeko helburuarekin, urtero aldatzen dute dantza ardatz duen jaia antolatzeko lekua. Bizkaiko 70 dantza taldek parte hartuko dute aldi honetan, eta 3.500 dantzari inguru elkartuko dira.
Kalejira batekin hasiko dute eguna, 10:45ean, eta, haren ondotik, ekitaldi nagusia egingo dute, San Miguel kalean: dantza taldeek askotariko euskal dantzak erakutsiko dituzte, eta, dantzaldian amaitzeko, talde guztiak batera irtengo dira plazara. 16:30ean, Luhartz taldearen erromeriak itxiko du eguna.
Dantzari dantzarekin abiatuko dute ekitaldi nagusia, eta, ostean, Gipuzkoako dantzek hartuko dute lekukoa: agurra, makila txiki eta zinta dantza egingo dituzte. Dantzari gazteenek txulalai, zazpi jauziak, zapatain dantza eta Baztango esku dantza dantzatuko dituzte gero. Lanestosako eta Eltziegoko dantzekin jarraituko dute, eta, Gorulariak sailaren barruan, domingilo eta arku dantza interpretatuko dituzte. Horien ostean, berriro iritsiko da dantzari gaztetxoenen txanda: Marianak, ostalerrak eta larraburu dantzatuko dituzte. Lekeitioko kaxarrankaren ondoren, larrain dantzarekin itxiko dute ekitaldia dantzari guztiek elkarrekin.
«Euskal dantza tradizionalaren alde lan handia egiten dute Bizkaiko dantza taldeek, eta hori erakusteko modu bat Dantzari Eguna».
JOSE MARI OIARZABALBizkaiko Dantzarien Biltzarreko presidentea
Aurtengoa Bizkaiko 44. Dantzari Eguna izango da. 1980an egin zuten lehenengoz, eta, orduz geroztik, birritan utzi behar izan dute bertan behera: 1983an —uholdeengatik— eta 2020an —birtualki egin behar izan zen, pandemia garaia baitzen—.
Urtero edozein eskualdetako herri batean egiten dute, eta, aurten Zornotzan egitea «ohore bat» dela adierazi du Ainhoa Salterain alkateak: «Dantzazaleentzako topagune izateaz gain, euskal izaerari, nortasunari eta ohiturei indarra, oihartzuna eta jarraipena emateko modua ere bada».
Gazte falta
Biharko egunaren «izaera berezia» nabarmendu du Jose Mari Oiarzabal Bizkaiko Dantzarien Biltzarreko presidenteak: «Euskal dantza tradizionalaren alde lan handia egiten dute Bizkaiko dantza taldeek, eta hori erakusteko modu bat Dantzari Eguna». Horrez gainera, baina, dantza haurrei, gurasoei, zaleei eta, oro har, herritar guztiei helarazteko aukera bat ere bada.
Pandemiatik hona, «nolabaiteko gainbehera bat» egon dela kontatu du Oiarzabalek, baina pixkanaka ari dira horri buelta ematen: «COVID-19ak ondorio asko izan ditu, eta haietako bat dantzarien beherakada izan da. Talde batzuei asko kostatu zaie aurrera egitea, baina egoera ari da lehengora itzultzen». Biharko parte hartzea iruditzen zaio joera horren erakusle, 72 bat talde batzen baitziren pandemia aurreko Dantzari Egunetan; eta, aurten, 70 izango dira. Gaineratu du 90 bat talde daudela Bizkaiko Dantzarien Biltzarrean federatuta.
Ildo horretatik, dantza taldeetan «gazte falta» dagoela nabaritu du Oiarzabalek: «Ume asko daude taldeetan, baina adin jakin batetik aurrera horietako askok erabakitzen dute uztea: ikasketengatik, lanarengatik, nahiago dutelako eskolaz kanpoko bestelako jarduera batzuetan izena eman, kirola lehenesten dutelako… Arrazoiak asko izan daitezke, baina argi dago hutsune bat dagoela hor». Taldea uzten dutenetan gehienak, gainera, gizonezkoak izaten direla zehaztu du Bizkaiko Dantzarien Biltzarreko presidenteak.
Dantzarien Biltzarrarekin batera, Zornotzako Udabarri dantza taldeak eta hango udalak antolatu dute jaia, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eta beste hainbat erakunderen laguntza izan dute.
euskal herriko dantzari eguna, karrantzan, URRIAN
Euskal Herriko dantzarien urteroko bilgunea izaten da Dantzari Eguna. Euskal Herriko herrialde batean egiten dute urtero, eta aurten Bizkaiaren txanda izango da ostera ere: Karrantzan egingo dute, urriaren 5ean. Euskal Herriko zazpi lurraldetako dantzak erakutsiko dituzte.
Euskal Dantzarien Biltzarrak (EDB) hartu ohi du eguna antolatzeko ardura, lurraldekako bestelako ordezkaritzekin elkarlanean. 1967an antolatu zuten aurrenekoz, Miarritzen (Lapurdi), eta, orduz geroztik, herririk herri lekualdatuz joan da jaialdia. Bizkaian 2017an egin zuten azkenengoz; Barakaldon, hain zuzen ere: zazpi lurraldetako 29 dantza talde elkartu ziren.