Zornotzako Barnetegiak euskara ikasteko doako aplikazioak sortu ditu

Bi aplikazio euskara A1 eta A2 mailetan lantzen ari direnak laguntzeko dira, eta beste batek Euskaltzaindiaren arauak biltzen ditu.

euskarapp
Zornotzako Barnetegiak egindako aplikazioaren irudia. BIZKAIKO HITZA
Naroa Torralba Rodriguez.
2023ko abenduaren 17a
05:00
Entzun

Hiru aplikazio garatu ditu Zornotzako Barnetegiak, euskara ikasteko prozesua hasteko «laguntza» gisa, Marivi Zubiaga barnetegiko zuzendariak esan duenez. «Euskara telefonotik nork bere erritmoan ikasteko tresnak dira, eta debalde eskuratu daitezke». Boga 1 izena daramana, A0-A1 hizkuntza markoan ezarri dute; Boga 2, A1 eta A2 mailetan. Hirugarren aplikazioa Euskaltzaindiaren Arauak Lantzen deitu dute; «edonorentzat erabilgarria da», Zubiagaren hitzetan. Lehenengo biak bateragarriak dira Android eta iOS sistema eragileekin; azkena, Androidekin bakarrik. Zornotzako Barnetegiaren webgunean daude hirurak eskuragarri, eta han izango du erabiltzaileak behar duen informazio guztia.

Aspaldi hasi ziren Boga programari «forma ematen». Zubiagak azaldu duenez, 2000. urtean izan zen, eta luze gabe lortu zuten martxan jartzea: «2007rako amaitu genuen, eta ikasleekin praktikan jarri. HABE garai hartan hasi zen curriculum berria onartzeko bidean, eta Boga izan zen gure oinarria urte horietan». Jada ez dute erabiltzen, baina egindako lana ez zuten alde batera utzi nahi, barnetegiko zuzendariak zehaztu duenez.

Formatuari buruzko zehaztapenak eman ditu, gainera. Hamabost atal izango ditu Bogaren aplikazio bakoitzak. Horietan hamabost istorio daude, eta istorio bakoitza hamar saio edo unitatetan banatu dute. Lanketarako baliabideen 470 bideo laburrekin osaturiko hamabost istorio, 10.000 audio, 3.500 jarduera eta 700 gramatika azalpen txertatu dituzte. Horiei guztiei esker, ikasleek hiztegia, gramatika, entzumena eta irakurmena landu ahalko dituzte. Hirugarren aplikazioak Euskaltzaindiaren arauekin trebatzeko modua ematen du. Hartan ariketa laburrak eta zalantzarik ohikoenak jaso dituzte. Test erako ariketak antolatu dituzte arauak lantzeko.

Oinarrian, istorio bat egongo da, ikaslea «harrapatzeko». «Hala, gero edukiak eta funtzioak aurkeztu eta praktikan jartzeko erabiliko dute testua». Irakurgaia oinarri hartuta, gramatika ikuspuntua sartu diotela esan du, ikaslea gaitu nahi dutelako tresnak erabiltzera eta hiztegia indartzera.

Zubiagarentzat, Bogaren alor onena mailakatzea da: «Ikaslearen abiapuntua garbi agertzen du, eta bakarrik egiteko modukoa da. Horrek erraztasuna ematen dio ikaskuntza prozesuari; batez ere, hasierako fase horretan. Ezin genuen material hori bazter utzi, eta horregatik egin ditugu aplikazioak».

Erabiltzailea

Deskargatutako gailu bakoitzean erabiltzaile bat sortu beharko da; erabiltzailearen datuak ez dira inon metatuko eta ezingo da ariketa bat gailu batean hasi eta beste batean amaitu, Zubiagak azaldu duenez. «Aplikazio txiki bat egin dugu, merkea, zuzenketa automatikoa daukana. Doakoa da, eta uste dugu hezkuntza arautuan baliagarria izango dela hutsetik hasi behar duen ikasle oro erritmora egokitzeko. Oinarri izan dugun produktuari bizitza eman besterik ez dugu egin. Gabeziak izan baditu, 2000koa delako izan ditu».

Aplikazioaren funtzionamendua progresiboa denez, aurrera egitea «ikusgarriagoa» da ikaslearentzat, eta haren ezagutza formala ere kontuan hartzen da: «Kontakizun bakoitzak hamar ariketa atal ditu, eta hiru eszena; aurrera joan ahala, edukiak aurkezten dizkiogu grabazioekin. Istorio guztiak, halaber, egoera edo leku batean gertatzen dira, eta hori lantzeko hiztegia eta gramatika ere topatuko dituzte. Edozer entzun eta itzultzeko aukera ere ematen du aplikazioak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.