Zahartzaroa gai tabu bat da askorentzat. Zahartzearen irudi negatiboa zabalduta dago gizartean, oro har, eta, fikzioaren bitartez, adintzearen eta zaharren inguruko iruditeria berriak sortzen saiatzen badira ere, aspaldiko estereotipoetara jotzeko joera dago kasu gehienetan. Errealitate horri buelta emateko asmoz sortu dute Silver Film Festival zinema jaialdia, Bilbon. Adineko pertsonak jartzen ditu erdigunean, eta zaharrak eta zahartzaroa modu askotara irudikatu daitezkeela erakutsi gura dute. Bigarrenez egingo dute aurten, Bilboko bost espaziotan, astelehenean hasi eta zapatura bitarte. Haren ondotik, Lea Artibaira joango da jaialdia, maiatzean.
Kulturaren bitartez, gizarte inklusiboagoa eta berdinzaleagoa egitea da, finean, zinema jaialdiaren helburu nagusia, Marian Gerrikabeitia zuzendariaren hitzetan: «Estereotipoak apurtu, eta adinekoak ere gizartearen parte garela erakutsi nahi dugu».
Adinkeria izango da Silver Film Festivalen bitartez jorratuko diren gaietako bat. Izan ere, Gerrikabeitiak salatu du adintzearen inguruan diskriminazioa dagoela oro har gizartean: «Adinagatik diskriminatzeko modu bat da adinkeria, eta zaharrei eragiten die, batez ere. Zahartzaroa ulertzeko moduarekin lotuta dago, zabaldu diren estereotipoekin. Horrela, mugatu egiten da zahartzaroaren aniztasuna, eta homogeneotasuna bultzatzen da». Bi mahai inguru egingo dituzte horren harira; ostegunean eta larunbatean.
«Jaiotza tasa baxuaren eraginez, 55 urtetik gorakoak gara egun populazioaren gehiengoa. Aurrekaririk gabeko garai sozial batean bizi gara, eta egoera berri horretara egokitzen gabiltza».
MARIAN GERRIKABEITIASilver Film Festival jaialdiko zuzendaria
Beste gai batzuen artean, zahartzaro berriak ere «pisu handia» hartuko du, zuzendariak aurreratu duenez. «Jaiotza tasa baxuaren eraginez, 55 urtetik gorakoak gara egun populazioaren gehiengoa. Aurrekaririk gabeko garai sozial batean bizi gara, eta egoera berri horretara egokitzen gabiltza». Jaialdiak, finean, «halako gaiez hitz egiteko espazio bat» izan nahi du: «Bakoitzaren kezkak, zalantzak… partekatzeko lekua izango da».
Astelehenetik zapatura bitarte, denetariko filmak, dokumentalak eta telesailak proiektatuko dituzte. A los libros y a las mujeres canto dokumentalak zabalduko du aurtengo aldia (Maria Elorza, 2022), eta, haren ondotik, beste hamahiru ikus-entzunezko proiektatuko dituzte: Ese soplo (Valentina Baracco, 2022), Orgullo vieja (Chema Rodriguez, 2023), Cocoon (Ron Howard, 1985), Y llovieron pájaros (Louise Archambault, 2019), Hondalea (Asier Altuna, 2021) eta Empieza el baile (Maria Seresesky, 2023), kasurako. Proiekzioez gain, baina, bestelako jarduera batzuk ere egingo dituzte: hitzaldiak, bakarrizketak eta mahai inguruak, esaterako.
Horiek guztiak Bilboko bost tokitan egingo dituzte: Campos antzokian, Azkuna zentroan, Guggenheim museoan, Louise Michel liburutegian eta Bilborock aretoan, hain zuzen ere.
Gazteekin elkarrizketak
Berez, 55 urtetik gorako ikusleentzako da zinema jaialdia, baina gazteak ere erakarri nahi dituzte: belaunaldien arteko topaketak egingo dituzte. Asteartean eta ostegunean izango dira horiek, eta belaunaldi gazteak eta zaharrak harremanak izatera gonbidatu nahi dituzte. Zorion Egileor ezagutzen ekitaldiaren barruan egingo dute lehenengo elkarrizketa, asteartean; eta La abuela Sofía telesaileko kapitulu batzuk ikusi ostean egingo dute bigarrena, ostegunean. «Kapitulu bakoitzean jorratzen diren gaiak landuko dira solasaldian: gazteek eta zaharrek nola bizi duten lotsa, ospea, maitasuna…», esan du Gerrikabeitiak.
Ikusi gehiago
Baina izango dira berrikuntza gehiago ere. Bilbo Arte fundazioarekin elkarlanean, adineko pertsonek proiektu artistikoak garatzeko beka bat aurkeztuko dute. Horrez gainera, Silver saria ere banatuko dute aurten, estreinakoz, EITBrekin elkarlanean: Begoña Krego dantzari eta koreografoak aitortza jasoko du. «Euskal Herriko dantzaririk beteranoenetako bat da Krego, eta adina ez dela eragozpen bat erakutsi du urte hauetan guztietan», adierazi du Gerrikabeitiak. Azken egunean, gainera, jaialdiari amaiera emateko, Maneras dantza ikuskizuna aurkeztuko du, Guggenheimen.
Filmen amaieretan ohikoak izaten diren The End hitzak erabili ditu Silver Film Festivalek aurtengo logoa ontzeko. «Indarrez, irmotasunez eta kolorez» betetako proposamena da, antolatzaileen arabera, eta «mitoak eraistea» da asmoa. Carles Murillok diseinatu du, eta Ricardo Rey artistaren laguntza izan du. «Mitoak eraitsi nahi ditugu, ezarritakoa hautsi eta bizitza luzera berrian oinarritutako paradigma aldaketa proposatu», adierazi dute.
Tu & Yo produkzioek, EDE fundazioak eta Silver Revolution elkarteak sustatzen dute Silver Film Festival jaialdia, eta Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bilboko Udalaren, BBK Fundazioaren eta SGAEren laguntza jaso dute.
EGUNEZ EGUNEKOA
- MARTXOAK 11, ASTELEHENA.
- 19:00. A los libros y a las mujeres canto dokumentala, Louise Michel liburutegian.
- MARTXOAK 12, MARTITZENA.
- 17:00. Ese soplo dokumentala eta solasaldia Valentina Baracco zuzendariarekin, Bilborock aretoan.
- 19:00.Zorion Eguileor ezagutzen, Bilborock aretoan: Arnasa film laburra eta solasaldia aktorearekin.
- MARTXOAK 13, EGUAZTENA.
- 18:00. Silver Film Festival jaialdiaren irekitze gala, Campos antzokian: bakarrizketak eta Orgullo vieja ikus-entzunezkoaren estreinaldia.
- MARTXOAK 14, EGUENA.
- 12:00. Film laburren emanaldiak, Azkuna zentroan.
- 18:00. Adinkeriaren inguruko mahai ingurua, Azkuna zentroan. Hizlariak: Manel Dominguez, Iñigo Calvo-Sotomayor, Elena del Barrio, Rafa Lopez-Arostegi eta Vania de la Fuente Nuñez.
- 19:00.Cocoon ikus-entzunezkoa, Azkuna zentroan.
- 19:15. Manel Dominguez idazlearen Senior. La vida que no cesa liburuaren aurkezpena, Poza Lizentziatuaren kaleko Elkar liburu dendan.
- MARTXOAK 15, BARIKUA.
- 12:00. Belaunaldien arteko elkarrizketak, Guggenheim museoko auditoriumean.
- 18:00. Y llovieron los pajaros ikus-entzunezkoa, Guggenheim museoko auditoriumean. Ondoren, solasaldia Jocelyne Saucier idazlearekin.
- MARTXOAK 16, ZAPATUA.
- 12:00.Hondalea dokumentala, Guggenheim museoko auditoriumean. Ondoren, ¿Hay edadismo en el arte? mahai ingurua. Hizlariak: Miriam Ocariz, Eduardo Sourrouille, Petra Perez eta Miriam Alzuri.
- 17:00. ¿Alcanzaremos los 140 años? ¿Es posible? hitzaldia, Guggenheim museoan. Hizlariak: Marian Gerrikabeitia eta Maria Blasco.
- 18:00.Empieza el baile eta Muros ikus-entzunezkoak, Guggenheim museoan. Baita Maneras dantza ikuskizuna, Begoña Kregoren eskutik.