Zezenketa kentzeko bigarren galdeketa Karrantzan

Igandean, herri kontsulta egingo dute Karrantzan, zezenketak egiten segitu ala ez erabakitzeko. 2013an egin zuten lehen galdeketa, eta segitzearen aldekoa izan zen emaitza.

Zekorketa bat, Karrantzako zezen plazan, 2014an. JON HERNAEZ / FOKU
Zekorketa bat, Karrantzako zezen plazan, 2014an. JON HERNAEZ / FOKU
irene baranano
2024ko abenduaren 6a
05:00
Entzun

Baliteke Karrantzako El Suceso zezen plazan zezen gehiagorik ez hiltzea. Zezenketak egin ala ez galdeketa baten bidez erabakiko dute karrantzarrek, etzi, domekarekin. 16 urtetik gorako herritarrek bozkatu ahal izango dute, udaletxean ipiniko duten hautetsontzian, 09:00etatik 20:00etara. Aurrez, etxean boto paperak jasoko dituzte, eta udaletxean ere aukeran izango dituzte. 

Galdeketa hori ez da Karrantzako aurrenekoa. Izan ere, 2013an zezenketak mantentzea erabaki zuten karrantzarrek. Orduko galdeketan, baiezko 409 boto jaso ziren, ezezko 334 eta hamazazpi abstentzio. Lehen galdeketa haren garaian, ia 2.800 biztanle pasatxo bizi ziren Enkarterriko udalerri horretan. Gaur egun, biztanleria apur bat txikiagoa da: 2.700 pasa dira. 

«Badaude gazte pila bat, 20 urte ingurukoak, gure herrian horrelako gauzak erabakitzen parte hartu nahi dutenak»

RAUL PALACIO PORTILLOKarrantzako alkatea

Ia hamabi urte igaro dira, eta kontsulta berriro egitea erabaki dute. «20 urte inguruko gazte pila bat daude, gure herrian horrelako gauzak erabakitzen parte hartu nahi dute, eta askotan galdetu digute ea noiz egingo dugun beste kontsulta bat eurek ere iritzia emateko», esan du Raul Palacio Portillo Karrantzako alkateak. Karrantzako Jai Batzordeak ere eskatu zuen galdeketa egin dadila.

Saioa Aras Polledo Jai Batzordeko kideari iruditzen zaio «kultura aldatzen» ari dela, eta hauteman du «herritarren parte handi batek» uste duela zezenketek ez dituztela «ordezkatzen». «Gero eta kontzientzia handiagoa dugu animaliek sufritzen duten indarkeriaren inguruan», gehitu du Arasek. «Pertsona batzuk jada ez gaude zezenek horrenbesteko indarkeria jasatearen alde». 

«Gero eta kontzientzia handiagoa dugu animaliek sufritzen duten indarkeriaren inguruan. Pertsona batzuk jada ez gaude zezenek horrenbesteko indarkeria jasatearen alde»

SAIOA ARAS POLLEDOKarrantzako Jai Batzordeko kidea

Arasek uste du arrazoi ekonomikoak ere pisuzkoak direla. Kexu da Karrantzako Udalak ez duelako «aurrekontu handirik» jaietarako. «Ondorioz, Karrantzako festak ez dira inoiz oso potenteak izan», zehaztu du. «Eta aurrekontuen zati handi bat zezenketei bideratzen dietenez, are eskasagoak dira».

11.000

Raul Palacio Karrantzako alkateak azaldu duenez, udalak urtero 11.000 euro ordaintzen ditu jaietako zezenketa egiteko. Herritarrek galdeketaren bidez zezenketak kentzea erabakitzen badute, alkateak jakinarazi du udalak diru kopuru hori Jai Batzordeari emango diola, festetan beste ekitaldi batzuk antolatzeko.

Alkateak eta Jai Batzordeak iragarri dutenez, zezenketak bertan behera geratzen badira ere, zezen plaza erabiltzen jarraitzeko asmoa dute. «Zezen plaza gure jaietako leku garrantzitsua da», esan du Arasek. «Zezenketak kenduta, bertan gauza pila bat egin genitzake: herri bazkariak, hainbat jarduera, kontzertuak...». «Zezenketak egiteko baimenak lortzeak ere lan karga handia dakar, zaila baita», nabarmendu du Palaciok. «Arrazoi ekonomikoa garrantzitsua» dela esan du alkateak, baina gehitu du «arrazoi filosofikoak edo moralak» daudela «herritarren kezkaren atzean».

«Arrazoi ekonomikoa garrantzitsua da, baina arrazoi filosofikoak edo moralak daude herritarren kezkaren atzean»

RAUL PALACIO PORTILLOKarrantzako alkatea

Galdeketak, dena den, ez dio Karrantzako tauromakia tradizio osoari eragingo, zezenketen inguruan baino ez dutelako galdetuko. Jaietan, urtero, izkingile saioak eta bigantxekin kuadrilla arteko jolasak izaten dira, tartekatuta: urte batean izkingileak eta hurrengoan kuadrilla jolasak bigantxekin. Alkateak zehaztu duenez, domekako galdeketak zezenketei besterik ez die eragingo. 

Karrantzako zezenketa irailaren 18an izaten da, herriko jaietako egun handian; Gertaera Oneko Andra Mariaren egunean, hain zuzen. Sei zezen toreatu eta hiltzen dituzte El Suceso zezen plazan, Karrantzak daukan zezen plaza finko bakarrean. El Sucesok laurehun eserleku inguru ditu, baina Arasek adierazi du ehun bat lagun joaten direla zezenketak ikustera. 

Tauromakia eta gizontasuna 

Arasek eta Palaciok esan dute Karrantzako zezenketara gehienbat adinekoak joaten direla, eta, batik bat, gizonezkoak direla. «Aurten ume batzuk ere izan dira», azaldu du Arasek, «baina gazteak ez dira joaten, eta gehienak nagusiak dira». 

«Zezenei loturiko gure inguruko jai guztietan gertatzen da hori: zezenketetan, entzierroetan, sokamuturrean...», dio Ziortza Larreategik, Bilboko La Ultima Embestida taldeko kideak. Bilboko zezenketak salatzen dituen talde bat da. Larreategik hamarkada bat baino gehiago darama animaliak erabiltzen dituzten jai eredua eraldatzeko lanean. «Patriarkatuaren kontakizuna zera da: gizon zuri, zis eta heterosexualek gainontzeko gorputzak kontsumitu ahal dituztela, izan emakumeak, izan animaliak». Tesi hori bera babestu du Carol J. Adamsek, AEBetako idazle feministak; zehazki, maskulinitatea eta beste gorputzen menderakuntza estuki lotuta daudela idatzi du The sexual politics of meat liburuan (Haragiaren politika sexuala; 1990). 

Errotutako tradizioa 

Karrantzan tauromakiarako zaletasuna generotik harago doa. 2004an, 12.000 behi inguru eta 2.800 pertsonatik gora zeuden herrian. Bost behi pertsonako. «Abeltzaintza oso errotuta egon da betidanik herrian, eta Karrantzako ekonomiaren zati handi bat da», esan du Arasek. 

Larreategik nabarmendu duenez, oso «deigarria» da karrantzarrek behiak zaintzeko lanetan animaliokin garatu behar duten «lotura». «Behiak eta zezenak ez dira karrantzarrei arrotzak zaizkien izakiak; egiten diegun guztia sentitzen dutela ondotxo jakin behar dute egunerokoan haiekin dauden pertsona horiek», baina Bilboko La Ultima Embestida taldeko kideak salatu du 2013ko galdeketak erakutsi zuela behien «kontsumo produktu» izaerari ematen diotela lehentasuna, animalion sentitzeko gaitasunaren gainetik. Arasek aldaketa ikusi du, hala ere; haren familia behi aziendatik bizi izan da, baina aitortu du «kultura aldatzen» ari dela. 

«Patriarkatuaren kontakizuna zera da: gizon zuri, zis eta heterosexualek gainontzeko gorputzak kontsumitu ahal dituztela, izan emakumeak, izan animaliak»

ZIORTZA LARREATEGI GOMEZBilboko La Ultima Embestida taldeko kidea

Alkateak ere bide beretik jo du. «Hemen badakigu tauromakia tradizio handia dagoela, eta ez dakigu zer gertatuko den galdeketaren ostean, baina esango nuke joera hori leku guztietan aldatzen ari dela». Erantsi du hori ziurtatzeko modurik onena galdetzea dela.

«Zezenketak zuzenean bertan behera uzteko aukera zuen udalak, baina uste dut erabaki estrategikoa hartu dutela», adierazi du Larreategik. «Gaur egungo gizarteak, oraindik ere, gizakien interesei eta iritziei ematen die lehentasuna. Zezenen interesek ez dute ia axola. Horregatik uste dut erabaki hori herritarrek demokratikoki hartzen badute sendoagoa izan daitekeela». Ekintzaileak gaineratu du karrantzarrek zezenketak gehiago ez egitea erabakitzen badute gizarteak zezenketak abolitzeko joeraren seinale interesgarria izan daitekeela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.