Zerbitzuei eustea izango da Bilboren lehentasuna 2025ean

Bilboko Udalak 719 milioi euroko aurrekontua ondu du 2025erako; aurtengoa baino %2,6 handiagoa. Hala ere, ez du inbertsio handi berririk aurreikusi.

Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta Marta Ajuria Ogasun zinegotzia, astelehenean, Bilboko udaletxean. BIZKAIKO HITZA
Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta Marta Ajuria Ogasun zinegotzia, astelehenean, Bilboko udaletxean. BIZKAIKO HITZA
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2024ko azaroaren 9a
05:00
Entzun

Bilboko Udalak historiako aurrekonturik handiena aurkeztu du berriro: 719 milioi euro izango ditu datorren urtean; aurten baino %2,6 gehiago. Hala ere, ez du aparteko inbertsiorik egingo. Juan Mari Aburto alkateak esan duenez, «lehentasuna zerbitzuak mantentzea» izango da. «Gure apustua pertsonak, auzoak eta hiribilduaren garapen ekonomikoa izango dira aurrerantzean ere», adierazi du.

Proiektua ontzerakoan kontuan hartu dute, besteak beste, munduko «ziurgabetasun egoera». Horrez gain, bereziki eragina izan dute bi kontuk: diputazioak mutualistei itzuli beharrekoagatik Udalkutxatik jasotakoaren parte bat itzuli beharko duela Bilboko Udalak ere, eta Europako Batasunaren Next Generation funtsetatik datozen baliabideak urrituko direla. Berez, datorren urtean Udalkutxatik aurten baino gehiago jasoko du Bilbok, baina aurtengoaren zati bat itzuli beharko duenez, datorren urtean gutxiago jasoko balu legez egin du kalkulua Aburtok.

Arlo handietan inbertituko dutena xehatu du alkateak. Kultura arloan, berbarako, 3,5 milioi euroko ekarpena egingo diote Arte Ederren Museoari, bi milioikoa Berreginen Museoari eta milioi bat pasatxo Bilbo Arteri. 16,6 milioi jasoko ditu Bilbo Kirolak erakundeak, eta 50 milioi Bilbobusek.

Udalak hemeretzi milioi erabiliko ditu etxez etxeko laguntza zerbitzua kontratatzeko. Etxegabeen arretarako 1,2 milioi gorde dituzte. Bost milioi gizarte larrialdiko laguntzetarako. Berdintasun arloak 1,4 milioi izango ditu, eta hor dago, bestea beste, Emakumeen Etxea sortzeko dirua. Auzoetan inbertsioak egiteko erabiltzen den Auzokide Planak hamalau milioi euro izango ditu. 16,3 milioi euro izango dira ur sarea mantentzeko eta berritzeko; ia 70 milioi hondakinak kudeatzeko. Bilbotarrek 23 proiektu aukeratu ahal izan dituzte bozketa bidez; guztira, bi milioi euro inbertituko dira horiek egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.