Bost solairu ditu Bilboko Zazpikaleetako Esperantza kaleko Esperantza espazioak. Haurrentzako eta gazteentzako hainbat gunek, liburutegi-mediateka batek eta frontoi batek osatzen dute, eta, udalak emandako datuen arabera, 1,5 milioi euroko inbertsioa egin dute hura eraikitzeko. Baina auzokideen beharrak betetzeko proiektua dela dirudien arren, Bilboko Liburuzainak sareko kideei zalantzak sortu zitzaizkien ateak ireki eta berehala; zehazki, hura kudeatzeko moduaz. «Pentsatzen genuen Bilboko Udalak kudeatu behar zuela. Harrituta geratu ginen udalak lizitazio bat aurkeztu zuenean eta Esperantza espazioaren kudeaketa pribatizatu zuenean», esan du Rosa Iturbe sare horretako kide eta LAB sindikatuko delegatuak. Sei hilabete besterik ez da igaro ordutik, eta kudeaketa eredu horrek hainbat arazo eragin ditu jada. Bilboko Liburuzainak sareak egoera salatzeko zenbait protesta egin ditu hilabeteotan, eta, Iturbek aurreratu duenez, borrokan jarraituko dute Bilboko Udalak behar bezalako konponbide bat eman arte. Esperantza publiko egitea eskatu dute.
Esperantza espazioak gaur egun dituen gabeziak eta auzokideek horien inguruan dituzten kezkak biltzen dituen txostena kaleratu du Liburuzainak sareak. Alde batetik, idazkian salatu dute Esperantza espazioko haurrentzako eta gazteentzako guneen eta liburutegiaren ordutegiek ez dutela zentzurik. «Udalak ziurtatu zigun espazioak ordutegi zabala eta malgua izango zuela, baina ez du esandakoa bete», azaldu du Iturbek. «Bilboko Udal Liburutegien Sareko gainerako haur liburutegiak ez bezala, arratsaldez baino ez dago irekita, eta, gainera, itxita dago uztailean eta abuztuan». Hau da, umeek eta nerabeek klaserik ez duten hilabeteetan. «Ez da logikoa».
Enpresa pribatu batek kudeaketaren ardura hartzeak, gainera, langileen baldintzak eta zerbitzuaren kalitatea prekarizatzen dituela salatu du Iturbek. Alde horretatik, ziurtatu du Bilboko Udal Liburutegien Sareko langileen lan karga handitzen duela. «Halako espazio bat kudeatzea aukera paregabea da enpresa pribatu batentzat: sareko langileek egiten dugu ikusten ez den lanaren zatirik handiena. Materiala jaso, katalogatu eta dagokion tokira bidaltzen dugu. Badakigu itzalpean dagoela lan hau, baina behar-beharrezkoa da liburutegi bat ireki ahal izateko». Esperantza espazioa itxita dagoenean erabiltzaileen beharrei erantzuteko ardura ere hartu behar dute. «Jendeak ez du ulertzen espazio horren kudeaketa, eta gugana jotzen du laguntza eske, haserre. Maileguan hartutako liburuak, CDak eta abar ekartzen dizkigute».
«Auzokideak pozik baldin badaude beste liburutegietan egiten dugun lanarekin, zein da Esperantza espazioa pribatizatzeko benetako arrazoia?»
ROSA ITURBEBilboko Liburuzainak sareko kidea eta LAB sindikatuko delegatua
Hala eta guztiz ere udalak pribatizazioaren aldeko jarrerari eutsi diola adierazi du LABeko delegatuak. Bilboko Liburuzainak sareak txosten batean jaso duenez, argudio nagusiak dira liburutegietako ordutegiak malgutzeko balio duela eta kudeaketa publikoa garestiagoa dela. Esperantza espazioaren kudeaketa pribatua bermatzeko, gainera, horren ardura hartu duen enpresarekin urtebeteko kontratua sinatu zuen udalak, eta, beraz, lizitazioa indarrean egongo da hurrengo urteko otsailera arte. «Alde biak ados baldin badaude, kudeaketa urtebetez luzatuko duen beste kontratu bat sinatu ahalko dute», kontatu du Iturbek. «Guk hori eragotzi nahi dugu, baina ez da erraza izango».
Bien bitartean, Bilboko Udaleko gainerako langileekin indarrak batzeko ahaleginetan jarraitzen dute: «Protestak egin nahi ditugu haiekin, baina oraindik ez dugu ezer adostu. Hori bai, sindikatu guztien eta langile batzordearen babes osoa jaso dugu».
Beste arazo batzuk
Bilboko Liburuzainak sareak azaldutako kezken artean, zerbitzu publikoak okertzea da nagusia. Hain zuzen, Iturbek esan duenez, hainbat sektore pribatizatzeko joera hartu du azkenaldian Bilboko Udalak, eta horrek «kolokan» jarri ditu hiriko zerbitzu publikoak. «Horren adibide dira, esaterako, Bilbobuseko langileek egin dituzten grebak eta Bilbao Kirolak-eko langileen ekimena». Esperantza espazioaren inguruan hartutako erabakiarekin gertatu bezala, gainerako sektoreetan udalak egin dituen aldaketek «interes jakin batzuei» erantzuten dietela uste du Bilboko Liburuzainak sareko kideak. «Auzokideak pozik baldin badaude beste liburutegietan egiten dugun lanarekin, zein da Esperantza espazioa pribatizatzeko benetako arrazoia?», galdetu du Iturbek.
Haurrentzako eta gazteentzako guneen eta liburutegiaren inguruko gatazkak ez ezik, Esperantzako frontoiaren kudeaketak ere zalantzak eragin ditu Bilboko Liburuzainak sarean eta erabiltzaileen artean. «Lehen, edonork erabil zezakeen Esperantza espazioko frontoia kirola egiteko, bilerak antolatzeko edota asanbladak egiteko. Doako zerbitzua zen». Baina egoera aski desberdina da gaur egun. «Bilbo Kirolak kiroldegietako sarean sartu du udalak, eta, hori erabili ahal izateko, beharrezkoa da sareko bazkide izatea». Iturberen arabera, ez dute frontoiaren erabilera guztiz pribatizatu, baina erabilera mugatu dute, «zentzuzko» arrazoirik eman gabe.