Proposamena: Galdakaoko Andra Mari dantza taldearen 70. urteurrena

Zazpi hamarkada dantzari lotuta

Galdakaoko Andra Mari dantza taldeak 70 urte beteko ditu aurten. Euskal kulturgintzaren transmisioan gertatzen ari den etenari konponbidea eman nahi diote, eta urte osorako hainbat ekitaldi prestatu dituzte.

Galdakaoko Andra Mari dantza taldeko kideak, iazko dantza emanaldi batean. ANDRA MARI DANTZA TALDEA
Galdakaoko Andra Mari dantza taldeko kideak, iazko emanaldi batean, herrian bertan. ANDRA MARI DANTZA TALDEA
Olatz Enzunza Mallona.
2025eko otsailaren 8a
05:00
Entzun

Aurtengoa urte berezia izango da Galdakaoko Andra Mari dantza taldeko kideentzat: 70 urte beteko ditu taldeak. Urte hauetan guztietan, herrian errotzea lortu du, baina, azken urteotan, beherakada bat antzeman dute belaunaldi gazteenen artean: gero eta haur eta nerabe gutxiagok ematen dute izena Andra Marin. Egoera hori iraultzeko asmoz, urte osorako egitaraua prestatu dute. Taldeak hasierako garaietatik gaur arte euskal dantza tradizionala izan du oinarri.

Frankismo garaian sortu zuten Andra Mari taldea: 1955. urtean, hain zuzen. Hasiera hartan, «ez zen erraza izan» dantza talde bat sortzea, Unai Zabala taldeko presidenteak kontatu duenez: «Elizako lokal batzuetan entseatzen zuten hasieran, baina handik bota egin zituzten». Haren ondotik, Pontzi Zabala herriko medikuaren garajean entseatzen hasi ziren, eta, dantza taldea bide onean zihoala ikusi zutenez, gaur egungo lokalera pasatu ziren.

«Globalizazioaren eraginez, gazteek aukera asko dituzte, eta gutxik erabakitzen dute euskal dantzak ikasten hastea. Dantza talde askotan gertatzen da hori; horixe da errealitatea»

UNAI ZABALAGaldakaoko Andra Mari dantza taldeko presidentea

Ordutik, aldatu egin da Galdakaoko taldearen izaera: gaur egun, adin guztietako herritarrak dira bertako kide. «Talde plurala osatzen dugu». Hala ere, Zabalak esan du azkenaldian kostatu egiten zaiela belaunaldi berriak erakartzea: «Globalizazioaren eraginez, gazteek aukera asko dituzte, eta gutxik erabakitzen dute euskal dantzak ikasten hastea. Dantza talde askotan gertatzen da hori; horixe da errealitatea». Aurrera begira, beraz, horiengan eragitea lortu nahi dute: «Gazte gehiago batzeko ahalegin handia egiten ari gara; bestela, taldeak ezingo du aurrera egin». Generoari dagokionez, emakumeak dira gehiengoa.

Dantza taldeko kideek ez ezik, herriko jendeak laguntzen diela nabarmendu du Andra Mariko presidenteak: «Egun, taldekide aktiboak horrenbeste ez badira ere, ingurukoak beti daude laguntzeko prest, eta hori eskertzekoa da».

Ahanzturatik berreskuratzeko

Urteurrenaren bitartez, transmisioan jarri dute arreta nagusia. «Zer izan garen jakitea garrantzitsua da gure nortasuna eta identitatea eraikitzeko; bestela, galdu egingo da», nabarmendu du Zabalak. Taldea 1955ean sortu zenez geroztik, buru-belarri aritu da euskal kultura eta tradizioak sustatzeko lanean.

1970eko hamarkadan aurrerapauso bat eman zuten: Euskal Herri osoko erritu, musika eta dantza zaharren ikerketa, azterketa eta berreskuratze lanei ekin zieten. Horretarako, jatorrizko herrietara jo zuten, bertako dantza doinuak eta errituak bertatik bertara zer-nolakoak diren ezagutzeko. Euskal kulturaren aniztasunaren iraupena bermatze aldera, galduta zeuden edota galtzear dauden dantza edo ospakizunen ahalik eta datu gehien biltzen ahalegintzen dira.

(ID_14649176) (/EZEZAGUNA) (;)
Andra Mari dantza taldeko kideak, iazko ekainaren 23an, Galdakaon. ANDRA MARI DANTZA TALDEA

Horren erakusgarri da Momotxorroak. Kaos baten istorioa dokumentala. Otsailaren 1ean aurkeztu zuten, Galdakaon. «Altsasuko [Nafarroa] inauteriak XX. mendearen hasieran desagertu ziren, eta 1976an Andra Mari dantza taldeak horiek berreskuratzeko prozesua hasi zuen», kontatu du Zabalak. Berreskuratze lan horren nondik norakoak kontatzen ditu dokumentalak.

Hainbat urteren ostean, Zuberoako maskarada ere plazaratuko dute datorren otsailaren 22an. «Maskarada osoa hutsetik sortzea lan handia izan da», aitortu du Zabalak. Andra Mariko kideez gainera, Pagolako (Nafarroa Beherea) herritarren laguntza izan dute, eta, Aste Santu inguruan hara joango dira maskarada erakustera: «Aukera oso berezia da guretzat».

70. urteurrena dutela medio, beste hainbat jarduera egingo dituzte. Euskal Herriko Alboka Eguna izango da horietako bat; maiatzaren 17an egingo dute. «Dantza taldeko logoa alboka bat da. Galdakaok harreman handia du musika tresna horrekin, eta balioetsi egin nahi dugu. Egun polita izango da». Egun horretan, gainera, Mariano Barrenetxea alboka jotzailearen biografia liburua aurkeztuko dute. Soinuenerekin eta Barrenetxearen senideekin elkarlanean ondu dute.

(ID_14649175) (/EZEZAGUNA) 2000.45garrenurteurrena
Andra Mari dantza taldearen 45. urteurreneko saio bat, 2000. urtean. ANDRA MARI DANTZA TALDEA

Azaroan egingo dute «urteko ekintzarik bereziena», 1955ean hilabete horretan ekin baitzion dantza taldeak bere ibilbideari. «Andra Mari taldeko partaide izan diren dantzari guztiok elkartuko gara; zehazki, Atzoko, gaurko eta biharko Andra Mari emanaldian», esan du Zabalak. Taldearen iragana, oraina eta etorkizuna erakustea du helburu topaketak.

Ekintza guztiak «era boluntarioan» antolatzen dituztela nabarmendu du Zabalak. «Urte gogorra izango da, baina oso pozik gaude».

Dantza baino gehiago

Dantza taldeaz gainera, ikastaroak ematen dituzte noizean behin. «Parte hartzen duten horiek ez dira dantzaldi ofizialetan izaten. Erromerietan dantzatu nahi dutelako etortzen dira, gehienbat».

Taldeak era aktiboan parte hartzen du herriko jardueretan, eta Musika Bizian eta Folklore Bizian jaialdiak ere antolatzen dituzte, beste kontu batzuen artean. Munduko folklorea herrira ekartzen dute halako jaialdien bitartez. «Andra Mari dantza taldearekin hainbatetan izan dugu nazioarteko hamaika jaialdi eta egitasmotan parte hartzeko aukera, eta horrek aukera eman digu beste kultura batzuk ezagutzeko».

Urteotan guztietan egindako lanak, ordea, ez du etenik: soka luzatzeko bideari eutsiko diote datozen urteetan ere.

URTE OSOKO EKITALDIAK

  • Otsailak 22. Zuberoako maskarada.
  • Otsailak 23. Kanporamartxo.
  • Otsailak 28. Goizuetako eta Antzuolako inauteriak.
  • Martxoak 1. Altsasuko inauteria eta Andra Mari dantza taldeko musikarien emanaldia.
  • Martxoak 22. Dantza saioa Bakion.
  • Apirilak 5. Udaberri jaialdia.
  • Maiatzak 3. Maiatzeko Erreginak jaia.
  • Maiatzak 17. Euskal Herriko Alboka Eguna.
  • Maiatzak 25. Ibilaldia Galdakaon.
  • Maiatzak 30-Ekainak 1. Bekea auzoko jaiak.
  • Ekainak 7. Mozoilo Eguna.
  • Ekainak 23. San Juan.
  • Uztaila (eguna zehaztu gabe). Folklore Bizian jaialdia.
  • Irailak 14. Soka dantza eta saio nagusia.
  • Irailak 21. Larrain dantza herrikoia.
  • Urriak 4. Elexalde auzoko jaiak.
  • Urria (eguna zehaztu gabe). Musika Bizian jaialdia.
  • Azaroak 22. Atzoko, gaurko eta biharko Andra Mari saioa.
  • Azaroak 23. Meza eta dantzak.
  • Abenduak 14. Turroi Eguna.
  • Abenduak 24. Olentzero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.