Leticia Urretabizkaia (Bilbo, 1981) emakumea da, LGTBI kolektiboaren parte, eta ekonomikoki prekarizatua dago. Horiek dira hura zeharkatzen duten zapalkuntzetako batzuk, azaldu duenez, baina pribilegioak ere aipatu ditu: zuria, europarra eta zisgeneroa da, eta nortasun agiria du. Gainera, osasun, hezkuntza eta zerbitzu sozialetarako sarbidea du, non bizi nahi duen aukeratu ahal izan du, eta goi mailako ikasketak ditu. Horri esker, besteak beste, Humanitate gradua eta garapenaren globalizazioaren inguruko master bat egin zituen. Orain, doktoretza amaitzeko zorian da; hain zuzen, bere bizitza ardazten duten hiru diziplinen ingurukoa: intersekzionalitatea, feminismoak eta elikadura burujabetza. Gai horien ondorioz, pribilegioei eta zapalkuntzei buruz ere asko gogoetatu du, eta pribilegioei buruz hausnartzeko tailerrak ematen ditu.
Ekofeminismoa, elikadura burujabetza, desazkundea eta beste hainbat diziplina lantzen dituzu. Nola hasi zinen?
Gertatzen zitzaizkidan gauzei azalpena bilatzen nien, eta, azkenean, teoria eta praktika feminista topatu nuen. Desazkundera iritsi nintzen, alor horrek ni nola bizi nintzen deskribatzen zuelako: bizi garen sistema kontsumistatik kanpo, eta hori lortzeko alternatiba pertsonal eta kolektiboen bila. Urte batzuk egin nituen Desazkundea kolektiboko Feminismos-Desazkundea lantaldean; gure ekofeminismo propioa hausnartzeko eta praktikatzeko elkartzen ginen. Eta elikadura burujabetzaren mundura, berriz, euskal nekazarien mugimendua ezagutu nuenean heldu nintzen. Hori Via Campesinaren parte bat da, elikadura burujabetza proposatzen duen mundu mailako nekazari mugimenduaren parte bat. Orain, baina, interes berezia dut arrazakeriaren kontrako borrokan. Nagusitasun zuriaren konplexutasuna ulertu nahi dut, nire ardura neure gain hartu, eta nire pribilegioak eraldaketa sozialaren zerbitzura jarri.
Zergatik behar dute elkar feminismoak eta ekologismoak?
Nik nahiago dut feminismoez hitz egitea, pluralean, mundu osoan garai eta modu ezberdinetan jardun duten eta jarduten duten feminismoak kontuan hartzeko. Bestela, singularrean, iruditzen zait Europako feminismo zuriaz ari garela, askotan beste guztiei lekurik uzten ez dien horretaz. Eta feminismo horretatik kanpo geratzen diren askok —hala nola feminismo indigenak, komunitarioak, nekazariak eta beste hainbat— kontuan hartzen dituzte natura eta gizakiaz besteko izakiak. Europako feminismoak ekologismoarekin duen loturak aukera ematen du zera aztertzeko: gizakion arteko zapalkuntzen eta gizakiek naturari eta gizakiaz besteko animaliei ezartzen dizkieten zapalkuntzen arteko loturak. Analisi horrekin, zapalkuntzaren forma ezberdinek zelan jarduten duten ulertu ahal dugu, zapalkuntza horiei aurre egiteko modurik eraginkorrena aurkitzeko. Halere, esan bezala, bizi garen zapalkuntza sistemak nola funtzionatzen duen ulertzen benetan lagundu didana nire ibilbidea hainbat begirada feministarekin aberastea izan da; feminismo beltzekin eta dekolonialekin, besteak beste.
Europako feminismoak ekologismoarekin duen loturak aukera ematen du gizakion arteko zapalkuntzen eta gizakiek naturari eta gizakiaz besteko animaliei ezartzen dizkieten zapalkuntzen arteko loturak aztertzeko
Eta talka egin dezaketen punturik ba al dago?
Euren artean artikulatzeko erronka batzuk daude; izan ere, zalantzan jartzen dute gure paradigma mendebaldetar modernoa. Horrek auzitan jartzen du gure antropozentrismoa, gizakiak erdigunean jartzen dituen mundu bat garatzen jarraitzen baitugu, antiespezismoak sakontzen duen bezala. Bestetik, ekofeminismoa gure pribilegioez jabetzeko proposamena da, eta ikusarazten digu nola egon gaitezkeen pribilegio horiek erreproduzitzen teoria eta mugimendu sozial eraldatzaileetan.
Nola piztu zitzaizun pribilegioei buruzko interesa?
Nire bizitza ibilbidearen emaitza bat izan da. Hainbatetan, konturatu naiz gustatzen ez zitzaizkidan gauzak gertatzen ari zirela, baina ez nekien zergatik. Gertatzen zena ulertzen hasi nintzenean eta izena jarri nionean, Abya Yalako [kolonialismoari aurre eginda Amerika izendatzeko terminoa] feminismoak ezagutzeko interesa piztu zitzaidan. Beste feminismo horiek Europako feminismoa eraikitzeko erabili ditugun pribilegioak eta erreproduzitzen jarraitzen dugun prozesu kolonialak salatzen dituzte. Horren ondorioz, gauza asko ulertu nituen. Niretzat, inflexio puntu bat izan ziren 2019ko Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministak. Dekolonialtasun mahai bat egon zen emakume migratuen eta arrazializatuen kolektiboekin, eta bertan geunden 3.000 emakumeak interpelatu gintuzten. Horren inguruan egon ziren erreakzioek hunkitu egin ninduten.
«Beste feminismoek Europako feminismoa eraikitzeko erabili ditugun pribilegioak eta erreproduzitzen jarraitzen dugun prozesu kolonialak salatzen dituzte»
Laburbildu dezakezu zertaz hitz egin zuten mahai horretan?
Euskal feminismoa eraikitzeko pribilegioen inguruan interpelatu gintuzten. Zehazki, salatu zuten euskal feminismoak ez zuela funtsezko elementurik eurak borroka beraren parte senti zitezen. Arrazakeria edo [Espainiako] Atzerritarren Legea, adibidez, gai estrukturalak dira, eta, gustatu zein ez, horietan parte hartzen dugu, kontzientzia hartzen ez badugu behintzat. Jardunaldietan, ikus-entzuleek, oro har, eraso pertsonal gisa hartu zuten mugimenduari egindako kritika: haserretu eta euren burua defendatzen saiatu ziren. Horrelako erreakzioak oso aztertuta daude zapalkuntzaren funtzionamendu estrukturalaren parte gisa, eta erakusten dute nagusitasun eta hauskortasun zuriak nola funtzionatzen duen. Horren ondoren, iruditu zitzaidan beharrezkoa zela horri buruzko hausnarketa kolektiboa egitea, eta pribilegioei buruzko tailerrak proposatzen hasi nintzen.

Pribilegioak nola edo hala ukatzeko joera izaten da?
Bai, zapalkuntza sistemak halaxe funtzionatzen du. Zapalkuntza sistemaren helburuetako bat da gu gure pribilegioez ez jabetzea eta guk ez jakitea nola funtzionatzen duten; gu deseroso sentitzea interpelatzen gaituztenean, eta, horrela, erantzukizuna ez hartzea geure gain, eragiten dugun zapalkuntza betikotu dezagun. Hori dela eta, inkontzienteki jarduten duen horretaz guztiaz jabetzeko, lan pertsonal eta kolektibo handia egin behar dugu, horri buelta emateko eta zapalkuntza erreproduzitzen jarrai ez dezagun. Batzuetan, kolektibizatuta gaudenoi edo eraldaketa sozialaren alde egiten dugunoi gehiago kostatzen zaigu hori aitortzea, pentsatu ohi dugulako auzi sozialak defendatzen baditugu jada zapalkuntza sistemaren aurka ari garela. Funtsean, erresistentzia handiagoa izan dezakegu onartzeko geure burua ere landu behar dugula zapalkuntza batzuk ez erreproduzitzeko.
Komunikatzeko orduan pribilegioak erabiltzen ikasteko tailer bat emango duzu Bilboko Hika ateneoan, datorren asteartean.
Bai. Komunikatzen ikasi dugun moduak oso modu automatikoan funtzionatzen du; agerian uzten du zapalkuntza sistemak gugan nola jokatzen duen modu inkontzientean. Tailerrak horren inguruko kontzientzia hartzea du helburu. Aurreko saioan, gure pribilegioekin mugitzen zaiguna hartzen aritu ginen: aitortu eta izendatu egin genituen. Datorren astekoan, gure pribilegioetatik komunikatzean zer gauza erreproduzitzen ditugun ikusiko dugu, eta mugitzen zaigun horri nola eutsi praktikatuko dugu, sortzen ditugun inpaktuak benetan entzun ahal izateko.
«Eraldaketa sozialaren alde egiten dugunoi gehiago kostatzen zaigu hori aitortzea, pentsatu ohi dugulako auzi sozialak defendatzen baditugu jada zapalkuntza sistemaren aurka ari garela»
Norentzat da?
Intersekzionalitatearen arabera, pertsona guztiek dituzte zapalkuntza eta pribilegio kopuru aldakorrak; hortaz, bere pribilegioez jabetu nahi eta horien inguruko hausnarketa irekia egin nahi duen edonork har dezake parte.
Meloia Zuritzen kolektiboan ere parte hartzen duzu.
Euskal emakume zuriok osatzen dugun kolektibo berria da, eta intersekzionalitatearen gaineko interesak batzen gaitu, eta gure pribilegioez eta nagusitasun zuriaz hausnartu izanak. Gutariko bakoitza jabetuz joan da zein garrantzitsua den hausnarketa hori kolektiboan egitea. Meloia Zuritzen-en, mugimendu antiarrazistak zuriei egiten digun interpelazioari heldu nahi diogu, borroka horretan zurien rola zein den argitzeko. Horretarako, erantzukizuna hartzeko ditugun zailtasunei buruz hitz egiten dugu, eguneroko bizipenen inguruan hausnartzen dugu, eta elkarrekin pentsatzen dugu nola jokatu arrazakeriaren konplize ez izateko.
Eskuin muturraren azkenaldiko gorakadari lotuta sortu da?
Ez da hortik sortu, baina egoera horrek handitu egin du lan indibidual eta kolektiboa egiteko premia. Ultraeskuinaren gorakada munduan dagoen indarkeriaren beste adierazpen bat baino ez da; adierazpen argia egiten ari dira, itzulinguruka ibili barik. Geure burua ezkertiarragotzat dugunok modu sotilagoan ere erreproduzitzen dugun indarkeria onartzen ez dugun bitartean, ezingo ditugu sortu ultraeskuinaren gorakadari aurre egiteko behar diren aliantzak.
Zer aliantza dira funtsezkoak gaur egun gizarte mugimenduen artean?
Ezinbestekoa da arrazakeriaren aurkako mugimenduekin eta pertsona migratuei eta arrazializatuei lotutako kolektiboekin aliantzak eraikitzea, proposamen eraldatzaileak sortzeko. Funtsezkoa da aliantza horiek hurbileko loturetatik sortzea; hots, zer kolektiborekin eta norekin erlazionatzen garen ikustea, eta, nagusiki zuriak badira, hori horrela zergatik den hausnartu eta aldatzea.
«Ezinbestekoa da arrazakeriaren aurkako mugimenduekin eta pertsona migratuei eta arrazializatuei lotutako kolektiboekin aliantzak eraikitzea, proposamen eraldatzaileak sortzeko»
Doktoretza egiten ari zara, eta amaitzeko zorian zaude.
Alde teorikoak Abya Yalako feminismoen, intersekzionalitatearen eta elikadura burujabetzaren arteko analisi artikulatua egiten du. Azterketak gakoak ematen ditu zapalkuntza sistemak nola funtzionatzen duen ulertzeko, baita mugimendu sozialetan zapalkuntza nola erreproduzitzen dugun eta nola aurre egin diezaiokegun ulertzeko ere. Alde praktikoak aztertzen du nola egiten dion aurre zapalkuntzari Peruko emakumeen erakunde batek; denbora batez gertutik ezagutzeko aukera izan nuen. Fenmucaninap da erakunde hori (Peruko Emakume Nekazari Indigena Natibo eta Soldatapekoen Federazio Nazionala), eta hango emakumeak dira tesiaren benetako protagonistak. Haiei esker bizi izan dut nik ere pribilegioak lantzearen garrantziaz jabearazi nauen eraldaketa pertsonaleko prozesu hau.
MOTZEAN
Gustuko liburu bat?
Nuestras madres (Gure amak), Gemma Ruiz Palarena.Abesti bat?
Tú (Lua Sua).Miresten duzun norbait?
Amona.Besarkatzen duzun zure zapalkuntza bat?
Emakume izatea.Munduko leku bat?
Menorca.