Duela bi urteko urriaren 23an, San Severino jaietako egun handian, Balmasedako eta Zallako basoko laurehun hektarea baino gehiago erre egin ziren, Bizkaiko azken hiru hamarkadetako suterik handienean. Orain, CO(mpensa)2 proiektuarekin bidez, eta Zallako Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz, Gurutze Gorria hasiko erretako eremuak basoberritzen, «erakunde humanitarioaren jarduerak sortutako berotegi efektuko gasen isuriak konpentsatzeko». Martxoaren 16an, zapatuz, Gurutze Gorriko ehun boluntariok hartuko dute parte basoberritze lanetan, eta erretako hamar hektarea baso birlandatuko dituzte, Zallan.
Gurutze Gorriak zehaztu duenez, 8.615 zuhaitz landatuko dituzte, hainbat espezietakoak: arteak, haritzak, astigarrak, urkiak, gaztainondoak, lizarrak, gereziondoak, platanondoak, sagarrondoak eta udareondoak, besteak beste.
Erakundekoek azaldu dute espezie hostotsu autoktonoak landatuko dituztela basoan. Gainera, jakinarazi dute ekinbide honek hainbat alde on dituela: «Zallako basoetako hamar hektarea berritzeak, baso masa berreskuratzeaz gain, biodibertsitatea eta pertsonen bizi kalitatea hobetzea dakar. Ekosistema hausten duen espezieen arteko desoreka ere saihestuko da; gainera, animaliek bizirik irautea sustatuko da, eta eremu horietan desagertutako espezie autoktonoak finkatzen lagunduko». Gurutze Gorriak «urez modu naturalean beteko den urmael bat» eraikiko du, «anfibio autoktonoen ugalketarako eta bizitzarako».
Gurutze Gorriaren CO(mpensa)2 proiektuak «bere jardueraren ondorioz sortzen dituen karbono dioxido isuriak eta berotegi efektuko gasak konpentsatzea» du helburu, eta hiru urrats ditu: lehenengo pausoa da erakundeak eragin dituen berotegi efektuko gasen isuriak kalkulatzea; bigarrena, karbono aztarna murrizteko plana egitea; eta, hirugarrena, karbono aztarna hori konpentsatzea, espazio eta ingurune naturalak basoberritzeko xurgatze proiektuen bidez.
Elkarlana
Astelehenean, Gurutze Gorriak aurkezpen bat egin zuen, Zallako basoa birlandatuko zuela azaltzeko. Josu Peron Bizkaiko Gurutze Gorriko presidentea, Unai Diago Zallako alkatea eta Arantza Atutxa Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Saileko foru diputatua izan ziren. Agerraldian, Zallako alkateak eskertu egin zuen Gurutze Gorriaren egitasmoa: «Metodo jasangarriagoak eta energetikoki arduratsuagoak erabiltzeko trantsizio prozesu honetan elkarlanean jarraitzeko aukera daukagu». Atutxa diputatuak nabarmendu egin du Gurutze Gorriak eta Zallako Udalak egin duten lana: «Azpimarratu egin nahi dut publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlana, basoa eraberritzeko modua egin duelako».
Gurutze Gorriak ohar baten bitartez plazaratu duenez, proiektua posible izan da «Zallako Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren lankidetzatik etorritako 47.745 euroko inbertsioari esker». Atutxak, agerraldian, adierazi zuen lana udalak eta Gurutze Gorriak egin dutela, eta aldundiak lagundu duela.
«Lurraren jabe den Zallako Udalak lurrak erabiltzen laga du; Bizkaiko Foru Aldundia, Mendi Zerbitzuaren bitartez, kudeaketaz arduratuko da 30 urtez, lehenengo bost urteetan Gurutze Gorria izango den arren zuzeneko kudeatzailea », azaldu du Gurutze Gorriak, oharrean.
Balmasedan ere basoa biziberrituko da
Balmasedan 2022ko suteak erretako basoa berreskuratzeko Basoa Bizi ekinbide abiarazi dute Balmasedako Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak, BBK Live jaialdiak eta Basoa fundazioak. Jardunaldiak, prestakuntza saioak eta dibulgazio materiala eskainiko dira gizartea basoen kontserbazioaren garrantziaz ohartarazteko, baso suteak prebenitzeko eta 2022ko urrian suak kalte egindako eremuan egiten ari diren birlandatze lanetan laguntzeko. Bizkaiko Foru Aldundiak adierazi duenez, «herritarrak aktiboki parte hartzera animatzeko» asmoa dute jarduerek, gai honen inguruan informazioa zabaldu ahal izateko.