Zaldi, pottoka eta astoen plaza

Tokiko zaldi eta asto arrazak hazten dituzten elkarteek Zaldialdia jaialdia antolatu dute. Bihar egingo dute, Zornotzako Jauregibarrian. 120 buru eroango dituzte, erakutsi, lehiatu edo saltzeko.

Zaldiak, Urkiolan (Abadiño), 2018ko San Antonio eguneko azokan. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Zaldiak, Urkiolan, 2018ko San Antonio eguneko azokan. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
2024ko urriaren 26a
05:00
Entzun

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Euskal Herriko mendiko arrazako zaldien, pottoken eta Enkarterriko astoen ia 40.000 buru hazten dira 8.600 ustiategitan. «Sektore ekonomiko garrantzitsua da, potentzial handikoa. Okelatarako hazten dira, baina baita kirolerako edo aisialdirako ere. Orain indartsu dago, eta hori erakutsi nahi dugu Zaldialdian», esan du Zaldialdia jaialdia koordinatzaile Osertz Lejarretak. Bihar egingo dute lehen aldiz, Zornotzako Jauregibarriako zelaietan. 09:00etan hasiko dira.

Lejarreta kide den Euskal Herriko Kirol Zaldi Elkarteak, Euskal Herriko Mendiko Zaldi Arrazaren Federazioak, Euskal Pottoka elkarteak eta Enkarterrietako Astoa elkarteak sustatu dute Zaldialdia. Beraz, arraza horietako animaliak ezagutzeko aukera eskainiko dute. «Orain arte, elkarte bakoitzak bere ekitaldiak, lehiaketak eta abarrak antolatzen izan ditu, bere aldetik. Euskal Herrian ez da egon azoka bat zaldi munduan dabiltzan denak batzen dituena. Duela bizpahiru urte hasi ginen lanean, jaialdi hau sortzeko: lehen sektoretik begiratuta, zaldiak jaiotzen direnetik eta produktua merkaturatu arte egiten den lanari bultzada bat emateko, eta denon artean dagoen potentziala eta dibertsitatea erakusteko». Elkarteon helburuak ezberdinak dira: zaldiak okelatarako haztea, kirolerako hazten dituzte edo tokiko arrazei eustea. 

«Potentzial handia duen sektorea da. Okelatarako hazten dira, baina baita kirolerako edo aisialdirako ere»

OSERTZ LEJARRETA Zaldialdia jaialdiko koordinatzailea

Zaldialdian, 120 animalia baino gehiago egongo dira ikusgai, eta horietako asko salgai ere egongo dira. Dena den, Lejarretak argi utzi du biharkoa ez dela profesionalentzako egun bat. «Zaldiak gustuko dituen edonor etor daiteke, baita familian goiz-pasa ere». Pista bi atonduko dituzte Jauregibarrian. Haietako batean, kirolerako zaldien lehiaketa morfologiko funtzionala izango da. Nazioarteko txapelketetan jarduten duten Frantziako epaile bi etorriko dira zaldiak aztertzera; adinka lehiatuko da. Ondoren, hazitarako zaldien aurkezpen bat egingo dute. Azkenik, jauzitarako zaldien erakustaldi bat egongo da, zirkuitu batean. «Nagusiak direnean saltorako onak izan daitezkeen ikusteko balio dute horrelako erakustaldiek». 

Ikasteko eta egiteko

Bigarren pistan, antolatzaile diren elkarteek lantzen dituzten tokiko hiru arrazen erakustaldia egongo da: mendiko zaldi arraza, pottoka eta Enkarterriko astoa. 10-15 minutuko azalpenen bidez, bakoitzaren ezaugarriak erakutsiko dituzte, Lejarretak aurreratu duenez. Pottokekin potentzia proba bat ere egingo dute: «Erakutsiko da pottokak beste erabilera bat ere izan dezakeela; hau da, umeekin eta gaztetxoekin saltoak egin, zaldian ibiltzeko eskolak eman... Altuen salto zeinek salto egin ibiliko dira». 

Pistetan egingo diren erakustaldi eta lehiaketez aparte, bestelako jarduerak ere prestatu dituzte. Umeek pottoketan paseatu ahal izango dira, astoak zaintzen ikasiko dute... Askotariko tailerrak ere prestatu dituzte. Euskal Herriko Mendiko Zaldi Arrazaren Federazioak zaldi bat erreko du, pintxotan banatzeko. Horrez gain, azoka egongo da, tokiko baserritarren produktuak erosi ahal izateko; besteak beste, zaldi okela egongo da salgai. Txosna ere egongo da jaia girotzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.