Durangoko Azokak eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketak itxi dute kultura urtea, bai eta arrakastaz itxi ere, biek ala biek. Baina aspaldiko beste ezagun batzuek ere zeresana eman dute 2023an. Azaro bukaeran zabaldu zuten Bilbo Arte fundazioaren erakustoki berria hiriburuko Uribitarte pasealekuan; Omako baso zaharberritua ere bai, dagoeneko osatua; eta handik gutxira hil zen haren sortzailea, Agustin Ibarrola artista.
Abenduaren hasieran, Durangoko euskal liburu eta disko azokaren 58. aldia egin zuten herriko hainbat tokitan; 265 jarduera antolatu zituzten guztira, eta 950 nobedade bildu zituzten 257 erakusmahaitan. Milaka lagun izan ziren Durangon; balorazio positiboa egin dute antolatzaileek. «Bisitari gazteak erakarri nahi genituen», esan zuen Beñat Gaztelurrutia Durangaldeko Gerediaga elkarteko kudeatzaileak abenduaren 12ko BERRIAn. «Demografikoki aztertuz gero, gazteak gutxiago dira kopuruz, eta horrek, sarritan, ikusezin bilakatzen ditu, nire ustez. Aurten, beraz, transmititu nahi izan diegu Durangoko Azokan badagoela lekua eurentzat. Uste dut helburua bete dugula».
Bizkaiko Bertsozale elkartearen urtea ere izan da, halaber. Bizkaiko bertso txapelketako finalak lepo bete zuen Bilboko Miribilla kiroldegia, abenduaren 16an: antolatzaileen arabera, 4.400 zale pasa egon ziren. Nerea Ibarzabalek bigarrenez eskuratu zuen garaipena, eta errepikatu egin zen aurreko txapelketako buruz burukoa, Jone Uriarekin izan baitzuen norgehiagoka ostera ere. Hurrenez hurren, Xabat Galletebeitiak, Gorka Pagonabarragak, Onintza Enbeitak, Oihana Bartrak, Aitor Etxeberriazarragak eta Aissa Intxaustik itxi zuten sailkapena.
Baina izan du 2023ak beste berezitasun bat Bizkaiko Bertsozale elkartearentzat: bere 40. urteurrena, hain justu. 1980an, Xabier Amurizak irabazi zuen Bertsolari Txapelketa Nagusia lehen aldiz, eta aldarrikatu zuen, besteak beste, bertsotan irakats zitekeela, eta ikasteko material mordo bat taxutu zuen. Amurizaren ereduari jarraituta, ugaritu egin ziren bertso eskolak Bizkaiko eskualdeetan. 1983an, Bizkaiko Bertsolari Ikasleen Elkartean batu ziren eskolok, izaera juridikoa bereganatzeko, eta askotariko jardueren antolakuntza errazteko, sekulako hauspoa hartu baitzuen bertsolaritzak hamarkada hartan. Irailaren 9an ospatu zituzten 40 urteak Iurretan, elkarteari lotutako hainbat belaunaldi batuta.
Ongi etorriak eta agurrak
Ospakizun bikoitza izan du Bilbo Artek ere: 25 urte bete ditu, eta, urteurrenaren harira, erakustoki berri bat zabaldu dute, 650 metro koadroko egoitza. Euskal artista gazte garaikideak bultzatzea da erakundearen xedea, eta bide beretik ekin dio garai berriari: seiehun lan inguruko funtsa du, Bilbo Arten erakutsi duten edo egonaldiren bat egin duten artisten lanekin osatua, eta hango 30 pieza inguru aukeratu dituzte aurreneko erakusketarako: XXV -rako.
Aspaldikoa da, halaber, Urdaibain Guggenheim museo bat eraikitzeko asmoa, eta erakunde publiko batzuek aurten hauspoa eman diote egitasmoari. Orain arte, Espainiako Kosta Legeak galarazi egiten zuen Murueta ontziolaren eremuan eraikitzea, ur bazterretik ehun metro baino gutxiagora baitzegoen; azaro bukaeran, ordea, eta Bizkaiko Foru Aldundiak 2021ean egindako eskaera bati erantzunez, Kosta Zuzendaritzak hogei metrora jaitsi zuen muga. Guggenheim Urdaibai Stop plataformak jakinarazi du helegitea jarriko diola ebazpenari.
600Bilbo Arte fundazioaren bildumako lanak. Bilbo Arten erakutsi duten edo bekadunak izan diren euskal artista gazte garaikideen artelanekin elikatzen du fundazioak bere funtsa. Gaur egun, seiehun obra inguru dauzka.
Aurten bukatu dituzte Agustin Ibarrolaren Omako basoaren erreplikaren obrak. Ibarrolak Kortezubiko baso batean taxutu zuen lana, baina 2018an itxi egin zuten, arbola batzuk hiltzen ari zirelako eta horiek erortzeko arriskua zegoelako. Ordutik, artelana erreplikatzeko lanetan aritu dira; 2022an, margoketari ekin zioten kokapen berrian, jatorrizkotik oso gertu, Kortezubin bertan. Itxi zuten garaian zeuden arbolak erreplikatu dituzte, baita hasieran zeuden beste batzuk ere, gerora galdu zirenak: guztira, 34 multzo artistiko eta zortziehun zuhaitz inguru. Urriaren 27an burutu zuten prozesua, eta dagoeneko bisitarientzat zabalik dago. Hilabete bat pasatu baino lehen, ordea, azaroaren 17an, Ibarrola hil egin zen, 93 urterekin. Oma izan zen haren obrarik entzutetsuena, baina, oro har, ibilbide luze eta oparoa izan zuen: pintura soziala, kubismoa, espresionismoa eta land art-a jorratu zituen, besteak beste.