Espainiako trantsizioa iluntzen duten hilketetako bat da. Yolanda Gonzalez Martin zuen izena. 1961ean jaio zen, artean fabrikaz betetako Deustuko Erriberan, Bilbon. Burgostik (Espainia) lan bila etorritako behargin bat zuen aita, eta auzo elkarteko bileretan ezaguna ama. Giro hark ezinbestean baldintzatu zituen alabaren ideologia eta jarduna, eta oso gaztetatik sortu zitzaion militatzeko harra, Deustuko auzo elkartean eta beharginen ekintza eta grebetan aurrena, eta beste hainbat borrokatan gero, 18 urterekin Madrilera lekualdatu ondoren: PST Langileen Alderdi Sozialistako militantea izan zen, eta ikasleen mugimenduan ere bazegoen, besteak beste. «Bere lekuaren bila zebilen», oroitu du Libe Irisarri Deustuko Erriberako auzo elkarteko kideak (Bilbo, 1958). Gonzalezi buruzko xehetasun mordoa du gogoan. «Asko irakurtzen zuen. Eta musika iraultzailea zuen gustuko: Silvio Rodriguez, adibidez». 1980ko otsailaren 1eko gauean bahitu eta hil egin zuten Gonzalez, Madrildik gertuko errepide bazter batean.
Orduan 19 urte zituen Gonzalezek. Fuerza Nueva alderdi ultraeskuindarreko bi kide izan ziren egileak —Emilio Hellin eta Ignacio Abad Velazquez—, eta BVE Batallon Vasco Español erakundeak bere gain hartu zuen krimena. Goiz hartan bertan, ETAk sei guardia zibil hil zituen Ispasterren (Bizkaia), eta BVEk horren ondorioz jo zuen Gonzalezengana, ETAkoa zelako aitzakiarekin. Irisarriren esanetan, hainbat hedabidek ere zurrumurru hori helarazi zuten Gonzalezen heriotzaren berri eman zutenean, nahiz eta emakumeak ez zuen inolako harremanik ETArekin. «Denok genekien neska hura ez zegoela ETAn. Baina lehen hala zen: ekintza, erantzuna».
«Jendeak beldur handia zuen. Nik pentsatzen nuen: ‘Nahi izan dutelako hil dute neska hau, eta niri ere gauza bera egin ahal didate’»
LIBE IRISARRIBilboko Deustuko Erriberako auzo elkarteko kidea
Gonzalez hil eta 45 urtera, hura «inoiz baino biziago» dagoela uste du Irisarrik. Haren memoria jagoten ahalegintzen da, behintzat, Deustuko Erriberako auzo elkartea. Instituzioen aldetik ere zenbat aintzatespen izan ditu. 2000. urtean, Espainiako Gobernuak «terrorismoaren» biktima gisa aitortu zuen. Berriki, Bilboko Udalak eta Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Bilboko topaguneak haren izena gehitu dute Memoriaren Mapara, eta plaka bat ipini dute Erriberako Yolanda Gonzalez plazatxoan. Madrilen ere ez dute ahaztu: asteburuan omenaldi bat egin zioten Alcorconen, hil zuten lekuan.
Polizia edonon
Amak eman zion albistea Irisarriri. «Yolanda hil dute, Lidiaren alaba hil dute». Harremana zuten Gonzalezen familiarekin, eta Irisarriren aita Francisco Javier Irisarri Txisko-k auzo elkartetik ezagutzen zuen gaztea, sail berean baitzeuden, Hirigintzan. «Haren familia ez zegoen etxean, egun-pasa joan zirelako. Gurasoak baino arinago enteratu ginen gu». Alabaren heriotzaren berri izan zutenean, Eugenio Gonzalez eta Lidia Martin gurasoak Madrilera joan ziren, baita Amaia Gonzalez ahizpa ere —Yolanda baino urtebete gazteagoa—; Asier Gonzalez anaia gaztea Euskal Herrian geratu zen senide batzuekin —6 urte zituen—. Gonzalez zenari ekitaldi bat eta hileta bat egin zizkioten Madrilen. «Nire aita eta auzo elkarteko beste bi kide Erriberatik etxez etxe joan ziren, gorpua hona ekartzeko dirua jasotzeko», esan du Irisarrik.
Gertakariak oihartzun handia izan zuen, eta «izugarria» izan zen, orobat, Gonzalezen auzokideentzat. Elkartasuna ez ezik, arbuioa ere erakutsi zuten. Krimenaren biharamunean, ikasleen mugimenduak Deustuko tabernak eta saltokiak itxi zituen, «modu baketsuan», eta, hurrengo egunean, kartel andana bat itsatsi zuten: hilketaren albistea, Erriberako hiletaren ordua eta auzo elkartearen zigilua ageri ziren; ez zegoen alderdien aipamenik. «Garai haietan, ez ginen konformatzen folio tamainako kartelekin», bota du Irisarrik irribarretsu, eta tonu solemneago bat hartu du berehala. Irisarrik hartu zuen azken kartela itsasteko ardura. «Relax koltxoi fabrikarantz joan nintzen, eta, une horretan, ahizpa jaitsi zen autobusetik —ingelesezko liburuarekin, gogoan dut—, eta esan zidan lagunduko zidala. Bidean, Poliziaren kotxe bat ikusi nuen; garai hartan, marroiz janzten ziren».

Sekulako eguzkia zegoen egun hartan. Kartela jarri zuten, eta, Artiach galleta fabrikaren inguruan, justu txirrinak jo eta beharginak kanpora ateratzen ari zirela bazkaltzera edo zerbait hartzera, aurrez ikusitako autoa aldamenean gelditu zitzaien ahizpei, eta atxilotu egin zituzten —Libe Irisarriren ahizpa adingabea zen—. «Kotxe barruan, esan ziguten Yolandari gertatutakoa gertatuko zitzaigula guri ere». Komisarian, gela oso zikin batean sartu zituzten. «Edari zuriaren usaina zuen: koñaka, ginebra...». Zortzi gizon zeuden, bakoitza bere puruarekin. «Gu beldurtzen hasi ziren, txilioka. Esan zidaten ahizpa adingabea zenez ezin ziotela ezer egin, baina niri harena ere sartuko zidatela, fitxatuta nindukatela aurreko egunean dendak zarratzen ibili nintzelako».
Biak arratsalde hartan utzi zituzten libre, mehatxatu ondoren: Gonzalezen hiletara joatea debekatu zieten, eta ziurtatu zelatan ibiliko zirela. Ikara gorabehera, ahizpek ez zuten agindua bete, eta parte hartu zuten hala hiletan, nola ondorengo ibilbidean, Gonzalezen gorpua Deusturaino eraman baitzuten. «Han ere jipoiak izan ziren», nabarmendu du Irisarrik. «Jendeak beldur handia zuen. Nik pentsatzen nuen: ‘Nahi izan dutelako hil dute neska hau, eta niri ere gauza bera egin ahal didate’. Eta askok hala pentsatuko zuten».
«Uste dugu Yolanda Gonzalez elkartearen gaur egungo arazoetatik nahiko hurbil dagoela, eta gure alboan egongo litzatekeela, borrokatzen»
UNAI PEREZBilboko Deustuko Erriberako auzo elkarteko kidea
Edonola ere, Poliziaren presentzia ez zen izan Gonzalezen hilketaren ondoriozkoa, auzokideak «ohituta» baitzeuden ordurako. Hamarkada gatazkatsuak izan ziren. «8-9 urte nituenean, poliziak zaldi gainean ibiltzen ziren beharginek Areatzan egiten zituzten manifestazioetan. Elizan, Vicente Irasuegi apaizak esan izan zuen: ‘Atzean, bi grabatzen ari dira’. Eta aitak, lanera joaten zenean, nire anaiari esaten zion kontuz ibil zedila, behean Polizia sekretuaren kotxe bat zegoelako». 1970eko eta 1980ko urteetan, ugariak izan ziren protestak. «ICEn ikasi nuen nik, grebetan aitzindaria izan zen institutu batean: kontraturik gabeko numerarioen alde aurrena, adibidez, eta Euskaldunaren zarratzearen ondoriozko kaleratzeengatik gero». Asanbladak antolatzen zituzten, eta beste institutu batzuetakoak batzen zitzaizkien. Unibertsitateko ikasleei ere elkartasuna adierazten zieten, baita beharginen mugimenduari ere, urte haietan jende askok galdu baitzuen lana.
Gonzalezen legatua
Yolanda Gonzalezen hilketa jazo eta egun gutxira espetxeratu zituzten egileak, otsailaren 7an, eta handik bi urtera epaitu zituzten, 1982ko maiatzean. Hellini 43 urteko kartela zigorra ezarri zioten, 26 urtekoa Abadi, eta beste hainbat militante ultraeskuindar ere zigortu zituzten, kolaborazioa egotzita. Hellin bi aldiz saiatu zen kartzelatik ihes egiten, eta 1987an lortu zuen, baimen bat aprobetxatuta. Paraguaira alde egin zuen, baina bi urte beranduago estraditatu egin zuten. Guztira, hamahiru urte egin zituen espetxean. 2013an, hizpidera itzuli zen, El País egunkariaren ikerketa baten kausaz: hedabide horren arabera, Espainiako Estatuko polizia indarren ohiko aholkularia izan da Hellin kartzelatik atera ostean, hala nola Ertzaintzarena. Eta peritu informatiko gisa ere ibili da hainbat epaiketatan; besteak beste, Cristina Cifuentes Madrilgo PPko kide ohiak eta Laura Borras Junts alderdiko politikariak kontratatu izan dute.
Garai bertsuan biziberritu zen Gonzalezen memoria. Garai nahasi batean, halaber: 2012an, Ertzaintzak jaurtitako pilota batek Iñigo Cabacas hil zuen, Bilbon; eta hiriburuko bi gazte atxilotu zituzten urte bereko greba orokorreko istiluetan parte hartzea leporatuta —Irisarriren semea zen atxilotuetako bat: Jon Telletxea—. Hellinen inguruko ikerketa agertu zenean, Erriberako auzo elkartekoek mural bat egin zuten orain Yolanda Gonzalez izena duen plazatxoko horma batean. «Ni joan nintzen hormaren jabeei baimena eskatzera», esan du Irisarrik. «Lehen pintaketak suaren kolore gorria zuen; oso ederra zen». Hurrengo egunerako ezabatua zuen Bilboko Udalak.

Mural gehiago egin dizkiote Gonzalezi, halere. Eta otsailaren 1ean, haren izena duen plazan biltzen dira senideak eta auzokideak, eta urteren batean Gonzalezen Madrilgo «kamaradak» ere egon izan dira ekitaldi horretan. 2014. urte inguruan, auzo elkarteak hirurehun bat sinadura bildu zituen, udalari eskatzeko plaza hura Yolanda Gonzalez izenda zezatela, artean ez baitzuen izenik. «Plazatxo hartan Erriberako haur guztiak jolasten ginen, denok biltzen ginen, baita galleterak ere. Erriberak espaloirik ez zueneko garaiak ziren», esplikatu du Irisarrik.
Orduko bizilagun askok lagata daukate auzoa, baina belaunaldi berriek hartu dute Gonzalez oroitzeko lekukoa. Nahiz eta ez zuen ezagutu, haren figura garrantzitsua da Unai Perez Erriberako auzo elkarteko kidearentzat. «Hemengoa zen, gaztea, euskalduna eta sozialki kontzientziatuta zegoen. Uste dugu elkartearen gaur egungo arazoetatik nahiko hurbil dagoela, eta gure alboan egongo litzatekeela, borrokatzen».
Bilboko plakak
Bilboko Udalak eta Bakearen eta Bizikidetzaren Aldeko Topaguneak «terrorismoaren eta indarkeria politikoaren» hamar biktima omendu dituzte orain arte. Hiriko zenbait tokitan plaka bana ipini dute bakoitzaren izen-abizenekin.
2022
- Angel Pascual Mugika. Lemoizko zentral nuklearreko proiektu ingeniaria. ETAk hil zuen, 1982ko maiatzaren 5ean.
2023
Jose Maria Urkizu Goiogana. Farmaziako langilea. ETAk hil zuen, 1980ko irailaren 13an.
2024
- Benicio Alonso Gomez. Banco de Vizcayako behargina. 1983ko otsailaren 5ean hil zuen ETAk.
Fermin Monasterio Perez. Taxi gidaria. ETAren biktima. 1969ko apirilaren 9an hil zuen.
Francisco Javier Nuñez Fernandez. Matematikako irakaslea. Poliziak hil zuen, 1977ko maiatzaren 30ean.
Anastasio Leal Serradilla. Udal langilea. Triple Aren bonba batek hil zuen, 1980ko uztailaren 23an.
David Salvador Bernardo. Taxi gidaria. 1977ko urriaren 7an hil zuen Triple A erakundeak.
Joseba Goikoetxea Asla. Ertzaintzako sarjentu nagusia. ETAren biktima. 1993ko azaroaren 22an hil zuen.
Angel Esparta Basterra. 28 urteko gaztea. Guardia Zibilak tiroz hil zuen, 1975eko azaroaren 25ean.
2025
- Yolanda Gonzalez Martin. Batallon Vasco Español erakundeak hil zuen, 1980ko otsailaren 1ean.