Urtean, 60.000 indaba kilo

Etxeetan indabak kozinatzeko ohitura galtzen ari den arren, putxera lehiaketetako partaideek milaka kilo behar izaten dituzte urtero. Horregatik, Gernikako indaba indartzeko beharra dagoela uste du Balmasedako Putxeren Kofradiak.

Balmasedako San Severino eguneko putxera lehiaketa, herenegun. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Balmasedako San Severino eguneko putxera lehiaketa, herenegun. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
2024ko urriaren 25a
05:00
Entzun

Joan den zapatuan, Armintzako San Tomas jaietan eta Barakaldoko Desertu auzoan. Bihar, Arrigorriagako Abusu auzoan. Herenegun, Balmasedako San Severino jaietan. Irailean hasi eta udaberrira arte, etengabe egiten dira putxera lehiaketak han eta hemen. Balmasedako Putxeren Kofradiako Jokin Salaberriren esanetan, urtean hirurehun inguru antolatzen dira. «Batzuetan, berrehun edo hirurehun lehiakidek hartzen dute parte; beste batzuetan, 50 izaten dira. Demagun batezbestekoa lehiaketako ehun partaidekoa dela. Putxera arrunt bat egiteko, kilo bi edo bi kilo eta erdi indaba erabiltzen dira. Egin kalkuluak: putxera lehiaketetan urtero 60.000 kilo indaba kontsumitzen dira». Beraz, etxeetan indaben kontsumoa jaisten ari bada ere, lehiaketa gastronomiko horiek dira ekoizleen bezerorik garrantzitsuenetako batzuk.

Horrez gainera, Salaberrik azaldu duenez, badaude jatetxeak, txokoak, catering enpresak... «Azken boladan hiru enpresa sortu dira gure inguruan putxerekin dabiltzanak, indaba dastatzeak antolatzen, bazkariak prestatzen, txokoetara eramaten... Balmasedan hiru pertsonak bakoitzak urtean mila kilo indaba erosten ditu». Kontsumo arrunta apaldu bada ere, indaba beharra badago Bizkaian, kofradiako kidearen arabera. Horregatik uste du Gernikako indaba bultzatu ahal izateko merkatua badagoela.

«Sukaldari batzuek uste dute Tolosakoarekin errazago nabarmenduko direla lehiaketetan, baina berdin-berdin irabaz daiteke Gernikakoa erabilita ere»

JOKIN SALABERRI Balmasedako Putxeren Kofradiako kidea

Kontatu duenez, oro har, gehienek Tolosako indaba (Gipuzkoa) erabiltzen dute Gernikakoa baino sarriago. Hiru arrazoi eman ditu horretarako. Batetik, prezioa. «Normalean, Gernikakoa baino merkeagoa izaten da, gehiago ekoizten delako». Dena den, ahal duten guztietan kofradiakoek Gernikakoa erosten dute.

Bestetik, arlo gastronomikoa dago. Salaberrik nabarmendu du biak «bikainak» direla kozinatzeko. Esaterako, iazko Balmasedako San Severino eguneko txapelketa entzutetsua Gernika-Lumoko lehiakide batek irabazi zuen, Gernikako indabak erabilita. Baina, Salaberriren esanetan, Gipuzkoan indabak «gordinago» prestatzen dituzte, eta salda ilun-ilunarekin, horrelakoa egiten duelako Tolosako indabak. «Euskal Herriko iruditeria gastronomikoan indabak horrelakoak izan behar direla dugu sartua, eta denok saiatzen gara indabak Gipuzkoako erara egiten». Gainera, Gernikako indaba leunagoa eta suabeagoa dela esan du, Tolosakoa, ostera, indartsuagoa. «Sukaldari batzuek uste dute Tolosakoarekin errazago nabarmenduko direla lehiaketetan, baina berdin-berdin irabaz daiteke Gernikakoa erabilita ere».

Batasun falta

Badago beste faktore bat ere, Tolosako indaben alde: Tolosan ekoizpen guztia elkarte batean bateratuta dago. Gernikako indabaren egoera, ostera, bestelakoa da. Badago zortzi ekoizlek osatutako Gernikako Indaba Elkartea, Neiker Eusko Jaurlaritzaren ikerketa zentroak Gernikako indaba moduan arautua duen indaba hori ereiten dutenak; eta badaude dozenaka baserritar Gernikako indaba ekoizten dutela esan baina etxean belaunaldiz belaunaldi gorde duten hazia erabiltzen dutenak. Hazi hori degradatu egiten da, eta ezaugarriak aldatzen zaizkio. Horrek badu ondorio bat, eta Salaberrik adibide batekin azaldu du. Balmasedako Putxeren Kofradiakoek Leioako futbol klubaren 99. urteurren jairako putxerak prestatuko dituzte asteburu honetan. «Tolosakoa erosiko bagenu, elkartera jo, eta behar beste kilo lortuko genituzke. Gernikakoa lortzeko, ekoizlez ekoizle jo behar dugu, eta gerta daiteke denek ez izatea ezaugarri berak. Ondorioz, gerta daiteke, adibidez, indaba batzuk arinago kozinatzea eta beste batzuek denbora gehiago behar izatea. Baina guk prestatu arte ez dakigu hori. Eta ez dut nahi mila plater banatu, eta batzuek esatea eurenak bikainak egon direla, eta beste batzuek, denbora gehiagoz kozinatu behar genituela».

Balmasedako Putxeren Kofradiak Gernikako indabak sustatu nahi ditu. Horregatik, Jaurlaritzara eta Eusko Label ziurtagiria kudeatzen duen Hazi fundaziora jo zuten, Gernikako indaba bultzatzeko elkarlana eskaintzera. «Ekoizleak, erakunde publikoak eta kontsumitzaileak elkartu behar gara Bizkaiko indaba mota hau indartzeko». Eurek gura eta behar dute Gernikako indaba.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.