Bizkaiko mugimendu sozialen azken urteetako jarduera ezagut liteke Ecuador Etxea elkartearen argazki artxiboan arakatuta: dozenaka deialdiren berri eman dute, eta ehunka irudi eta xehetasun harrapatu dituzte. David Buitron eta Evelyn Morales izan dira proiektuaren buruak, eta Laura Fontalba kazetaria batu zitzaien duela urte batzuk. Diru laguntza gero eta murritzagoekin, GKEen enkarguekin, bazkideen ekarpenekin eta, are, beren diruarekin mantendu dute proiektua, baina kinka larrian daude orain: Bilboko Deustuko lokala utzi behar izan dute —hamasei urte zeramatzaten han—, eta hiriko San Ignazio auzoan topatu dute egoitza berria. «Egoera asko zaildu zaigu», onartu du Buitronek (Quito, 1982). Bazkideak lortzeko kanpaina bat abiatu dute.
Zer da, zehazki, Ecuador Etxea? Komunikabidea, elkartea, talde aktibista...
Zaila da definitzen. Ez dugu inoiz komunikabidetzat jo, ez garelako kazetariak, Laura izan ezik. Gainera, irabazi asmorik gabeko elkarte bat da, proiektu bat du oinarrian; beraz, agian defini daiteke proiektu komunikatibo moduan.
Zer helbururekin sortu zen?
Hemengo eta Latinoamerikako pertsonen elkarte moduan sortu zen, 2000. urtean, Donostian. Migrazio fluxu handiko garaia izan zen. Hasieran, migratuen orduko beharrak kudeatzea zen helburua: aholkularitza, informazioa eta harrera-gizartearekin harremana.
Nola gehitu zen komunikazioa elkartearen zereginetara?
Ez zen planifikatua izan. Nahi genuelako eta aktibismoagatik joaten ginen jarduera batzuetara —batez ere, Latinoamerikako norbait gonbidatzen zutenean—, eta konturatu ginen kasu askotan komunikabideren bateko argazkilariren bat egoten zela, hasierako hitzaldiko argazkiak egiten zituela, eta joan egiten zela; ondorioz, gainontzeko hizlariez ez zen geratzen kalitatezko argazki erregistrorik. Iruditu zitzaigun jarduera batzuek ikusgaitasun handiagoa izan zezaketela, soilik esfortzu apur bat eginda. Argazkiak egiten hasi ginen; hasieran, guretzako erregistro bat osatzeko. Han ipintzen ginen, galdetu gabe ere ea argazkirik egin zitekeen, aurkeztu gabe ere. Kuriositatea piztu genuen: galdetzen ziguten nortzuk ginen, eta non publikatuko genituen argazkiak. Hortik aurrera, argazkiak argitaratzen hasi behar izan genuen, sare sozialetan eta blog batean. 2011-2012 urteak ziren.
«2008ko krisi ekonomikoaren ondoren, pertsona migratuen elkarteak diru laguntzarik eta lokalik gabe geratzen ari ziren, eta desagertzeko zorian zeuden. Egoitzan eta blogean lekua eskaini genien»
Bilbon zeundeten, jada?
2003an sortu zen Ecuador Etxearen Bilboko delegazioa. Eta hasiak ginen 2008ko krisi ekonomikoaren ondorioak igartzen. Deustuko lonja —orain dela gutxi utzi dugun hura—, Bizkaiko Foru Aldundiko diru laguntzekin ordaintzen genuen, baina astelehenetik ostiralera guk baino ez genuen erabiltzen, bulegoko lanerako, eta asteburuetan, jardueraren bat edo beste egiteko. Garai hartan, baina, pertsona migratuen elkarteak —gure garai hartako burbuila— diru laguntzarik eta lokalik gabe geratzen ari ziren, eta desagertzeko zorian zeuden. Egoitzan eta blogean lekua eskaini genien. Kamera bat ere bagenuen, eta gehiago erabili nahi genuen. Egoitza gurekin konpartitzen zuten elkarteek haien deialdiak bidaltzen zizkiguten postaz, eta sare sozialek ere hauspoa hartu zuten, eta deialdi gehiagoren berri izaten hasi ginen. Evelyni atentzio handia deitu zioten feministen deialdiek; garai hartan, abortatzeko eskubidearen aldeko kanpainarekin oso indartsu zebiltzan.
Hor hasi zineten kolektiboen sarea osatzen?
Bai, uste dut mugimendu feministari esker izan zela. Izan ere, kideek beste plataforma batzuetan ere parte hartzen zuten: ekologistak ere baziren, antiarrazistak... Ekintza horien berri ematen genuen goizez, arratsaldez eta gauez, atsedenik gabe, eta lo oso gutxi eginez. Behin, Santurtziko lagun on batek esan zigun ACB fabrika ixtekotan zirela —han egiten zuten lan haren aitak eta anaiak—, eta ea joan gintezkeen. Beste komunikabide batzuk ere bazeuden, baina ez da ohikoa erakunde batek egiten dituen argazki den-denak publikatzea, guk bezala.
Nola kudeatzen da lan karga handi hori?
Ahal den moduan. Adibidez, lehentasuna ematen genien egitasmo feministei. Edo emakume arrazializatuek antolatutakoei.
«Kaleko presentzia lan komertziala ere bada: zenbat eta gehiago ikusi, orduan eta gehiago akordatuko dira zutaz zerbitzuren bat kontratatu nahi dutenean»
Esan duzunez, 2008ko krisiaz geroztik elkarte batzuk diru laguntza publikorik gabe geratu ziren. Zuek ere igarri duzue beherakada?
Hori da administrazioak hartu duen joera orokorra laguntza publikoari dagokionez. Guk aldundiari eta Bilboko Udalari eskatzen genizkien laguntzak, baina udalari eskatzeari utzi behar izan genion, bideraezina baitzen kalean egiten genuen lana eta proiektuak etengabe aurkeztu beharra. Aldundiak alokairuak baino ez ditu ordaintzen jada, eta ez guztiz. Urte hauetan eusten ibili gara, gure alaba jaio zen arte, proiektua aurrera atera zedila nahi genuelako.
Nola?
2015ean, hondoa jo genuen; bazkideak biltzeko kanpaina bat egin genuen, eta arnasa eman zigun. Gainera, kaleko presentzia lan komertziala ere bada: zenbat eta gehiago ikusi, orduan eta gehiago akordatuko dira zutaz zerbitzuren bat kontratatu nahi dutenean. Kolektibo batzuk deika hasi zitzaizkigun argazkiak egiteko, ordainduta. Harrituta geunden, argazkigintzaz ia ez baikenekien ezer. Hasieran, kameraren ezarpen automatikoak erabiltzen genituen... [barre]. Aurrerago, Pikara magazinekoak hasi ziren gure bulegoan lan egiten, duela urte asko, eta bideoak editatzen zituenak oinarrizko kontuak erakutsi zizkigun: obturazio abiadura... 2015ean, jendearen erantzun oso positiboa eduki genuen, baina gerora ez zen nahikoa izan.
Zer gertatu da zuen lokala erabili duten kolektiboekin? Badute alternatiba orain?
Kolektibo horietako asko joan egin ziren: Pikara magazinekoak, adibidez, Lamana kalera. Lokal hura erabili zuen, halaber, Ozen EHUko LGTB Ligak, nahiz eta maiztasun txikiagoarekin etorri... Baina pandemia aizkorakada bat izan zen elkarte askorentzat, eta kalte handia egin zien. Gehienak ez ziren lokalera itzuli; baten batzuk bai, puntualki, baina, dagoeneko, batere ez.