Uribeko Mendiak Jagon taldea sortu dute Uribe Butroen, parke eolikoen proiektuari aurre egiteko

Herriz herri aurkezten ari dira plataforma, eta mobilizazioak egiten hasiko dira proiektua eten dadila eskatzeko.

Sollube
Sollube mendia, artxiboko irudi batean. BIZKAIKO HITZA
Olatz Enzunza Mallona.
2024ko ekainaren 23a
05:00
Entzun

EAEko aldizkari ofizialean jakinarazi dutenez, enpresa batzuk interesa dute Uribe Butroen lau proiektu eoliko abiarazteko. Guztira, hogei haize errota jartzeko asmoa dute —Sollube mendian zazpi, Jata mendian zortzi eta Ermua mendian bost—, baina hainbat herritar ez daude ados: proiektua eteteko eskatu dute, eta Uribeko Mendiak Jagon herri plataforma sortu dute hori lortzeko. Mobilizazioak egiten hasiko dira aurki.

Plataformako kideek duela sei hilabete inguru izan zuten proiektuaren berri, Iñigo Prada taldeko kideak kontatu duenez: «Egoera berean dauden beste eskualde batzuetako herritarrek buletina irakurtzeko ohitura hartu dute, eta hala izan dugu proiektuaren berri». Ordutik, baina, informazioa eskuratzeko «arazo handiak» izan dituztela dio, eta, oraingoz, ez dute berri askorik jaso: «Enpresek azpiproiektutan banatzen dute makroproiektua, baina, berez, proiektu bakarra da dena».

«Autokontsumorako edozein proiektu sustatzeko eskatzen dugu; izan ere, halako proiektu handien bitartez ez dira herritarren beharrizanak asetzen, industriarenak baizik».

IÑIGO PRADAUribeko Mendiak Jagon plataformako kidea

Pradak adierazi duenez, berrehun metrotik gorako haize errotak jarri nahi dituzte eskualdean, eta horrek «mota askotako ondorioak» ekarriko ditu: «Aerosorgailu batetik bestera kableak sartu beharko dira lurpetik, eta, horretarako, mikroleherketak egin beharko dituzte; gerora, elektrizitate hori guztia azpiestazio batera eraman beharko da; goi tentsioko kableak jarriko dituzte, herrietatik eta etxebizitzetatik oso gertu…». Eta horrek «hainbat arrisku» ekarriko dizkie herritarrei. Zarata da kalte horietako bat, baita paisaiaren eraldaketa ere. «Gorlizko Ermua mendiak, esaterako, berrehun metro ditu, eta haize errota berrehun metro garai da. Mendiaren garaiera bera izango du haize errotak»

Herritarrak erdigunean

Proiektu horri aurre egiteko alternatibak proposatu ditu Uribeko Mendiak Jagon plataformak. «Halako proiektuek herritarren beharrizanak ase behar dituzte, haiek egon behar dute erdigunean», nabarmendu du Pradak. Plataformaren hitzetan, energia komunitateak izan daitezke egoerari irtenbidea emateko aukeretako bat: «Finean, autokontsumorako edozein proiektu sustatzeko eskatzen dugu; izan ere, halako proiektu handien bitartez ez dira herritarren beharrizanak asetzen, industriarenak baizik».

Oraingoz, herririk herri dabiltza plataforma aurkezten, baina, horren ostean, ez dute geldirik egoteko asmorik. «Herritarrek eskualdeko egoera zertan den ulertzea nahi dugu, kontzientziak piztea, eta, hori lortu ostean, mobilizazioak egiten hasiko gara».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.