Uribe Kostan azpiegitura berrien ordez garraio publikoa indartzeko eskatu du Jauzik

Sopela eta Plentzia artean metroa sarriago pasatzea eskatu dute, eta autobus zerbitzua hobetzea. Bat egin dute Itsasadarreko tunelaren aurka bihar Bilbon izango den manifestazioarekin.

Ibarbengoako metro geltokiko aparkalekuaren aurkako protesta, 2020an, Getxon. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Getxoko Ibarbengoako metro geltokiko aparkalekuaren aurkako protesta, 2020an. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
2025eko otsailaren 7a
05:00
Entzun

Getxoko Itzubaltzeta ingurua eta Ezkerraldea lotuko dituen itsasadarraren aurkako manifestazioa egingo dute bihar, Bilbon —17:00etan Arriaga plazan—, Subflubiala Ez plataformak deituta. Hainbat eragilek egin dute bat, besteak beste, Uribe Kostako Jauzi Ekosozialak. Jauziko kideek eskatu dute diru publikoa halako azpiegitura berri eta «erraldoietara» bideratu ordez, eskualdeko garraio publikoa indartzera bideratzeko. Jauzikoen ustez, eskualdeko mugikortasuna jasangarriagoa izateko, funtsezkoagoa da garraio publikoa indartzea, tunela eraikitzea baino.

Jauziko kide Aritz Landetaren arabera, horrelako azpiegiturek autoa erabiltzea sustatzen dute. Gainera, nabarmendu du Uribe Kostako biztanleak, batez ere, Bilbora eta Txorierrira joaten direla. Beraz, ez du uste Ezkerraldearekin lotuko duen tunelak eskualdeko herritarren premiei erantzuten dienik: «Logika komertzial bati erantzuten dio azpiegitura horrek. Ezkerraldean gune logistikoak sortzen ari dira, eta hango kamioiei mugikortasuna erraztea du helburu, besteak beste».

Jauzi Ekosozialeko kideen esanetan, Uribe Kostan populazioa haziz joan den arren, garraio publikoaren zerbitzua ez da hobetu. «Gure eskualdean daukagun arazoetako bat da Sopelatik Plentziara arte metroaren linean dauden udalerriek oso maiztasun txikia daukatela, eta Bilboko Metroak jartzen duen aitzakia erabiltzaile kopurua da», nabarmendu du Landetak. Tarte horretan, gaur egun, hogei minutuan behin pasatzen da trena. Inguruko udalek, ostera, hamahiru minutuan behin pasatzea gura dute, eta hori eskatu diote Bizkaiko Garraio Partzuergoari. Sopela, Plentzia eta Urdulizko udalek lortu dute ordu jakin batzuetan maiztasuna handitzea. Landetak ez du uste hamahiru minutukoa maiztasun «ideala» denik, baina erantsi du gaur egun posible den denbora tarterik txikiena horixe dela, eremu horretan trenbide bakarra egoteak oztopo teknikoak sortzen baititu. Horregatik, inbertsioak egin eta azpiegitura hobetzeko eskatu dio Jauzik Bilboko Metroari, maiztasuna ahalik eta handiena eskaini ahal izateko.

«Logika komertzial bati erantzuten dio azpiegitura horrek. Ezkerraldean gune logistikoak sortzen ari dira, eta hango kamioiei mugikortasuna erraztea du helburu»

ARITZ LANDETAUribe Kostako Jauzi Ekosozialeko kidea

Landetak salatu du garraioa kudeatzen duten erakundeek erabilera jartzen dutela zerbitzua ez hobetzeko aitzakia moduan. «Seguru nago metroaren maiztasuna hobetuko balute jende gehiagok hartuko lukeela. Gauza bera gertatzen da Getxon: hiri barruko autobus zerbitzurik ez duen inguruko udalerri handi bakarra da, udalak esaten duelako ez dagoelako eskaerarik. Seguru nago jarriko balute erabiliko litzatekeela».

Ereduen talka

Metrorik ez duten eskualdeko herriak garraiobide horrekin hobeto lotu beharko liratekeela ere esan du Landetak. Barrikak eta Lemoizek autobus bakarra dute orduero metro geltokira joateko. «Kontua da nola antolatzen ditugun loturak. Agian ez da zentzuzkoa orduero autobus bat egotea Areetatik Lemoizera joateko, baina bai Lemoiztik Plentziako metro geltokira sarriago joango den autobus bat jartzea» ohartarazi du.

Hirigintzak ere garraio eredua baldintzatzen du, Jauziko kidearen arabera. «Uribe Kostan urbanizazio asko daude, txaletak, zerbitzu asko ez dituzten auzoak, lo herriak —esaterako, Berango—... Eredu hori dela-eta, halabeharrez hartu behar da autoa, eta are gehiago garraio publikoa ez bada behar den bestekoa. Horregatik, auto gehiago erabiltzen da gurean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.