Uribe Kostak mendekotasunak prebenitzeko plana indartu du

2024-2028ko aldirako planak betiko adikzioak eta berriak izango ditu aintzat, substantziak izan edo mendekotasuna sortzen duten jokabideak izan. Eskolan, familietan eta komunitatean garatzeko jarduerak bildu dituzte plan berrian.

Apustu etxe bat, Bilbon, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Apustu etxe bat, Bilbon, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
irene baranano
2024ko urriaren 26a
05:00
Entzun

Betiko adikzioei eta mendekotasuna sortzen duten substantzia eta jokaera berriei aurre egiteko plan berria adostu dute Uribe Kostako Mankomunitateko udalerriek. Osasuna sustatzeko eta adikzioak prebenitzeko plana izena jarri diote proiektuari, eta 2024-2028ko aldia hartuko du. 2014tik indarrean izan dutena ordezkatuko du. 

Lehenengo plana 1997an sortu zuten. «Ordutik egon den aldaketarik nabarmenena izan da osasuna erdigunean jartzea. Osasun arazoak prebenitzeko, eta autokontzeptua, emozioak eta arazoak konpontzeko gaitasunak lantzea», esan du Jurdana Apraizek. Hura da adikzioak prebenitzeko eta osasuna sustatzeko mankomunitateko zerbitzuko teknikaria, eta plana hainbat profesionalekin batera osatu du. Besteak beste, ikastetxeetako zuzendaritzako eta orientazio taldeko kideek hartu dute parte, baita eskualdeko farmazietako langileek, lehen arretako mediku eta erizainek, oinarrizko gizarte zerbitzuetako profesionalek eta guraso elkarteek ere. Horrez gain, telefono bidezko elkarrizketak egin dituzte Uribe Kostako Mankomunitatea osatzen duten zazpi udalerrietako herritarren artean. 

Mankomunitateak plan horrekin lortu nahi duena da portaera osasungarriak sustatzea, eta substantzien kontsumoak eta mendekotasuna sortzen duten jokabideen ondorio negatiboak «desnormalizatzea» eta «murriztea», Apraizek jakinarazi duenez.

«Aldaketarik nabarmenena izan da osasuna erdigunean jartzea; osasun arazoak prebenitzeko, eta autokontzeptua, emozioak eta arazoak konpontzeko gaitasunak lantzea»

JURDANA APRAIZ Adikzioak prebenitzeko eta osasuna sustatzeko Uribe Kosta Mankomunitateko teknikaria

Adikzioen kontuari modu integralean heldu nahi diote, eta iruditzen zaie bereziki garrantzitsua dela plan berria «tresna dinamikoa» izan dadila, gizarte premia berrietara egokitu dadin. Adikzio berriak sortu ahala, horiei erantzuteko plana sortu dute, hala nola apustu jokoak, vaper-ak eta mendekotasuna sor dezaketen gai berriei aurre egiteko egokitu daitekeena. 

Ardura kolektiboa 

Plana aurrera ateratzeko, hainbat jarduera programatu dituzte. Hiru eremutan gauzatuko dituzte: eskoletan, familian eta komunitatean. Eskoletan, haurrekin, nerabeekin eta irakasleekin, hainbat gai landuko dituzte tailerren eta baliabide didaktikoen bitartez: drogen kontsumoa, sexu osasuna, joko eta apustuekiko mendekotasuna, elikadura osasungarria eta teknologia berrien erabilera arduratsua, esate baterako. 

Familientzako baliabideak ere hartzen ditu barne planak; besteak beste, familia topaketa, hitzaldiak, Guraso Eskola programa, mendekotasunetan berezitutako aholkularitza eta seme-alaben heziketarekin lotutako orientazio zerbitzua. 

Era berean. komunitatean lan egiteko jarduerak prestatu dituzte, mankomunitateko norbanakoekin, eragileekin eta erakundeekin batera lan egin eta sare sortzekoak. Zehazkiago, ostalariei eta jai batzordeei bideratutako programak eta prestakuntza jarduerak prestatu dituzte, tabako dendei eta joko aretoei zuzendutako sentsibilizazio kanpainak, eta herritarrei —batik bat, adingabekoei— zuzendutakoak. Jarduera horien artean daude, kasu baterako, adin guztietarako jarduera fisikoa sustatzea, herrietako jaietan prebentzio materialak banatzea eta droga mendekotasunen kontrako tratamenduei buruzko informazio zerbitzua. 

Adikzio berriak 

Psikofarmakoen kontsumoaren goranzko joerarekin arduratuta daudela aitortu du Apraizek. Lo egiteko pilulen eta farmako lasaigarrien kontsumoa asko ugaritzen ari da, teknikariak dioenez, eta, «bereziki, kezkagarria da emakumeetan». Hori dela eta, Emakumeak eta psikofarmakoak izeneko programa abiatu dute. 

Jokoa, apustuak eta pantailak dira, oro har, Uribe Kostako adikzioak prebenitzeko zerbitzuak jomugan dituen beste adikzio mota batzuk. «Alkoholaren edo tabakoaren kontsumoa, adibidez, azken urteetan ez da jaitsi, baina igo ere ez, baina apustuena beste kontu bat da: gero eta gazte gehiago eta gazteago hurbiltzen dira apustuetara, eta horrek beldurtu egiten gaitu». 

Mendekotasunekin lan egitea ere badago planean jasota, baina erronka nagusia prebentzioa dela adierazi du Apraizek. Gainera, zehaztu duenez, orain, mendekotasuna sortzen duten jokabideetan begirada jarri beharko du prebentzioak; «izan ere, orain arte, substantziekiko adikzioen prebentzioa landu den eta lantzen jarraitzen den fenomenoa da». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.