Proposamena: 'Dolu perinatala ikusaraziz' erakusketa

Ukatutako doluaren erakusgarriak

Nerea Garaizar argazkilariak duela hiru urte ekin zion dolu perinatalaren inguruko proiektuari. Sortu zuenetik, Euskal Herrian eta Katalunian erakutsi ditu argazkiak. Orain, Elorrioko Iturri kultur etxean daude ikusgai.

Dolu perinatalari ikusgarritasuna emateko erakusketako Nere Garaizarren argazkietako bat. Esku Hutsik elkarteak antolatu du. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Nerea Garaizarren argazkietako bat, Elorrioko kultur etxean, Esku Hutsik elkarteak antolatutako erakusketan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
iraia vieira gil
2025eko otsailaren 28a
05:00
Entzun

«Dolu perinatalari aurre egin behar izan diogun familia guztiok sentipen bera dugu: gizarteak ukatutako dolua bizi izan dugu», aitortu du Nerea Garaizar argazkilariak. Uneak argazki estudioko jabea da Garaizar, eta amatasunarekin, haurtzaroarekin eta familiarekin zerikusia duten gaiak jorratzen ditu. «Argazkilari perinatala naiz: haurdunaldi, erditze eta erdiondoko argazkiak egiten ditut nagusiki», zehaztu du. Duela hiru urte, dolu perinatalari buruzko proiektu berezi bati ekin zion, eta Getxon aurkeztu zuen. Dolu perinatala ikusaraziz izeneko erakusketan, hogei argazkitan bildu zituen dolu perinatalari aurre egin dioten hainbat familiaren erretratuak eta testigantzak, «kontu handiz». Eragin handia izan zuen gizartean, eta, ordutik, Euskal Herrian eta Katalunian erakutsi ditu lanak. Orain, lan horiek Elorrioko Iturri kultur etxean daude ikusgai, eta gaur izango da lan horiek ikusteko azken eguna. Apirilean, Ordiziara (Gipuzkoa) eramango du erakusketa Garaizarrek.

Esku Hutsik jaioberritan edo jaio eta gutxira hil diren haurren dolua egiten laguntzeko elkarteak antolatu du erakusketa. Elkarteko kide da argazkilaria, eta hango familia batzuek proposatuta ekin zion dolu perinatalari buruzko argazkiak ateratzeari. «Amatasunarekin lotutako argazki gehienetan jaioberriak eta pozarren dauden amak ikusten ditugu. Nik haur bat galdu duten emakumeen irudiak bildu nahi nituen. Horretan ere badatza amatasuna». Garaizarrek berak behin baino gehiagotan egin behar izan dio aurre dolu perinatalak eragiten duen saminari, eta horrek argazki saioetan familiekin egin beharreko lana erraztu dio: «Familiek bizitako sentimenduak neure azalean bizi izan ditut, eta horrek komunikazioan lagundu dit. Zaila izan arren, ezinbestekoa da haur bat galdu duten familiek euren esperientziak kontatzea». Bizipen horiek entzunda, egoeraren gogortasuna islatzeko aukera izan du.

Argazkietan erabilitako teknikari dagokionez, denboraren garrantzia aipatu du Garaizarrek: «Presarik ez izatea ezinbestekoa izan da proiektu hau garatu ahal izateko». Izan ere, argazkiak ateratzen hasi baino lehen, argazkilariak gogoko du familiekin hitz egitea eta bakoitzak bizitako esperientziaren berri jakitea, baina, batzuetan, ez da erraza. «Saioa hasi eta eroso sentitzen direnean, haurra galdu aurretik izandako bizipenak kontatzeko eskatzen diet: lagungarria da jakitea haurdunaldia zelakoa izan zen edota umearentzako nolako gauzak zituzten prestatuak». Horrek alde bietako lana errazten du: «Ezagutzen ez duzun norbaiten argazkiak egitea oso lan hotza izaten da batzuetan. Konfiantzazko giroa sortu beharra dago, eta, halakoetan, hori ez da berehala sortzen». Familietako batzuek jaio eta gutxira galdu dute umea, eta amak jaioberriari bularra ematen zioneko oroitzapenak ditu oraindik gogoan. «Oso lan delikatua da».

«Arazoa da ez dela erraza haur bat galdu duzula kontatzea. Baina zuri gertatu zaizula jakinarazten duzunean, orduan onartzen dute beste emakume batzuek prozesu bera bizi izan dutela»

NEREA GARAIZAR Argazkilaria

Garaizarrek ateratako argazkiez gain, irudietako protagonisten esperientziak jasotzen dituzten testu poetikoek eta gutunek osatzen dute erakusketa. «Haiekin lanean hasi nintzenean, dolu perinatalari aurre egiteak eragiten zizkien sentimenduak idazteko eskatu nien», esan du. Bakoitzak bere modura bete zuen argazkilariak eskatutako lana: «Euren bizipenak zuzenean kontatu zituzten batzuek, galdutako seme-alabei gutunak idatzi zizkieten beste batzuek, eta poema sakon bat idatzi zuen ama batek». Poema hori erakusketaren oinarri bilakatu zen. «Familia guztien esperientziak eta dolumina islatzen ditu poema horrek, eta, horregatik, zati batzuk zenbait argazkiren esanahiekin lotzea erabaki nuen», kontatu du argazkilariak. «Eta argazki oin itxura eman nien».

Alde horretatik, Garaizarrek jasotako testigantza guztietan eta berak bizitako esperientzian, badago etengabe errepikatzen den sentimendu bat: ulertua ez izatearen mina. «Gurasoak hiltzen zaizkizunean, esaterako, jendeak badaki zer esan, doluminak ematen dizkizu», azaldu du argazkilariak. «Baina inork ezagutu ez duen ume bat galtzen duzunean, aski desberdina da. Esaldi mingarriak entzun behar dituzu behin eta berriz: 'natura jakintsua da', 'hobe orain eta ez geroago'... Beste edozein egoeratan ez zenituzke horrelako esaldiak entzungo». Ateratako argazkien bitartez, enpatia sentiarazi nahi die Garaizarrek ikusleei, eta dolu perinatalari ikusgarritasuna eman. «Garrantzitsua da gure azalean jar daitezen, edonori gerta ahal baitzaio».

Argazkilariak emandako datuen arabera, zehazki, haurdunaldien %25 behar baino lehenago amaitzen dira. Beraz, horrek esan nahi du guztiek ezagutzen dutela dolu perinatalari aurre egin behar izan dion norbait. «Arazoa da ez dela erraza haur bat galdu duzula kontatzea. Baina zuri gertatu zaizula jakinarazten duzunean, orduan onartzen dute beste emakume batzuek prozesu bera bizi izan dutela».

'Aitatxo' dokumentala

Haurdunaldian zehar edota erditu eta gutxira haur bat galtzeak eragiten dituen zauriak sendatu ahal izateko, nork bere esperientzia konpartitzea ezinbestekoa dela uste du Garaizarrek. Horregatik, argazki erakusketaren osagarri, Esku Hutsik elkarteak dolu perinatalaren inguruan aritzeko mahai inguru bat antolatu zuen aurreko astean. Osasun arloko hainbat profesionalek, argazkietan irudikatutako familien testigantzek eta argazkilariak berak bat egin zuten solasaldian. «Oso polita izan zen», aitortu du Garaizarrek. Izan ere, uste du halako ekitaldiak lagungarriak direla dolu perinatalari buruz dagoen tabua amaitzeko, besteen esperientziak entzuteak norberaren istorioa kontatzeko bidea irekitzen baitu. «Oraingo honetan, gainera, hainbat gizon etorri ziren entzutera, eta oso hunkigarria izan zen ikustea haiek ere prest daudela halakoetan parte hartzeko».

(ID_14713931) (Oskar Matxin Edesa/@FOKU) 2025-02-24, Elorrio. Dolu perinatala ikusaraziz erakusketa zabaldu du Esku Hutsik elkartea...
Dolu perinatalari ikusgarritasuna emateko Nerea Garaizarren erakusketako argazki eta testigantzetako bat. Esku Hutsik elkarteak antolatu du. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Dolu perinatalari aurre egiteko prozesuan aiten rola bigarren mailan geratzen dela azpimarratu du Garaizarrek. «Errazagoa da emakumeen sufrimendua ikustea, haiek geratzen baitira haurdun, eta, beraz, haiek jasaten baitituzte hormonen aldaketak». Baina gizonek ere ardura handia dute, Garaizarren arabera: «Haur bat galtzeak eragiten dituen sentipenei aurre egin ez ezik, bikotekidearen eta gainerako seme-alaben sostengu izan behar dute askotan».

Gizonek dolu perinatalean dituzten esperientziak ezagutarazteko, Aitatxo dokumentala ekoizteko asmoa du Anakotz Lasarte Esku Hutsik elkarteko kideak. Bere esperientzia pertsonalean oinarrituko da, eta horrelako galerak bizi izan dituzten familiei laguntzea izango du helburu nagusi. Garaizarren ustez, berak egindako argazki erakusketa bezala, halako proiektuak ere «beharrezkoak» dira. «Maskulinitatearen eta aitatasunaren gaiak ere jorratuko ditu, eta hori oso interesgarria da». Oraingoz, gidoia besterik ez dute prestatu, ekoizpenak 6.000 euroko kostua du eta. Dirua biltzeko,finantzaketa kolektibo bat jarri dute martxan, Verkami plataforman. Martxoaren hasierara arte dago dohaintzak egiteko aukera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.