Udalen itsulapikoak arrakalak ditu

Bizkaiko udalek aurten jasotako diruaren ia %4 itzuli beharko diote Udalkutxari, likidazioaren arabera. Finantzatzeko modua aldatzeko premia ikusten dute alkateek.

Bizkaiko Finantzen Kontseiluaren bilera, urriaren 17an, Bilboko foru jauregian. BIZKAIKO HITZA
Bizkaiko Finantzen Kontseiluaren bilera, urriaren 17an, Bilboko foru jauregian. BIZKAIKO HITZA
Ibai Maruri Bilbao.
2024ko azaroaren 9a
05:00
Entzun

Urriaren 17an bildu zen Bizkaiko Finantzen Kontseilua, aurtengo diru bilketaren errepasoa egiteko eta datorren urterako aurreikuspena egiteko. Hilabetez hilabete, Foru Ogasunak esan izan du datuak onak direla, aurreikuspenak betetzen ari direla. Behin betiko datuak otsailean jakingo dira, baina aurten diputazioak mutualitateetan kotizatu zuten pentsiodunei egin beharreko itzulketek eragina izango dute udalei dagokien diru sortan ere: haiek finantzatzeko erabiltzen den Udalkutxa foru funtsaren likidazioa negatiboa izango da. Udalek 40.895 milioi euro itzuli beharko dituzte otsailetik aurrera; hau da, jaso dutenaren %3,74.

«Ez da katastrofe bat, baina eragina izango du», ohartarazi du Otxandioko alkate Egoitz Garmendiak (EH Bildu). Otxandioko Udalak 56.800 euro itzuli beharko ditu, lehen kalkuluen arabera. Urtean inbertsioetarako 250.000 euro izaten ditu Otxandioko Udalak, diru laguntzak kontuan hartu barik. Beraz, igarriko dute. Durangokoak ere 893.000 euro bueltatu beharko ditu. «Kopuru handia da guretzat. Gure planak egokitzera behartuko gaitu. Gauza batzuk atzeratu beharko ditugu. Baina horrek ez du esan nahi ez ditugunik egingo. Beste modu batean planifikatu beharko dugu», azaldu du Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak (EAJ).

Udal bakoitzaren egoera ezberdina da. Durangok eta Otxandiok finantza egoera ona dute, eta, alkate biek esan dutenez, ez dute zailtasunik izango dirua itzultzeko. Baina beste batzuetan kolpea handiagoa izan daiteke. Zenbat eta udal txikiagoa, Udalkutxarekiko mendekotasun handiagoa izaten dute. Denentzat izaten da Udalkutxa iturri nagusia, baina zenbat eta udal handiagoa izan, zerga eta tasa gehiago dituzte.

«Udalkutxak urte askoan mesede egin dio Bilbori, eta hiriburu indartsu bat izateko balio izan du horrek. Baina orain bada garaia herrialdeko gainerako herriak indartzeko»

MIREIA ELKOROIRIBEDurangoko alkatea

Azken urteetan diru bilketak gora eta gora egin duenez, urte oparoak izan dituzte udalek. Baina estualdiak ere izan dituzte. 2008ko krisialdi ekonomikoaren ondoren, hainbat urtez dirua itzuli ezinik ibili ziren. Azken urteetan, bada, udalen finantzaketa eztabaida gaia da. Foru aldundia eta Eudel badabiltza proposamen bat prestatzen. Interes talka handia dago, baita alderdi bereko alkateen artean ere. Elkoroiriberen esanetan, dirua banatzeko irizpideak aldatu beharko lirateke. «Udalkutxak urte askoan mesede egin dio Bilbori, eta Bizkaian hiriburu indartsu bat izateko balio izan du horrek, harro egoteko modukoa. Baina orain bada garaia herrialdeko gainerako herriak indartzeko».

Durangoren eta gainontzeko eskualde buruen adibidea ipini du Elkoroiribek: azaldu duenez, Bilbok bizkaitarrei bezala, Durangok ere Durangaldeko herritarrei zerbitzuak eskaintzen dizkie. «Gure zerbitzuak eskualde osoko herritarrek erabiltzen dituzte, baina durangarren zergekin ordaintzen dira. Eskualdeko herri txikientzako zerbitzuak ematen ditugu, baina gastua gure gain hartzen dugu». Durangoko alkateari iruditzen zaio hori ere kontuan hartu beharko lukeela Udalkutxak.

«Oro har, finantzaketari dagokionez, erakunde publikoak ez gaude prestatuta datorren hamarkadan izango ditugun erronkei erantzuteko»

EKAITZ GARMENDIA Otxandioko alkatea

Beste arlo bati ere erreparatu dio Elkoroiribek: udalek gero eta zerbitzu gehiago eskaintzen dituzte, gastu gehiago dituzte, baina Udalkutxa ez da maila berean hazten, hazten den urteetan. Esan duenez, udalak saiatzen dira beste diru iturri batzuk lortzen, baina ez dira nahikoa izaten. Esaterako, Durangon orain industria jartzeko ahaleginetan dabiltza, diru iturri ona izan daitekeelakoan.

Otxandioko alkateak ere antzeko diagnostikoa egin du. Horregatik uste du aldaketa ez dela etorri behar Udalkutxako dirua banatzeko irizpideak berrituz bakarrik. «Ez udalak bakarrik; oro har, finantzaketari dagokionez, erakunde publikoak ez gaude prestatuta datorren hamarkadan izango ditugun erronkei erantzuteko: trantsizio energetikoa, biztanleriaren zahartzeak ekarriko duen zaintza premia... Inbertsioa asko haziko da, eta udalok epe erdira ez dugu izango dirurik».

Gainera, Garmendiak ohartarazi du diputazioaren diru laguntzen «oso mende» daudela: «Hamarkada batean zenbat diru jasoko dugun jakin barik, ezin dugu plangintzarik egin. 5-10 urtean zenbat diru izango dugun jakin behar dugu». Uste du hori diputazioarekin adosteko modua egon beharko litzatekeela, urtez urte zer etorriko den zain egon beharrean. Diru sarrerak handitu ahal izateko zerga erreforma sakon eta progresibo bat beharko dela ohartarazi du. Urtea bukatu aurretik, Bizkaiko Foru Aldundiak zerga politika berritzeko proposamen bat eroango du Batzar Nagusietara.

Helburuak ezarrita

Datorren urtean %3,4 haziko da Udalkutxaren funtsa, eta udalak hasi dira aurrekontuak prestatzen. Durangok jada aurkeztu du berea. Elkoroiribe alkatearen esanetan, durangarren bizi kalitatea hobetzea izango dute lehentasuna. Besteak beste, kirol azpiegiturak hobetuko dituzte, nagusien zentroa irisgarriago egingo dute, Plateruena kulturguneari bultzada bat emango diote, Merkatu plaza zaharberrituko dute, eta argiteria berrituko dute.

Otxandion oraindik kontuak egiten dabiltza, baina Garmendiak jakinarazi duenez, bi lehentasun izango dituzte: trantsizio energetikoa eta zaintza. Herrian sortu den komunitate energetikoko kide da udala, eta alkateak iragarri du lehen azpiegitura eraikitzeko inbertsio handia egin beharko dutela. Gizarte zerbitzuen eta etxez etxeko arretaren aurrekontuak ere handituko dituztela esan du. Gainera, adinekoentzat proiektu bat sortu gura dute, eta hori probatuko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.