Nico Cuenca

Udalarekin, girorik ez

2024ko apirilaren 5a
05:00
Entzun

Heldu da eguna, final handiaren atarian gaude! Herriaren opioa omen da futbola batzuentzat, eta beste askok erlijiotzat dute. Ez dut uste nire kasua denik. Txiki-txikitatik izan naiz athleticzalea, eta aitari esker egin nintzen bazkide, duela 25 urte inguru. Jarrera muturrekoak, baina, ez ditut gustuko, eta futbolaren inguruan sortu diren eskandaluzko zifra eta soldatekin oso kritikoa naiz. Baina ezin uka fededun zuri-gorria banaizela, hein handi batean. Taldearen liturgiari txintxo-txintxo jarraitzen diot katedralera noan bakoitzean, eta ereserkia ozen kantatzen dut partida aurretik. Herritik sortu zelako maite du herriak Athletic, eta, hori gutxi balitz bezala, haritz zaharraren enborrak loratu du orbel berria. 

Azken zati honek apur bat kezkatzen nau, egia esan. Bilboko itsasadarrera ematen du nire etxeak, eta dagoeneko badut lagunen itxaron zerrenda gabarraren ospakizuna nire balkoitik ikusteko. Kontua da etxe parean zuhaitzak badirela. Ez dira haritzak, baina loratzen hasi dira, eta ez dakit apirilaren 11rako gabarra behar den moduan ikusteko modurik izango dugun. Nago Bilboko alkate jauna deustuarra izanda keinuren bat izango duela athleticzale tomateroekin, eta zuhaitzak kimatuko dituela, hostoak moztuz. Azken batean, udalak ez zuen inongo arazorik izan Agirre Lehendakariaren etorbideko zuhaitz historikoak mozteko, apenas gerizperik ematen ez duten beste txikiago batzuk jartzeko, estetikaren aitzakiarekin.

Herri eta auzo elkarteetan ibili garenok ondo dakigu zelako trabak jartzen dizkien udalak herri ekimenei. Enpresa handien ekitaldi erraldoiekin, ordea, trabarik ez.

Badakit gabarra baino lehenago biharko hitzordua dugula, eta Mallorcaren aurka irabazi behar dugula. Urduri nago, ez pentsa. Urduri bezain itxaropentsu, hori bai. Tipo baikorra naiz berez. Sevillako finalera joateko sarrera lortuko nuelakoan nengoen, itxaropentsu, eta, azkenean, Bilbon ikusi behar; pozik, halere. Orain arteko finalak bizitzeko Valentzia, Madril edo Bartzelonara joan izan naiz. Aurten, ordea, Bilboko giroan murgilduko naiz, udalak uzten badigu, behinik behin. Aurreko astean jakin genuen Indautxuko tabernariek kalez kale ibiltzen diren abesbatza ibiltari horietako bat kontratatu zutela, musika ekipoa eta guzti finalaren aurretik giroa berotzeko. Plan ezin hobea! Hori ez zen izan udalari merkatari, auzo eta bestelako elkarteetatik egindako eskaera bakarra. Bestelakoak ere egon ziren: haurrei aurpegia margotzeko postuak, umeentzako jolasak, musika zuzenean… 

Dena prest zegoen Bilbo osoa festa handi batean murgiltzeko. Proposamenak bazeuden, eta gogoa ere bai. Baina gureak egin du. Bilboko Udalak horrelako ekimenetarako baimen guztiak ukatu ditu, telebista pantaila erraldoienak izan ezik. Zergatia ez dut ezagutzen. Baliteke segurtasun arrazoiak egotea erabakiaren atzean, baina arraro egiten zait. Herri eta auzo elkarteetan ibili garenok ondo dakigu zelako trabak jartzen dizkien udalak herri ekimenei. Enpresa handien ekitaldi erraldoiekin, ordea, trabarik ez. Horiekin prest egoten da udala kaleak mozteko eta espazio publikoa ekimen pribatuaren esku uzteko. 

Biharkoa egun aproposa zen auzoetako merkatari eta tabernarien eskutik antolatutako proposamenez gozatzeko, kaleak zuri-gorriz zipriztindu eta hiria girotzeko. Eguraldi ona iragarrita dago, gainera. Beste batean izan beharko du, ordea. Debekuak debeku, guk sortuko dugu Bilbon giroa, eta itzela izango da! Udalaren esku balego… girorik ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak