Ez da aurreneko urratsa izan. Azaroan, Bilboko Udalak jakinarazi zuen ez zuela erabilera turistikorako etxebizitzen lizentzia gehiagorik onartuko urtebetez. Datorren osteguneko udalbatzarrean, Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean (HAPO) aldaketak egingo ditu etxe eta logela turistikoen lizentzia berrien baldintzak zorrozteko asmoz. Joan den asteko martitzenean esplikatu zituen xehetasunak Asier Abaunza Hiri Plangintzako, Proiektu Estrategikoetako eta Espazio Publikoko zinegotziak. Haren hitzetan, hiriaren garapen orekatua bermatzeko erabaki bat izan da, eta Iñaki Etxarri Zazpikaleetako Bihotzean auzo elkarteko kidearen ustez, erabaki horiek aintzat hartuta, etorkizunean neurri gehiago etorriko dira. Haren esanetan, ez udalaren borondatez, baizik eta ezinbestean, beste hiri batzuetan gertatzen ari dena ikusita eta bizilagunek bultzatuta. Bien bitartean, Etxarrik pozik hartu du azken aldaketa. «Gure eskaerek eta gure borrokek fruitua izan dute. Udala behartu dugu; iruditzen zaigu gogoz kontra hartutako erabakiak direla», nabarmendu du.
Ikusi gehiago
Udalak etxebizitza turistikoen eskakizun berak aplikatuko dizkie logela turistikoei; izan ere, jabe batzuek logelak alokatzen dituzte etxebizitzek bete beharreko baldintzei izkin egiteko. Hemendik aurrera, ordea, jarduera ekonomikotzat joko dira biak ala biak —orain arte, logela turistikoak etxebizitza erabileraren barruan sartuta zeuden—. Bilbo osoan ezarriko da irizpide hori. Horrez gain, udalak barrutiz barruti aztertu du egoera eta neurri gogorragoak ipini ditu turismo kontzentrazio handia duten eremuetan, hau da, Zazpikaleetan, Bilbo Zaharrean, Matikon, Abandon, Indautxun eta Olabeagan. Barruti horietan, etxebizitza erabilera duten eraikinetan, beheko solairuan baino ezingo dira kokatu etxebizitza edo logela turistikoak —Zazpikaleetan, lehenengo solairuan—, sarrera independentea eta irisgarria izan beharko dute, eta eraikin bakoitzeko bakarra egon ahalko da.
Bilboko gainerako barrutietan, solairu baxuenean egon beharko dira, baina kopurua ez dago mugatuta: solairuan dauden etxebizitza adina turismo ostatu egon ahalko dira. Sarbide irisgarria izan beharko dute, baina ez independentea.
«Berandu» heldu dira
Bihotzean auzo elkarteak antzeko neurriak eta beste batzuk eskatu zituen iazko maiatzeko mozio batean, eta Etxarrik gogoratu du udalak «alarmista» deitu ziela. «Esan zigun ez zegoela inolako arazorik etxe turistikoekin eta dena kontrolpean zuela». Urte erdi bat geroago, eta turistentzako lolekuak aztertu ondoren, udalak jakinarazi du turistek ostatu hartzeko leku gutxiago dituela Bilbok biztanle bakoitzeko EAEko beste udalerri batzuek baino, baina erabilera turistikoko logelen eta, batez ere, etxebizitza turistikoen «hazkunde handia» egon dela azken urteetan. Hirian dauden loleku guztien %24 dira jada etxe eta logela turistikoak.
Bihotzean auzo elkarteko kidearen irudiko, udalak «utzikeriaz» jokatu du hazkunde horren aurrean. «Alarmista deitzen gintuenean ere, uste dugu ondo zekiela zer arazo sortzen ari zen. Udalak mugak jarri dizkio etxebizitza turistikoen negozioari, nahi beste hazten utzi ostean». Etxarrik salatu du neurriok «berandu» etorri direla. «Jabeek ere bazekiten murrizketak etorriko zirela, eta azken hilabeteetan kontrolik gabe ireki dira etxe turistikoak eta hotelak». Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, Bilboko 1.074 etxebizitzak dute erabilera turistikorako lizentzia; 2023an eta iaz 429 lizentzia eman zituzten.
Bizilagunen parte hartze mugatua gaitzetsi du Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak
Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak positibotzat jo du hiriko HAPOaren aldaketa, baina uste du ez dituela kontuan hartzen «oinarrizko puntu batzuk»; adibidez, ez da mugatu etxebizitza turistikoen kopurua. Hala adierazi zuten asteartean, ohar bidez.
Horrez gain, federazioak txarretsi egin du Bilboko Udalak neurrien berri emateko aukeratu duen modua. Izan ere, eragin handien jasoko duten barrutietako kontseiluetako bizilagunei soilik aurkeztu eta azalduko die aldaketa. Hau da, Uribarri, Ibaiondo, Abando eta Basurtu-Zorrotza barrutietakoei. «Gainera, ez da aztertuko barruti bakoitzeko batzorde teknikoetan; aitzitik, Abando gizarte zentroan zentralizatuko da eztabaida, horrek dakarren edukiera mugarekin». Federazioaren ustez, barruti bakoitzeko bizilagunei parte hartzea eskaini beharko liekete, eta deialdiaren publizitatea egin, mugimendu asoziatiboetara mugatuta gera ez dadin.
Ehunka sarean hausnartzen ari dira ea nola jakinarazi auzokideei neurri berriak, ezagut dezaten zeintzuk diren haien eskubideak. Hemendik gutxira kanpaina bat egiteko asmoa dute.
San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Zabala auzoetako Ehunka sareko kide Marta Etxeandiak bat egin du Etxarriren balorazioarekin. «Auzokideak denbora asko daramagu ondorioak salatzen, eta instituzioak berriro auzokideen beharren eta salaketen atzetik joan dira». Gainera, Etxeandiak aipatu du hartutako neurriek «gabeziak» dituztela. Zulo horietako bat zera da: lizentzia berriei eragiten dietela, baina ez jada jarduera horretan ari diren etxebizitzei eta logelei. Hortaz, konponbidea «desazkundea» dela defendatzen dute auzo elkarteek, eta, beraz, loleku turistiko horiek murrizteko neurriak hartu behar direla. Besteak beste, uste dute lizentziek ez luketela betiko izan behar, maiztasun jakin batekin berrikusi beharko liratekeela —bost urtean behin, adibidez—, eta poliki-poliki guztiei ezarri baldintza berriak.
Era berean, iruditzen zaie HAPOaren aldaketa ez dela eraginkorra izango etxe eta logela ilegalen aurka. Hala, inspekzioak egiteko eskatu du Bihotzean auzo elkarteak, gainontzeko jarduera ekonomikoei egiten dieten bezala. «Inori ez zaio burutik pasatzen taberna batek lizentziarik gabe lan egingo duenik, edo ez duenik ke irteerarik izango, edo ez dituenik legeak ezarritako baldintzak beteko obra bat egiteko orduan», azpimarratu du Etxarrik. Ordea, salatu du etxebizitza turistikoekin hori gertatzen dela, eta iruditzen zaio ulergaitza dela kontrol falta. «Ez dizkie auzokideei bakarrik arazoak sortzen. Jarduera ekonomiko ilegal bat da, gure auzoetan normalizatuta dagoen iruzur bat».
Hotelak ere arazo
Edonola ere, herren geratzen dira etxebizitza eta logela turistikoei soilik eragiten dieten arauak, Etxarriren eta Etxeandiaren azalpenei erreparatuta. Haien irudiko, loleku turistiko oro mugatu beharra dago, hau da, baita hotelak, ostatuak eta apartamentu turistikoak ere. Hain justu, Axel kateak Bilbon hotel bat zabaldu du orain dela gutxi, Mesedeetako kaian, Bilborocken ondoan, turismo kontzentrazio handiko eremu batean. «Lizentzia turistiko guztien moratoria bat eskatzen dugu», esan du Etxarrik. «Auzoz auzo loleku turistiko guztiak azter ditzatela nahi dugu. Zenbat ohe daude turistentzat? Zenbat auzokoentzat? Zein da oreka jasangarria?».
«Jabeek ere bazekiten murrizketak etorriko zirela, eta azken hilabeteetan kontrolik gabe ireki dira etxebizitza turistikoak eta hotelak»
IÑAKI ETXARRIBihotzean Zazpikaleetako auzo elkarteko kidea
Ostatu horiek guztiak «arazo beraren parte» dira, Etxarriren iritziz. «Noski, etxebizitza turistiko batek gertu-gertutik eragiten die auzokoei, gatazka sortuz; izan ere, turistak zuzenean gure etxebizitzetara sartzen dira. Gainera, Alde Zaharrean bloke osoak hotel bihurtzen ari dira, eta horrek ere etxebizitzaren prezioa garestitzea dakar, eta eskaintza murriztea». Bilbo Zaharrean, San Frantziskon eta Zabalan ere aspalditik sumatzen dituzte turismoaren ondorioak, Etxeandiak aletu duenez: alokairuaren prezioa igotzeaz gain, deserrotzea sustatu izan da, eta zuzeneko eragina izan du saltokietan. «Turistei begirako ostalaritza eta komertzioak ari dira irekitzen, eta horrek ez du auzoa bizigarria egiten auzokoentzat». Etxeandiak uste du udalak azterketa bat egin beharko lukeela, ez barrutiz barruti, baizik eta auzoz auzo, atzemateko eremu bakoitzak zer presio turistiko duen orokorrean eta zer komertzio mota behar duen bizigarria izateko.
Bizkaiko Hitza harremanetan jarri da Asovitur Bizkaiko etxebizitza turistikoen elkartearekin, eta hark salatu du halako neurriek euren elkartea «suntsitzea» dutela helburu, baina ez du beste adierazpenik egin nahi izan.
Ondorioak hedatzeko arriskua
Eta kontzentrazio handiko eremuetatik kanpo, zer? Datuei erreparatuta, gainerako barrutietan ere ugaritu egin dira etxe eta logela turistikoak, baina turismoaren eragina oraindik ez da hain sakona. Hala ere, litekeena da udalaren neurriek kalte egitea periferietako auzoei, erdigunekoetan baino baldintza malguagoak ezarri baititu lizentzia berrietarako. Aldaketa iragarri eta berehala, EH Bilduko zinegotzi Karlos Renedok ohartarazi zuen balitekeela gisa horretako ostatuak ugaritzen hastea oraindik tentsio handiko eremu ez direnetan. Bat dator Etxarri: «Alde Zaharrean ez da lizentzia gehiago emango; ezinezkoa da, oso zaila baita baldintzak betetzea. Baina udalak hiri osorako arau berak ezartzen ez dituen bitartean, arazoa beste auzoetara hedatuko da».
«Turistei begirako ostalaritza eta komertzioak ari dira sortzen, eta horrek ez du auzoa bizigarria egiten auzokoentzat»
MARTA ETXEANDIABilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetako Ehunka sareko kidea
Bihotzean auzo elkarteko kidearen esanetan, horrek ez luke Zazpikaleetako «saturazio turistikoa» konponduko, turistek beste eremu batzuetan lo egin arren Alde Zaharra bisitatuko luketelako edozelan ere. «Ez diogu berez negatiboa denik, baizik eta kontrolatu beharrekoa dela». Zazpikaleetan etxebizitzarekin egin den «sarraskia» beste auzo batzuetara orokortzeko arriskua ere ikusten du Etxarrik. «Neurriak bide onean joan arren, iruditzen zaigu udala egiten ari den propaganda gehiegizkoa dela. Orain ez baditu desazkunderako neurriak hartzen, beste edozein neurriren eraginkortasuna oso mugatua izango da», ebatzi du.