Turistek hartua dute auzoa

Bilboko Udalak kaleratutako azken txostenaren arabera, azken bost urteotan zazpi hotel eraiki dituzte Zazpikaleetan, eta %397 baino gehiago handitu da turistei ostatu emateko tokien kopurua. Bihotzean elkarteak turismoa erregulatzeko neurriak eskatu ditu.

(ID_14305500) (Monika del Valle/@FOKU) 2024-10-02, Bilbo. Bilboko Zazpikaleetan irekiko dituzten hotel berrien aurkako protesta
Bilboko Zazpikaleetan hotel gehiago irekitzearen aurkako protesta, asteazkenean, Posta kalean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
iraia vieira gil
2024ko urriaren 6a
05:00
Entzun

«Udalak betidanik ziurtatu du Bilbok ez duela Bartzelonaren edo Donostiaren antza turismo ereduari dagokionez. Eta guk hala izaten jarraitzea nahi dugu, turistifikazioa erregulatzeko neurriak ahalik eta lasterrena hartuz», adierazi du German Urizar Bihotzean Zazpikaleetako auzo elkarteko kideak. Hain zuzen, Bilboko alde zaharrean azken urteotan irekitako alokairu turistikorako bizilekuek eta hotelek bizilagunen egunerokoan eragiten dituzten ondorioak salatzeko protesta egin zuen elkarteak asteazkenean. Besteak beste, esparru publikoak pribatizatzeari uzteko eta auzoaren inguruan hartzen dituzten erabaki politikoetan parte hartzeko «benetako eskubidea» bermatzeko eskatu diote Bilboko Udalari. «Izan ere, [instituzioek] egiten duten guztia turisten onerako pentsatuta dago, eta ez auzoan bertan bizi garenon beharrentzako», salatu du Urizarrek.

Udalak argitaratutako azken txostenaren arabera, zehazki, 7.114 biztanle ditu egun alde zaharrak. Horrez gain, 2.000 turista baino gehiagori ostatu emateko tokia dute auzoko alokairu turistikorako bizilekuek eta hotelek. Horrek esan nahi du, beraz, alde zaharrean bizi diren ehun biztanletatik gutxienez 28 turistak direla. «Alde horretatik, azken bost urteotan zazpi hotel berri eraiki dituzte, eta %397 baino gehiago hazi da turistei ostatua emateko tokien kopurua», zehaztu du Bihotzean auzo elkarteko kideak. «Eta hori guztia, legezkoak ez diren alokairuak kontuan hartu gabe».

Turistifikazio prozesu horrek asko kezkatzen ditu Zazpikaleetan bizi direnak, hainbat arrazoirengatik. «Jasan behar ditugun ondorioen artean, pisuen alokairuen prezioen igoera da nabarmenena. Asko hazi dira prezioak; ez bakarrik alokairuetakoak; eguneroko erosketak ere garestitu egin dira», azaldu du Urizarrek. Prezioen igoerak gazteak auzoan geratzea ere galarazten du: «Asko Bilboko beste auzo batzuetara joaten dira bizitzera; Atxurira edo Bilbo Zaharrera, esaterako». Eta alokatzea garestia baldin bada, pisu bat erostea zer esanik ez. «Horretarako, diruduna, frankizia baten jabea edo putre funts bateko partaidea izan behar duzu», esan du Bihotzean elkarteko kideak.

«Lehen harategi edo zapata denda bat zegoen tokian, orain turistentzako bitxiak saltzen dituen denda bat dago»

GERMAN URIZARBihotzean Bilboko Zazpikaleetako auzo elkarteko kidea

Gazteek ez ezik, «betiko» denda askok ere auzoa utzi behar izan dute, alde zaharrean urteak eman dituzten arren alokairua ordaintzeko zailtasunak dituztelako eurek ere. «Lehen harategi edo zapata denda bat zegoen tokian, orain turistentzako bitxiak saltzen dituen denda bat dago», dio Urizarrek. «Izan ere, aurretik aipatutako frankiziek auzokideek ordaindu ezin dituzten lokalak erosten dituzte, arazo ekonomikorik ez dutelako». Eta, hala, auzoa aldatuz doa, eta auzo izateari utziz. «Egungo alde zaharra ez da duela hamar urte zen berdina».

Hiriko «parke tematikoak»

Zailtasun ekonomikoak eragiteaz gain, turistifikazioak Bilboko alde zaharreko auzokideen eguneroko bizitza oztopatzen du, Urizarren arabera. «Ogia erostea ere zaila da, kaleak turistaz beterik daudelako». Dena den, gauak dira zalantzarik gabe egun osoko unerik gogorrena. «Turistak eta Bilbo inguruko hirietako jendea alde zaharrera datoz festa egitera. Parke tematiko bat dela dirudi: zarata izugarria dago, bozgorailuak erabiltzen dituzte, ezkondu aurreko agur festa egitera datoz eta atariak pixaz beterik uzten dituzte», kontatu du Urizarrek. «Auzoan bizi den jendea ez zaie batere axola».

Urizarrek jakinarazi duenez, eta turistifikazioak eragindako ondorio horiei guztiei konponbidea aurkitzeko asmoz, Bihotzean auzo elkarteak mozio bat aurkeztu zuen duela hilabete batzuk Bilboko udaletxean. Hurrengo eskaerak biltzen zituen: Bilboko alokairu turistikoen eta hotelen egoera erregulatzea; Zazpikaleetan dauden alokairu turistikoen benetako errolda bat egitea; eta errolda hori egin bitartean, ostaturik irekitzeko lizentziarik ez ematea. «Udalak erantzun zigun ezin zuela halakorik egin, legez kontrako erabakia izango litzatekeelako», adierazi du Urizarrek. «Baina jakin badakigu Bermeon, Mundakan eta antzeko herrietan horrelako neurriak hartu dituztela turismoa kontrolpean izateko asmoz».

Gutxieneko neurri bezala, ordea, Bilboko Udalak turismoa erregulatzeko tasa bat ezarriko duela ziurtatu die Bihotzean auzo elkarteko kideei. Urizarrek, ordea, zalantzak ditu neurri hori eraginkorra izango den. «Ez dakit erabaki zuzena edo okerra den, baina sentsazioa dut dirua biltzeko beste modu bat besterik ez dela». «Turistifikazioari aurre egiteko erabiliko dute tasaren bitartez jasotako diru hori eta, beraz, bizilagunen beharrak asetzeko? Edo ez dute ezertarako erabiliko?». Oraingoz, udalak ez du ezer argitu.

%16

Bilboko Udalak emandako datuen arabera, Zazpikaleen eremuaren %16 turismoari eskainitako hotel eta pisu turistikoek betetzen dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.