Bermeoko Izarok edo Lekeitioko Garraitzek izen eta ospe handiagoa duten arren, Sukarrietako Txatxarramendi uhartea ere Bizkaiko kostaldeko harribitxietako bat da. Urdaibaiko ikuspegirik ederrenek inguratuta, makina bat turistari ostatu emandakoa da: 1896tik 1947ra Txatxarramendi hotela egon zen han.
XIX. mendean Busturialdera joandako lehen turistak Bermeora eta Mundakara joaten ziren, itsasoan bainatzera. Ondorioz, bainurako lekuak sortuz joan ziren eskualdean. Esaterako, 1848an bainuetxe bat ireki zuten Gautegiz Arteagan. Baina Txatxarramendiko hotela inauguratu izana mugarri bat izan zen. Hirurogei logela zituen, bakoitza bere komunarekin; hori ez zen ohikoa garai hartan. Luxuz beteriko lekua zen, areto handiekin. Bainuak hartzeko instalazioak zituen, eta Frantziako sukaldari batek gidatutako jatetxe ospetsua.
Bilbotik Sukarrietara bidaiatzeagatik eta jatetxeetan bazkaltzeagatik garaiko zazpi pezeta ordaindu behar izaten ziren. Beraz, ez zen edonorentzako lekua. Hotelari esker eraiki zuten Sukarrietarako trenbidea, eta, trenbideari esker, turismoa areagotu egin zen. Gorakada hori aprobetxatuta, 1919tik 1968ra bitartean Pako ostatua egon zen uhartearen parean.
Itsaski haztegi bat ere eraiki zuten, Busturiko Itsasbegiko tren geltokiaren ondoan. Ostatuak ateak itxi zituenetik, itsaski haztegiak okerrera egin zuen. 2002an, Urdaibaiko Galtzagorriak elkarteak hura berreskuratzea erabaki zuen, eta Txatxarramendiko Itsas Gela da ordutik.
Portua eta babeslekua
Uharteak 2,7 hektareako azalera du, eta zubi batek lotzen du lehorrarekin. Ondo babestutako badia bat du ondoan: Portuondo. Hegoaldean, II. mendean ezarritako kabotaje postu erromatar baten aztarnak aurkitu dituzte. Izan ere, garai hartan Bermeon zuten portua, eta Foruan, herrixka. Itsasadarrean gora sakonera txikiagoa zenez, Portuondon lotzen zituzten itsasontzi handiak, eta txikiagoetan eroaten zuten karga Forura arte, eta alderantziz.
Joan den mende bukaeratik, Txatxarramendi hotela egondako lekuan AZTI ikerketa zentroaren egoitzetako bat dago. Itsasoari eta ingurumenari lotutako ikerketak egiten dituzte han. Leku paregabea dute horretarako; besteak beste, Urdaibaiko artadirik onenetakoa baitago uhartean. Gainera, irlaren jabe Bizkaiko Foru Aldundiak lorategi botaniko bat landatu zuen 2000. urtean, 25 espezierekin.
sukarrietako txatxarramendi uhartea
- Helbidea. Txatxarramendi uhartea. Sukarrieta.
- Bisita. Uhartea zabalik dago, eta zubia igarota edonoiz paseatu daiteke hango bideetatik artadiaren eta lorategi botanikoaren flora eta fauna ezagutu eta inguruko paisaiaz gozatzeko. Eraikina Aztirena da, eta ezin daiteke sartu.