Uribe Butroeko energia komunitateko kidea

Eneko Olabarrieta: «Trantsizio ekosozial bat bultzatzeko, puzzleko pieza oso garrantzitsua da energia komunitatea»

Uribe Butroeko energia komunitatea sortzen hasi dira eskualdean. Olabarrietak dio herritarrak informatzea dutela orain lehentasuna.

OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Eneko Olabarrieta, Uribe Butroeko energia komunitateko kidea, asteazkenean, Erandion. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Olatz Enzunza Mallona.
2024ko apirilaren 8a
05:00
Entzun

Klima, ingurumen eta energia krisien ondorioz, lehen lerroan jarri dira azken urtean energiari buruzko gaiak. Jakinik Euskal Herria kanpoko energia iturrien «menpeko» dela, tokiko energia komunitateak bultzatzen ari dira azkenaldian, eta horren erakusgarri da Uribe Butroeko energia komunitate sortu berria. Butroi Bizirik Trantsizioan taldearen proiektua da, eta bertako kideetako bat da Eneko Olabarrieta (Gamiz-Fika, 1987). Lehen urratsak egiten hasi dira, eta, oraingoz, eskualdean proiektua ezagutzera ematea dute helburu. Apirilaren 18an, esate baterako, Gatikako Gaztegunean aurkeztuko dute proiektua, 18:00etan.

Zer dira energia komunitateak?

Definizio gisa, energia berriztagarriak sortzeko eta elkarrekin banatzeko biltzen den pertsona edota enpresa txiki talde bat da. Merkatuko enpresa handietatik ahalik eta gehiena aldendu, eta energia burujabearen aldeko apustua egiten duena.

Zer ezaugarri dituzte?

Kutsu lokal eta berriztagarri bat du, eta esan daiteke, batez ere, funtsezko hiru zutabe daudela: soziala, ekologikoa eta ekonomikoa. Lehenengoari dagokionez, herritarren burujabetasun energetikoa bultzatzen du: herritarrak eurak dira euren energiaren jabe eta erabakitzaile. Alde ekologikoari dagokionez, funts ekologiko bat izan behar du nahitaez komunitate honek, eta horiek energia berriztagarrietan oinarritzen dira. Eta hirugarrena, berriz, burujabetzarekin eta ekologismoarekin lotuta dago. Izan ere, ezaugarri horiek betez gero, eragin zuzena izango du kostuetan eta onura ekonomikoetan. Praktikan, baina, kasuistika asko daude, eta aukerarik egokiena bilatzen ahalegindu behar da.

Nolatan sortu zaizue Uribe Butroen halako zerbait egiteko ideia?

Azken urteotako krisien ondorioz, boladan jartzen dabiltza energia komunitateak. Euskal Herrian asko daude, eta, gainera, martxa hartzen ari dira apurka-apurka. Guk geuk, herri bakar batera mugatu beharrean, Uribe Butroe eskualde osora zabaltzea erabaki dugu. Butroi Bizirik Trantsizioan taldean planteamendu serio eta sendo bat osatu genuen, Goiener taldearen laguntzarekin. Izan ere, energia bektore eta beharrizan bat da herritarren ongizaterako, eta hortik hasi ginen lehen urratsak egiten.

«Egun, aukera asko ditugu energia eskuratzeko, baina funtsezkoa da norbera kontziente izatea sistema energetikoaren kudeaketaz eta horren erabileraz»

Oro har, zein da eskualdeko egoera?

Energiari dagokionez, Uribe Butroeko egoera Euskal Herriko errealitatearen parekoa da: dependentzia energetiko handia dauka. Mungialdean industrialde asko daude, eta horrek erregai fosilen eta inposatzen den energiaren dependentzia handia dakar. Adibide bat jartzearren, gaur egun, energia berriztagarrien bitartez, %6 inguru baino ez da sortzen. Arazo handi bat da. 

Zer urrats egin behar dira hurrengo?

Oraintxe, prozesuaren hastapenetan gaude. Talde eragilea sortu dugu, eta proiektua jende gehiagorengana zabaltzea dugu lehentasun, bestelako talde batzuk sortzen hasteko. Herriz herri egingo ditugu aurkezpenak: herritarrengana heltzeko, proiektua azaltzeko, parte hartzea sustatzeko, eraginak eta ondorioak mahai gainean jartzeko… Proiektuak herritarren parte hartze zuzena izatea nahi dugu.

Eta hori lortu ostean?

Bi alde daude: teknikoa eta administratibo-ekonomikoa. Alde teknikoa baldintza askoren menpe dago: eskualdearen azterketa bat egin behar da lehenengo, teilaturik eta landarik egokienak aukeratu, enpresekin hitz egin, aurreproiektuak martxan jarri, behin betiko proiektuak aztertu, diru laguntzak eskatu, eraiki eta martxan jarri, besteak beste. Alde legalari dagokionez, energia komunitateak figura juridiko bat izan behar du, nahitaez, eta ikusi beharko da zein den aukerarik egokiena.

Zergatik da garrantzitsua energia komunitateak bultzatzea?

Egun, aukera asko ditugu energia eskuratzeko, baina funtsezkoa da norbera kontziente izatea sistema energetikoaren kudeaketaz eta horren erabileraz. Halako komunitateetan kontuan izan behar dugu ez direla dohainik sortzen, kostu bat dutela, denbora jakin batzuk daudela… Baina onura printzipala da gu geu bihurtzen garela gure energiaren jabe. Geuk hartuko ditugu erabaki guztiak, taldean eta adostasunean oinarrituta. Gainera, ez da energiaren kontsumoan eta horren kostuan soilik oinarritzen, inplikazio handiagoa du. Azken finean, trantsizio ekosozial bat gura badugu, puzzleko pieza oso garrantzitsu bat da energia komunitatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.