Transmisioa eten ez dadin

Durangaldeko Mankomunitateak 'Txalopin Txalo' kantu liburua kaleratu du. Eskualdeko umeen artean euskararen transmisioa sustatzea du helburu.

'Txalopin Txalo' kantu liburua, artxiboko irudi batean. ANBOTO
Durangaldeko 'Txalopin Txalo' kantu liburuaren azala. ANBOTO
Olatz Enzunza Mallona.
2025eko otsailaren 3a
05:00
Entzun

Euskal nortasunaren ispilu da kantagintza, ume-umetatik hasi eta urteetan hedatzen dena. Belaunaldiz belaunaldi, transmisiorako tresna garrantzitsua izan da kantatzea, baina azken urteotan indarra galdu du. Ohitura hori kontserbatzeko asmoz, Durangaldeko Mankomunitateak Txalopin Txalo kantu liburua kaleratu du: eskualdeko umeen artean euskararen transmisioa sustatzea du xede. Berbaro euskara elkarteak dinamizatu du, eta Labayru fundazioak ekoitzi.

Liburua osatzeko, Durangaldeko hamar herritar adindunen ahozko ondarea jaso dute. Hala, ahozko transmisioa indartu nahi izan dutela adierazi du Labayruk: «Belaunaldiz belaunaldi eta etxean ikasita haiengana heldu diren ahozko bertsioak batu ditugu». Era berean, argitu nahi izan du bere horretan jaso dituztela kantuak, aldaketarik egin gabe: «Tradizioan oinarritutako kantuak dira, garai bateko bizimoduaren eta pentsaeraren testuingurukoak. Lehen kantatzen ziren moduan jaso ditugu. Gaur egun, agian ez genituzke horrela ulertuko, abestuko edo erabiliko».

(ID_17379687675305) Txalopin Txalo
'Txalopin Txalo' kantu liburuko 'Txantxibiri' abestia, artxiboko irudi batean. DURANGALDEKO MANKOMUNITATEA

Askotariko abestiak tartekatzen dira liburuan; besteak beste, lo kantak, jolas egitekoak, ospakizunetan abestekoak eta urteko sasoi jakin batzuei buruzkoak. Gaika antolatu, eta 32 kantu bildu dituzte. Liburuaren izenburuak berak, kasurako, abestietako bati egiten dio erreferentzia: Txalopin Txalo. Jolas kantu bat da, eta txalo egiten den bitartean abesteko ohitura dago.

Bakoitzak bere erara

Kantuekin batera, abesti bakoitzaren partiturak ere gehitu dituzte, material osagarri gisa. Hala eta guztiz ere, adierazi dute liburuko doinuak beste melodia batzuekin ere abestu daitezkeela. Letren kasuan ere gauza bera gertatzen da, Labayru fundazioaren hitzetan: «Etxe batetik bestera eta herri batetik bestera, aldaera desberdinak daude». Finean, kantutegiak tresna moduan balio dezala espero dute: «Horrela eutsi ahal izango diogu geure ondareari, daukagun altxorrik preziatuenetarikoa da eta».

Txalopin Txalo euskaraz idatzita badago ere, gaztelaniazko azalpen laburrak gehitu dituzte abesti bakoitzean. «Euskaraz ez dakiten gurasoek ere liburuxka erabiltzea erraztu nahi izan dugu horrela».

Abenduan aurkeztu zuten liburua, Durangoko Azokan, baina, argitalpenaren arduradunek jakinarazi dutenez, eskualdeko herri guztietan egingo dituzte aurkezpenak datozen asteetan; besteak beste, Atxondon —otsailaren 7an—, Abadiñon —otsailaren 13an eta 14an—, Berrizen —otsailaren 21ean—, Elorrion —otsailaren 27an— eta Zaldibarren —otsailaren 28an—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.