Ohiko jaialdi handietatik aldendu, eta txikitasunaren aldeko apustua egiten du Gernika-Lumoko Lekuek jaialdiak. Hamaikagarren aldia bete du aurten, eta sorrerako helburuei tinko eusten jarraitzen dute: sormen handiko adierazpenei eta interes artistikoei lekua egiten diete. Atzo abiatu zen, eta, domekara bitarte, kulturak hartuko du udalerria.
Ikusi gehiago
Aniztasuna izaten da jaialdiaren ezaugarrietako bat, eta horren aldeko apustua egin dute berriz ere, Ander Guerrero antolatzaileak kontatu duenez: «Saiatu gara ahalik eta estilo eta jende mota gehiengana heltzeko moduko egitarau bat sortzen». Urtero legez, musika izango da oinarri nagusia. Gaur, esate baterako, Anari, TOC eta Txopet igoko dira oholtza gainera. Hala ere, bestelako arte diziplina batzuek ere izango dute lekua jaialdian. Besteak beste, liburu aurkezpenak, proiekzioak, solasaldiak, dantza emanaldiak eta umeentzako ekitaldiak prestatu dituzte.
Halaber, jaialdiaren iraupena izango da berrikuntza nagusietako bat aurten: hamar egun zituen lehen festibalak, eta lau izango ditu aurten. «Esperimentu moduko bat izan da», adierazi du Guerrerok: «Antolakuntza aldetik indarrak neurtu behar genituen, eta jaialdia laburtzea pentsatu genuen. Ikusi beharko da jendeak nola erantzuten duen».
«Gaur egungo musika jaialdien inguruan dagoen makro olatu horretatik ihes egin, eta gure txikitasunetik egin nahi izan dugu aldarrikapena».
ANDER GUERREROGernika-Lumoko Lekuek festibalaren antolatzailea
Ziortza Basterretxea artista gernikarrak osatu du jaialdiko kartela eta iruditeria osoa, eta olagarroari egin dio erreferentzia horietan guztietan. «Gaur egungo musika jaialdien inguruan dagoen makro olatu horretatik ihes egin, eta gure txikitasunetik egin nahi izan dugu aldarrikapena», esan du Guerrerok: «Gure jaialdiaren txikitasun horrek eta kolektibotasunean oinarritutako sare horrek beso asko ditu, eta tentakulu horiek irudikatu ditu Ziortzak, herria eta entzulea harrapatzeko ideiarekin». Testua, berriz, Maider Arregi bertsolariak idatzi du. Olagarroari egin dio erreferentzia hark ere, eta kritika egiteko baliatu du aukera: «Musika autogestionatuz, tu egin makroenpresen aurpegira, bota purpurinazko tinta gizonentzat egindako fokuei».
Urtero legez, Astra, Iparragirre rock elkartea, Kult Parnasoa eta Lizeo antzokia izango dira festibalaren gune nagusiak, baina beste eremu batzuetara ere zabalduko da jaialdia: kaleetara, tabernetara eta Merkurio plazara, esaterako. Aurten, berrikuntza gisa, Neguetxean ere izango dira emanaldi batzuk.
Ikusi gehiago
Jaialdiko bonu guztiak bukatu dira dagoeneko –kontzertu guztietara joateko balio dute–, baina oraindik ere badaude sarrera solte batzuk eskuragarri. «Jaialdia hasi aurretik bonu guztiak eta kontzertu batzuetako sarrerak bukatuta egoteak segurtasuna ematen digu. Oso eskertzekoa da, eta oso pozik gaude», nabarmendu du Guerrerok. Emanaldi batzuetarako sarrera ordaindu egin beharko da; beste asko, ordea, doakoak izango dira.
Udalerrian errotuta
Gernikako musikariek eta musikazaleek sortu zuten Lekuek festibala, 2013an, herriko taldeei bultzada eman eta ikusgaitasunean indar egiteko helburuz. Ordutik, handituz joan da topagunea, baina antolatzaileek hasierako oinarri berberei heltzen diete oraindik: ohiko musika zirkuituetatik kanpo aritzen diren taldeen estalpe izan nahi dute, batetik; eta herriko musikariei bultzada eman nahi diete, bestetik.
Boluntarioen lanari eta hainbat elkarteri esker antolatzen dute jaialdia. Urtetik urtera geroz eta harrera hobea dutela diote antolatzaileek, eta pozik daude jaialdia hartzen ari den dimentsioarekin: «Gauzak aldatuz joan dira urterik urtera, eta, alde horretatik, etengabe eguneratuz joan behar izan dugu, baina oso gustura eta pozik gaude jendearen erantzunarekin».
EGitarauA
- GAUR.
- 20:00. Anari, Lizeo antzokian (sarrerak agortuta).
- 20:30. Triple Cero, Musutruk tabernan.
20:30. Mikosis, Legoien.
20:30. Albina Stardust eta Divina Comedia drag ikuskizuna, Neguetxean. Sarrera: 10 euro.
21:00. DJ Irrintzi, Irrintzi tabernan.
21:00. DJ Apatxe, Arranon.
22:00. Gonzalo Portugal, Zeppelinen.
22:00. Toc, Txopet eta DJ Maria Medina, Astran. Sarrera: 10 euro.
00:00. The Titanians eta DJ Belle Brown, Kult Parnasoan. Sarrera: 5 euro.
- BIHAR.
- 12:00. Ipuin kontaketa musikatua, Astran.
- 12:30. Jon Urzelairen Su festak liburuaren aurkezpena, Iparragirren.
- 13:00. Tukatukada batukada taldea, Gernikako kaleetan.
- 13:00. DJ Estrella Electronica, Neguetxean.
- 14:00. Ha Venido Un Ciego, Merkurion.
- 14:00. Maria Vaquerizo, Musutruken.
- 16:00. Txutxi´s Truck Band, Aterpen.
- 18:00. Erreten, La Bocan.
- 18:00. Kantagune, Gernikako kaleetan.
- 19:00. DJ Hanna Plum, Neguetxean.
- 19:30. Vibora, Ipar tabernan.
- 20:30. Nerepe, Arranon.
- 21:00. Lisabo, Iparragirren. Sarrera: 10 euro.
- 22:00. Eire, Brava eta DJ Gofreak, Astran. Sarrera: 10 euro.
- ETZI.
- 12:00. Disko eta arte azoka, Pasilekun.
- 12:30. Jai/Egun, Merkurion.
13:00. Swing dantza taldea, Gernikako kaleetan.
13:00. Bakelite, Nik & Passbass eta Tumultu, Aterpen.
14:00. Las Sexpeares, Pasilekun.
15:30. Travesia pizarra dokumentala eta solasaldia, Kult Parnasoan. Ondoren, DJ Hermanos Pizarro.
16:00. Ibai Garcia Blues Project, Alai tabernan.
18:00. Titis Twister eta Ruinosa y las strippers de Rahola, Kult Parnasoan. Sarrera: 10 euro.