Bizkaiko hainbat herritan mantentzen dituzte zezenketak, zekorketak eta beste ekitaldi taurino batzuk, sokamuturra, entzierroak, zezen eskola edota tauromakiari buruzko hitzaldiak.
Ikusi gehiago
Zezenketak oso errotuta daude Turtziozen, esaterako: lau zezen plaza daude bostehun bat biztanleko herrian. Edonola ere, Enkarterrin, soilik Karrantzak eta Turtziozek jarraitzen dute zezenketak antolatzen. 2013 aurretik, lau udalerritan egiten zuten. 2013an, baina, Sopuertako Udalak animalien sufrimendua eragiten duten ikuskizunak direla adierazi zuen. Balmasedan ere ez dituzte gehiago egin 2017tik aurrera.
Aiaraldean, Orozkok zekorketa bat antolatzen du sanantolinetan. Urduñak zezen plaza finkoa du herriguneko bazter batean, baina azken zezenketa duela bi urteko ekainean egin zuten.
Ez da harritzekoa Bilbon izatea zezenketa gehien. Aste Nagusian, zapatutik hurrengo domekara izaten dira zezenketak, baina aurten, arrazoi ekonomikoengatik eta ikusle faltagatik, egun bat murriztu dute, eta domekatik domekara izan dira. Zortzi egun horietan, 48 zezen toreatzeko asmoa zuten Vista Alegre plazan, baina euriak sei salbatu zituen, eta 42 hil zituzten. Horrez gain, Vista Alegreko zezen plazan hainbat zekorketa izaten dira uztailean eta abuztuan, eta sokamuturra ere egiten dute.
Zezenketetatik harago
Zezenak edo zekorrak hiltzea helburu ez duten ekintza taurinoak ere badira Bizkaian. Batzuetan, animaliak leku itxi batean askatu, eta gazte kuadrillen artean zirikatu egiten dituzte. Urduñan, adibidez, zezen plazan egiten dute, eta Ermuan, eskolako patioan.
Durangoko sanfaustoetan, goizero, behia herriko kaleetan zirikatzen dute, lepoan soka luze bat lotua duela, kontrolatzeko. Sokamuturra deitzen diote ekitaldiari. Durangon ez ezik, Diman, Otxandion, Bilbon edota Getxoko Algortako Portu Zaharrean ere izaten da sokamuturra.
Protesten eragina
Ekitaldiok animalien sufrimendua eragiten dutenez, horien kontrako mobilizazioak ohikoak dira duela hamarkada batzuetatik. Bizkaian protestak 1990eko hamarkadan hasi zituzten. 2000n sortu zuten Bizkaiko Kolektibo Antitaurino eta Animalista (CAAB), eta hango kideek PACMA alderdia sortu zuten gero, 2003an. Alderdi politikoaren lehen A letrak antitaurino hitzari egiten dio aipamena.
Bilbon beste hainbat kolektibok eta norbanakok ere eskatu dute tauromakiaren amaiera, elkarretaratzeen, manifestazioen eta ekintza zuzenaren bidez. Gainera, alderdi politiko batzuek Vista Alegre zezen plazaren kudeaketa prozesuan gardentasuna falta dela salatu dute, eta hainbat proiektu aurkeztu dituzte eraikinari erabilera alternatiboak emateko.
Bilbo ez da tauromakia gelditzeko presioa izan duen udalerri bakarra. Protestak izan dira Orozkon eta Durangon, adibidez. Orain, Algortako Portu Zaharreko sokamuturra dago kolokan: auzokide batzuek sinadura bilketa bati ekin diote ekitaldi hori animalien sufrimenduan oinarritzen ez den jarduera batek ordezka dezan. Hego Euskal Herrian, berriz, Ez da nire kultura izeneko ekinbideak Espainiako Konstituzioak tauromakiari 2013tik ematen dion babesa kentzeko eskatu du; sinadurak batzen ari da.