Taldean indarra hartzeko

Hamasei taldek parte hartuko dute denera Bizkaiko Taldekako Bertsolari Txapelketan. Gaur hasi, eta maiatzaren 4ra bitartean jokatuko dira kanporaketak; finala, berriz, maiatzaren 25ean izango da, Arrigorriagan.

BIZKAIAKO BERTSOZALE ELKARTEA
Bizkaiko Taldekako Bertsolari Txapelketaren aurreko aldia, Larrabetzun. BIZKAIKO BERTSOZALE ELKARTEA
Olatz Enzunza Mallona.
2024ko martxoaren 15a
05:00
Entzun

Berezia izaten da Bizkaiko Taldekako Bertsolari Txapelketa bertso munduko kideentzat. Ohiko txapelketen aldean, giro informalagoa izaten da saio horietan, eta hasiberriek eta beteranoek aukera izaten dute elkarrekin aritzeko. 2017an egin zuten lehenengoz taldekakoa, eta laugarren aldia jokatuko dute aurten, gaur hasita. Finala, berriz, maiatzaren 25ean izango da, Arrigorriagan. Bizkaiko bertsolaritzaren «oinarrian eragitea» du helburu txapelketak, Ione Narbaiza Bizkaiko Bertsozale elkarteko sustapen arduradunak kontatu duenez: «Bertso eskolak eta eskualdeak indartu gura dira».

Ohiko txapelketen aldean, «giro informalagoa» egoten da taldekakoan: «Formatu txikiko saioak izaten dira: kalean, txokoan, tabernetan… egiten dira». Askotariko bertsolariek parte hartzen dute, gainera, Narbaizak esan duenez: «Askotariko bertsolariek eman dute izena: beren burua  txapelketa formaletan ikusten ez dutenek, hasiberriek, beteranoek, aspaldi bertso mundutik aparte ibili direnek, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalistek… Denak elkarrekin aritzen dira».

«Bertso munduaren ekosistema osoa indartu nahi dugu: taldearen parte dira kide guztiak, eta hori ikusarazteko modu bat da».

IONE NARBAIZABizkaiko Bertsozale elkarteko sustapen arduraduna

Izan ere, taldeak «indartzea eta saretzea» da taldekakoaren helburuetako bat: «Taldekide guztiek batera abesten dute, baina horietako bakoitzak bere neurrira egokitutako ariketak egiten ditu, eroso sentitzeko». Bi urterik behin egiten dute taldekakoa, Bizkaiko Bertsolari Txapelketa ez dagoen urteetan.

Txapelketan parte hartuko duten taldeak sei lagunekoak izango dira, gutxienez. Bertsozale elkarteak, halere,  gomendatu du taldeak zortzi edo hamar partaide ingurukoak izatea, horietako bakoitzak funtzio jakin bat bete beharko baitu: hiru bertsolari, gai jartzaile bat, epaile bat eta laguntzaile bat egongo dira talde bakoitzean. Hala, agerian jarri nahi dute bertsolaritzaren barruan badaudela bertsolariez bestelako figura batzuk ere: «Txapelketa autogestionatu samarra izaten da. Bertso eskolak trebatu nahi ditugu, eta  gertutik ikus dezatela bertso saio bat prestatzeak zer zailtasun dituen. Era berean, bertso munduaren ekosistema osoa indartu nahi dugu: taldearen parte dira kide guztiak, eta hori ikusarazteko modu bat da txapelketa». Hilaren 20an egingo dituzte gai jartzailetzentzako eta epailetzako ikastaroak, Durangon.

Azken hitza, ikusleena

Denera, hamasei talde lehiatuko dira aurten Bizkaiko Taldekako Bertsolari Txapelketan. 120 bat lagun inguru, alegia.

Talde bakoitzak epaile bat izango badu ere, ikusleen iritzia ere kontuan hartuko da: haien balorazioa talde bakoitzeko epaileenari gehituko zaio. Saioaren amaieran, beraz, guztien artean erabakiko dute zer taldek egingo duen aurrera.

Kanporaketa faseko saio bakoitzean, bi talde arituko dira kantuan. Zortzi saio egingo dituzte denera, eta irabazleak finalaurrekoetarako sailkatuko dira. 

Finalaren egunean, berriz, hiru finalaurreko eta finala jokatuko dira. Finalaurreko bakoitzean, talde bakarrak egingo du aurrera, eta horixe sartuko da final handian. Maiatzaren 25ean izango da hori, Bizkaiko eskolarteko finalarekin batera, Arrigorriagan. Egun osorako egitaraua prestatu dute.

Bizkaiko Taldekako Txapelketaren lehendabiziko aldian, 2017an, 30 taldek eman zuten izena, eta herrialdeko bertsolaritzaren oinarria eta eskualdeak aktibatzea izan zen helburu nagusia. Haren ondotik, 2019an eta 2022an egin zituzten hurrengo txapelketak. Azken hori, pandemiaren ingurumarian.

Aldi hauetan guztietan, taldekako txapelketa errotu egin da, Narbaizaren arabera, eta, are, «sendo» dago: «Orain, taldekide gehiago daude talde bakoitzean, eta aberasgarria iruditzen zaigu».

KANPORAKETAK

  • GAUR.
    • Harizpe txokoan (Gernika-Lumo), 20:00etan. LauBuru eta Laukijjek. 
  • APIRILAK 12.
    • Tafis, Oreka eta Jomay tabernetan (Zalla), 18:30ean. Far West eta Estropozu.

       

    • Kalderapekon eta Errondabiden (Bilbo), 19:00etan eta 21:00etan. Gaztetu Ala Hil eta Taket.

  • APIRILAK 17.
    • Algortan (Getxo). Karidadeko Masokistak eta LeartiBai+.
  • APIRILAK 20.
    • Leioan. Troiako Zaldia eta Leioatik Leioara.

       

    • Urdulizen. Pirata bertso taldea eta Durangalduek.

  • APIRILAK 28.
    • Zornotzan, 12:00etan. Itallen eta Zornotzako Bertso Oskola.
  • MAIATZAK 3.
    • Iurretan, 21:00etan. Urruxarrak eta Zapatilapeko Txikliek.

PARTE HARTZAILEAK

  • Durangalduek (Durangaldea): Iruri Altzerreka, Araitz Katarain, Ainhoa Urien, Miren Amuriza, Ixone Asategi eta Irune Basagoiti.
  • Estropozu (Arrigorriaga): Arkaitz Zipitria Mendizabal, Iker Garitagoitia, Peio Molinuevo, Maider Altuna, Aitor Arrutia, June Aizpurua, Ainhoa Belanco, Izaro Arsuaga eta Andrea Bañuelos.

  • Far West (Enkarterri-Ezkerraldea-Meatzaldea): Imanol Arrutia, Jon Martinez, Ander Ezeiza, Ander Uzelai, Asier Alcedo, Idoia Anzorandia, Arkaitz Herrero, Ion Barrocal, Aitziber Bengoetxea, Eneko Diego eta Gari Morgado.

  • Gaztetu Ala Hil (Bilbo): Ainhoa Markinez, Enare Muniategi, Ana Picallo, Ainhoa Arregi, Haizea Telleria, Maite Sarasola, Mikel Galarza, Joseba Barandiaran eta Javier Martinez.

  • Itallen (Larrabetzu): Etxahun Lekue, Sergio Peña, Patxi Gaztelumendi, Leire Etxebarria, Joseba Ortuzar, Peru Berazategi, Julen Gaztelu eta Iskander Euba.

  • Karidadeko Masokistak (Uribe Kosta): Beñat Lopez, Oier Aizpurua, Josu Landeta, German Kortabarria, Iñigo Kortazar, Aitor Fernandez de Martikorena eta Peio Arondo.

  • LauBuru (Busturialdea): Aitor Etxebarriazarraga, Mikel Retolaza, Eneko Aldana, Asier Galarza, Jon Arano eta Alain Cubero.

  • Laukijjek (Durango): Igor Galarza, Bittor Salterain, Paulo Salterain, Unai Iturriaga, Erika Lagoma eta Ander Elorriaga.

  • LeartiBai+ (Lea Artibai): Aissa Intxausti, Josune Aramendi, Garazi Navarro, Nerea Ibarzabal, Xabat Galletebeitia, Oier Azula, Jone Antsotegi, Lurdes Ondaro eta Aitor Ruiz.

  • Leioatik Leioara (Leioa-Uribe Kosta): Peru Vidal, Inazio Vidal, Beñat Vidal, Xabier Sainz de la Maza, Galder Bilbao eta Jon Ortiz.

  • Pirata bertso taldea (Plentzia-Gorliz-Lemoiz-Urduliz): Erlantz Ibargurengoitia, Maialen Markaida, Jon Etxebarria, Peru de Pedro, Joanes Igeregi eta Gabi Basañez.
  • Taket (Uribe Butroe): Izaro Bilbao, Jone Larrinaga, Mikel Goiriena, Jokin Arriola, Itxaso Baraizarra, Kattalin Arriola, Eneko Elordui, Ibon Larrazabal, Aitor Esteban, Garazi Mendoza, Asier Legarreta eta Alaitz Uriarte.
  • Troiako Zaldia (Busturialdea): Janire Arrizabalaga, Ander Arrien, Beñat Bilbao, Koldo Gezuraga, Jokin Antsotegi, Imanol Ziluaga, Ander Elortegi eta Jokin Abaitua.
  • Urruxarrak (Durangaldea): Alaitz Areitio, Gorka Lazkano, Peru Magdalena, Hodei Zenikaonandia, Txomin Magdalena eta Eneko Abasolo.

     

  • Zapatilapeko Txikliek (Gernika-Lumo): Iker Uriarte, Ibai Amillategi, Julen Ibarguengoitia, Koldo Muñiz, Antton Gorriño, Xabier Enbeita eta Inazio Gonzalo.

  • Zornotzako Bertso Oskola (Zornotza): Ander Aldazabal, Beñat Romero, Alain Barañano, Ander Gerrikaetxeberria, Iñaki Iza, Xabier Irakulis eta Iker Pastor.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.