Pantailei begira bizi den gizartea gara. Zutabetxo honetan duela hilabete batzuk idatzi nuen horretaz. Izan ordenagailua, izan sakelakoa: giza harremanetarako tresna nagusia bihurtu zaizkigu pantailak. Bada telefono konpainia ezagun bat jendea Whatsapp bitartez komunikatu beharrean deitzera animatzen duena telebistako spot batean. Barregarria da iragarkia, egia esan. Musikal baten itxura du, eta bertan kabaret bateko kantari batek esaten digu dei egitea abentura bat dela, zinema dela. Telekomunikazio enpresako buru batek iragarkia aurkeztean nabarmendu zuen telefonoz deitu beharrean txat bidez komunikatzeko joeraz ohartuta erabaki zutela iragarkia egitea. Haren hitzetan, «gero eta konektatuago gaude, baina gutxiago komunikatzen gara».
Gurean, Izarkom Euskal Herriko telekomunikazio operadore kooperatiboak Izarkom Eskola sortu berri du; besteak beste, sakelakoaren erabilera okerraz jabetzeko. Telefonoek nerabeengan sortzen duten menpekotasunaz jardun ziren Zazpikaleetan duten bulegoan. Hilabetean behin egiten dituzte hitzaldiak, hileko azken ostegunetan, eta saioak streaming bitartez ikusi daitezke.
Izarkomen Bilboko bulegotik —eurek nodoa esaten diote— oso hurbil, Belostikale kalean, komunikazioa eta, batez ere, gizarte harremana lantzen duen beste egitasmo bat abiatu zuten duela hilabete gutxi: Tabulo txokoa. Pantailen bitartez komunikatzeaz gain, aisialdiaren ardatza ere bihurtu ditugu pantailak. Online jolasten gara, bideo jolasetan lehiatzen diren taldeen ligak antolatu ditugu eta urtero Barakaldoko BEC asteburu batez okupatzen dute ordenagailuek Euskal Encounter famatua egiteko. Ez naiz ni izango, inondik inora, horren alde edo kontra egingo duena. Bitxia iruditu zaidan proiektu horretaz berba egitea baino ez da nire asmoa gaurkoan.
Arinegi eta pantailei begira bizi garen garai honetan, ez al du merezi eten bat egitea eta mahai baten inguruan lagunekin jesarri eta jolasten hastea?
Duela hamar urte, Agusek, egitasmoaren bultzatzaileak, Okapi taberna ireki zuen Belostikalen. Ostalaritza ogibide du Agusek, baina hasieratik adierazi zuen taberna huts bat baino gehiago ireki nahi zuela: komunitatea egiteko gune bat. Eta hori bilakatu dela esango nuke, bertan biltzen den jendea ikusita. Aspalditik zuen Agusek beste ideia berri bat buruan: mahai jolasen inguruan biltzeko txoko bat irekitzea, bertan lagunekin —edo ezezagunekin— ordu batzuk jolasten igarotzeko gunea, edateko eta jateko apur batekin batera. Jolas egiteko gero eta bakartiagoa bihurtzen ari den gizarteari ate berri bat irekitzea. Hori baino ez, eta hori guztia, era berean. Giza harremanak eta komunitatea lantzeko modu natural eta dibertigarria da jolasa. Horrela egiten irakasten diegu gure umeei, baina badirudi nagusi bihurtu ahala ahaztu egiten zaigula.
Ez zuen bide erraza izan Agusek. Bilboko Udalak ez zion erraz jarri lizentzia lortzeko. Jolas aretoen lizentzia eskatu nahi izan zion, apustu etxe bat balitz bezala. Nekeza da askotan erakundeengana jotzea, baina azkenean lortu zuen txokoa irekitzea. Tabulo izena jarri zion; taula, esperantoz. Mahai jokoen oinarrizko osagaia, eta nahi beste taula topatuko dituzue bertan: Trivial, Monopoli, Risk… Noizean behin jai itxura ere hartzen du Tabulok, eta bingoan jolasteko bermutak antolatzen ditu. Halako batean izan nintzen ni azkenengoz, eta ederto pasatu nuen.
Arinegi eta pantailei begira bizi garen garai honetan, ez al du merezi eten bat egitea eta mahai baten inguruan lagunekin jesarri eta jolasten hastea? Egizue proba. Baietz barre pila irabazi!