Proposamena: 'Sustrairik gabeko zuhaitzak ez du aurrera egiten' erakusketa

Sustrai migratzaileen erretratuak

Angelica Dass artistak 'Sustrairik gabeko zuhaitzak ez du aurrera egiten' argazki bilduma sortu du Bilboko 300 ikaslerekin elkarlanean, migrazio mugimenduen inguruan hausnartzeko. Itsasmuseumen dago ikusgai erakusketa.

Angelica Dass argazkilariaren 'Sustrairik gabeko zuhaitzak ez du aurrera egiten' erakusketa. Bilboko Itsasmuseumen dago ikusgai. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Angelica Dass argazkilariaren 'Sustrairik gabeko zuhaitzak ez du aurrera egiten' erakusketa, Bilboko Itsasmuseumen. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
iraia vieira gil
2025eko otsailaren 2a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Rio de Janeiron (Brasil) jaio zen Angelica Dass argazkilaria, 1979an, baina hogei urte daramatza Madrilen bizitzen. «Etxera bueltatzea pentsatu izan dut noizbait, baina konturatu naiz beranduegi dela: han edo hemen, herrialde bietan sentituko naiz kanpotar». Bere bizipenak oinarri hartuta, Dassek ibilbide artistiko osoa eman du arrazismoaren eta migrazioen inguruan hausnartzen. «Ikusten ditudan eta gertatzen zaizkidan gauzak kontatzen ditut, ni ere immigrantea bainaiz», esan du, harro. Sustrairik gabeko zuhaitzak ez du aurrera egiten erakusketa da haren azken lana, eta Bilboko sei ikastetxetako ikasleen «sustrai migratzaileak» ezagutaraztea du helburu. «Duela bi urte eman nien argazkigintza tailer batean otu zitzaidan ideia. Bakarrik etorritako atzerritar adingabe asko zeuden, baina, halako batean, euskalduna den neska batek bere amonaren argazki bat atera zuen, eta 36ko gerran ihes egindako haurretako bat izan zela kontatu zigun. Ez nuen historiaren pasarte hori ezagutzen eta jakin-mina piztu zitzaidan». Norberaren familiaren historian sakontzeko eskatu zien orduan Dassek ikasle guztiei, eta, kontakizun horietatik abiatuta, argazki bilduma bat sortu du. Bilboko Itsasmuseumen dago ikusgai.

Sustrairik gabeko zuhaitzak ez du aurrera egiten erakusketa hainbat zatitan banatuta dago. Natura hilei lotutako argazkiz, ikasleen erretratuez eta haien migrazio istorioei buruzko testu laburrez osatutako murala da artelan nagusia. Hirurehun ​elementuk osatzen dute murala, eta, Dassek jakinarazi duenez, ikasleek sortu dituzte gehienak. «Lau hilabete igaro nituen ikasleekin lanean. Haiek erabaki dute euren istorioak nola aurkeztu». 

Hasteko, idazketa ariketa azkarrak egin zituen haiekin. «Ariketa horietatik jaio dira murala osatzen duten testuak», esan du. «Ondoren, euren arbasoen objektuen bitartez migrazio istorioak kontatzeko eskatu nien. Horiekin egin genituen natura hilei lotutako argazkiak». Ikasleen erretratuak egitea izan zen murala osatzeko azken urratsa. «Bi motatako erretratuak atera genituen: formalak eta esposizio bikoitzekoak. Azken horiek ikasleek eurek atera zituzten». Esposizio bikoitzeko erretratuen bitartez, ikasle bakoitza geruza ezberdinez osatuta dagoela transmititzea izan da asmoa. 

Horrez gain, migrazio mugimenduen inguruko datu zehatzak eskaintzen dituzten mapak biltzen ditu erakusketak. «Mundu osoko euskal etxeak erakusteko eta Bilbora migratzen duten pertsonen inguruko datuak aurkezteko mapak daude, adibidez», adierazi du Dassek. «Azken horren arabera, Bilbora migratzen duten pertsona gehienak emakumeak dira». Halako datuak ezagutaraztea garrantzitsua dela uste du artistak, telebistak hedatutako estereotipoak desegiten dituztelako. «Teleberri-k eskaintzen dituen albisteetan oinarrituta, inork ez luke pentsatuko Bilboko migratzaile gehienak emakumeak direla, baina hala da». Alde horretatik, gainera, Euskal Herriko migrazioei buruzko aurrekari historikoak ezagutarazteko eta egungo egoeraren inguruko eztabaida pizteko txoko interaktibo bat eratu du argazkilariak. Txoko hori erakusketaren zati ere bada, eta bisitariak ordaindu barik irakur ditzakeen liburuez osatuta dago. «Askotan, zenbakiak baino gehiago, gizartean hedatzen diren zurrumurruak sinestea nahiago dugu. Ahaztu egiten zaigu pertsona bakoitzak bere jatorria duela, eta nik hori gogorarazi nahi izan dut».

«Gazteetako batek esan zidan bere bizitza osoa 23 kiloko maleta batean sartu behar izatea izan zela migratzearen alderik zailena. Haren larruan jarri eta ez dakit halako zeozer egiteko gai izango nintzatekeen orain. Eta 46 urte ditut» 

ANGELICA DASSArgazkilaria

Erakusketaren azken zatian, gainera, bere «sustrai migratzaileak» konpartitzeko aukera du bisitariak. «Zigilu eta orri batzuk ditu eskuragarri. Migratzaileak izandako arbasoen izenak idatz ditzake, eta nahi beste zigilu erabiltzeko aukera du horretarako», esan du Dassek. «Batzuetan, senide guztiak migratzaileak dituen bisitaria izango da. Beste batzuetan, ordea, zu izan zaitezke familiako migratzaile bakarra». Dena dela, norberaren jatorria ezagutzea da garrantzitsuena artistarentzat: «Immigratzea ez da albokoak egiten duen zerbait; gure buruarekin lotura zuzena duen kontua ere bada».

«Prozesu kolektiboa»

Dassen iritziz, immigrazio hitzak dituen adieren artean, interesgarriena da «herrialde bereko beste leku batera bizitzera joatea, bizi baldintza hobeen bila». Definizioaren lehen zatiak deitzen dio bereziki arreta artistari. «Oso deigarria da niretzat barne immigrazioa kontzeptua. Horrek esan nahi du herri txiki batetik hiri handi batera bizitzera doan pertsona, ikaslea bada ere, migrazio fluxuen parte dela». Sustrairik gabeko zuhaitzak ez du aurrera egiten erakusketa sortu ahal izateko, zehazki, ezinbestekoa iruditu zitzaion proiektua hasi bezain laster bigarren adiera horren berri ematea ikasleei. «Ziur nengoen guztiek migrazio istorioren bat aurkituko zutela euren arbasoen artean». Eta hala izan zen: «Ezaugarri fisikoak zirela eta, ikasle askok jakin bazekiten sustrai migratzaileak dituztela. Alderik politena, ordea, familien arteko komunikazioa sorraraztea izan zen, ikasle guztiek eztabaida horretan parte har zezaten». 

Ikasle bakoitzaren jatorria desberdina da, eta, kasu batzuetan, ikastetxeak horren adierazle dira. «Otxarkoagako ikastetxean, esaterako, immigrante kopuru handia dago, auzoan bertan bezala. Urteetan luzatu den fenomenoa da: hasieran, herrialde barruko migrazioak ziren nagusi, baina, orain, kanpokoak gailentzen dira», kontatu du Dassek. «Etnia aniztasuna handia denez, niretzat oso garrantzitsua zen Otxarkoagako ikasleen parte hartzea bermatzea».

Era berean, «Bilboko bertako» ikasleen partaidetza ere bermatu nahi izan du Dassek, eta Miguel de Unamuno ikastetxea oso baliagarria izan da horretarako. «Ez nuen migrazioari buruzko estereotipoetan erori nahi. Otxarkoagan bezala, Unamunoko ikasleek ere sustrai migratzaileak dituzte». Eta azpimarratu du ikastetxe biekin egindako lana erabilgarria izan dela «lurraldeko migrazio errealitatearekin bat egiten duen kontakizuna» garatzeko. Otxarkoagako eta Unamunoko ikasleek ez ezik, Ibarrekolanda, Txurdinaga Behekoa, Martin Bertendona eta Artabe zentroko ikasleek ere osatu dute Dassen lana. 

Angelica Dass argazkilaria, bere azken erakusketarako sortutako muralaren aurrean, Bilboko Itsasmuseumen. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Angelica Dass argazkilaria, bere azken erakusketarako sortutako muralaren aurrean, urtarrilaren 15ean, Bilboko Itsasmuseumen. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Argazkilariak esan duenez, erraza izan da nerabeekin lan egitea. «Artista naizela jakinarazi nien hasieratik, eta eskatu nien bozgorailu gisa erabil nintzatela». Hain justu, Dassen ustetan, nerabeei entzutea eta haiek ulertzea zaila da batzuetan. «Izan ere, guk geuk adin hori genueneko garaia guztiz ahaztu dugu». Ikasleen bizipenak entzuterakoan, ordea, ahaztuta zituen emozioak etorri zitzaizkion gogora. «Gazteetako batek esan zidan bere bizitza osoa 23 kiloko maleta batean sartu behar izatea izan zela migratzearen alderik zailena. Haren larruan jarri eta ez dakit halako zeozer egiteko gai izango nintzatekeen orain. Eta 46 urte ditut».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.