Uxue Gutierrez Lorenzo

'Sold out' zoramena

2025eko urtarrilaren 31
05:00
Entzun

Ez dakit ni naizen ala besteoi ere gertatzen zaizuen, baina sold out fenomenoak ezustean harrapatu nau. Espero bako susto bat bezala edo kaletik despistatuta zoazela muturren aurrean (gertuegi) agertzen den seinale bat balitz bezala. Gainera, pentsatu arren, ez dut oso ondo ulertzen zein den funtsa, beharra eta tranpan behin eta berriz erortzera garamatzan inertzia. Hau da, ez dakit noiz eta nola bukatu dudan urtebete barru den kontzertu baterako sarrera garestiegi bat erosten, datorren astean non egongo naizen ere ez badakit. Ez dakit zein momentutan sentitu dudan neure burua behartuta hori egitera, FOMO —Fear of missing out ingelesez; hau da, zerbait galtzearen beldurra— izugarri baten beldurrez. Eta ez dakit zein momentutan bilakatu diren euskal musikariak salmenta molde honen sustatzaile.

Hainbat multzotan sailka genitzake funtzionamendu honetan murgilduta dauden euskal taldeak: oholtza utziko dutela iragarri dutenak, bueltan datozenak eta bira/kontzertu super bereziak iragarri dituztenak. Lehenengoan sartzen dira Gatibu eta Esne Beltza, besteak beste. Bigarren taldearen adierazgarri dira Fermin Muguruza eta Gorka Urbizu. Eta, zalantzarik gabe, azken taldearen adibide da Zetak.

Azkenaldian nahi baino gehiagotan erori naiz tranpan, eta beste batzuetan ez dit astirik eman sarrera eskuratzeko. Hori ere badaukalako sold out fenomenoak: baliteke sarrerarik gabe geratzea.

Lehenago data bat iragartzen dute sarrerak agortu arte, ondoren hurrengo edo aurreko egunean beste kontzertu bat iragartzeko. Eta adi: bira bilaka daiteke edozein unetan!

Ez dakidana da zein den honen aplikazio praktikoa. Ados, sarrera guztiak saldu dituzu. Hau da, zure musikari bira finantzatzen ari gara hasi baino lehen. Baina benetan axola dizu zaleak kontzertura joango ote diren, edo saldu dituzun sarrera kopurua da arrakastaren bermea? Sarrera horien etorkizuna ez dago argi: kasu batzuetan agendan gorriz markatutako egunean kontzertura joatea lortuko dugu, beste batzuetan lagun bati saldu edo oparituko diogu sarrera —agian, ez da oso zalea, baina oparitzen diozulako joango da—, eta beste zenbaitetan gure posta elektronikoan geratuko da sarrera, eta aretoko eserlekua edo pistan dagokigun lur eremua, hutsik.

Uler nezake musika duintzeko estrategia moduko bat behar duela denboraz salgai jartzea sarrerak, gastuei aurre egiteko. Halere, zenbait jokamolde zalantzagarriak iruditzen zaizkit: lehenago data bat iragartzen dute sarrerak agortu arte, ondoren hurrengo edo aurreko egunean beste kontzertu bat iragartzeko. Eta adi: bira bilaka daiteke edozein unetan!

Kapitalismoak mundua arautzen duela ez da berria, baina, beste gaitz askok bezala, mundu globalizatu honen parte garela erakusten digu honek. Gure kultura ere zenbakietan neurtzen da, dirutan eta fakturazioan. Nik ere bukatu dut Zetak-en emanaldi berrirako sarrera eskuratzeko lau orduko ilara birtuala egiten. Hortxe daukat sarrera, erosita, baina bederatzi hilabete barru esango dizuet kontzertura joan naizen ala ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.