Jone Larrinaga Danobeitia

Sokak gehiegi tenkatzea

2024ko irailaren 14a
05:00
Entzun

Aurreko astean zehar jokatu zen munduko lur gaineko sokatira txapelketa. Hankak lurrean zoli eta hortzak estututa ikusi zituzten bertan Goiherriko eta Gaztediko tiratzaileak. Zutabe honen atzean datorrenak ere, ondo daki zer diren sokaren mutur batean nahikoa ez izatearen beldurra, eta, bestean, bertigoz egindako saltoaren osteko euforia izatea (ez da alferrik idazten dudan lehena). Baina hori beste baterako utzi eta sokari begira jarri nahiko nuke gaurkoan.

Malgua eta funtzio anitzekoa da soka bat berez; erortzear dagoen landarea makuluari eutsi eta hazten laguntzeko erabili daiteke, lagunekin saltoka jolasteko, potina itsasoan galdu ez dadin portura lotzeko... Kontua da, erabili nahi dugun horretarako erabilita ere, mutur biei heltzea beharrezkoa dela eta punta bakoitzeko eskuek helburu beraren bila egin behar dutela lan. Aldeek elkarrekin adostu gabe erabiltzen badute, kontrako norabidean bultza egin eta sokak tenkatzeko arriskua du. Albo banatan jarri eta bakoitzak bererantz indar berdinarekin tiratzen badu, soka haustera hel daiteke. Behin hautsita, beste zerbaitetarako erabili bai, baina ez da hasieran zen hura izango.

Demagun soka hori dela hurbilekoekin konektatzen gaituena. Burugogorkerian, bakoitzak bererantz egiten badu, beste aldea begiratu gabe, soka askatzeko gogoa sartzen zait niri. Kontrara, iruditzen zait, eskuak norabide ezberdinean baina elkar komunikatuta aritzean, honek korapilo bat izan dezakeela, baina ez dela apurtuko. Elkar entzun gabe tira egitea baino interesgarriagoa da hori! Hona hemen zalantza, ez ote gara gure ingurukoekin sokak gehiegi tenkatzen ari?

Etengabeko sokatira partidan bizi garela sumatu beharrean, soka dantza baten parte garela sentitzera ausart gaitezen eskatu nahi nuke, hitza baita elkar ulertzeko tresnarik indartsuena

Ez zaizkit dikotomiak gehiegi gustatzen, eta dena horren ona edo txarra, beltza edo zuria bihurtu den inguruan, batzuetan grisa aukeratzeko eskubidea aldarrikatzen aritzen naiz. Ez naiz injustizia baten aurrean posizio garbirik ez hartzeaz ari —ni ere erretzen nau Rebecca Cheptegeien bikotekideak egindakoak—, desadostasun bati tiraka soka gehiegi tenkatu eta harremanak apurtzeaz baizik. Eztabaidatzea sanoa da, eta sarritan bestea entzuteko prest bagaude, eztabaidetatik ateratzen dira mundua aldatzeko ideiarik onenak. Ez dut beti denaren inguruko iritzi argirik izan nahi. Besteen ikuspuntua entzun eta nirea aldatu nahi dut, eta gai batean kontrakoa uste duen norbaitekin tertuliarako batzen jarraitu gura dut. Etengabeko sokatira partidan bizi garela sumatu beharrean, soka dantza baten parte garela sentitzera ausart gaitezen eskatu nahi nuke, hitza baita elkar ulertzeko tresnarik indartsuena.

Beraz, erabili nire hitzok zuon iritzia sortzeko, egon esaten dudanaren aurka edo defendatu zuen lagunen ondoan hemen irakurritakoak. Ez dadila inor asaldatu gaur ez badut atzo pentsatzen nuena uste eta nire aldarrikapenek oinarri berean matiz ezberdinak badituzte. Hari lodiz osatutako sokei korapiloak egin eta sokasaltorako erabiltzen jarraitzea posible da; diferente, baina posible. Honegatik, gustu handiz luzatuko dizuet tarteka nire soka, beste muturra heldu nahiko bazenute. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.