Sektoreari arnasa emango diolakoan

Bizkaiko EHNE eta ENBA sindikatuek Lehen Sektorea Suspertzeko Planean lortu dituzten hobekuntzak azpimarratu dituzte: amatasun baimenean egindako hobekuntzak eta belaunaldi aldaketa bermatzeko neurriak.

Andre nekazari bat, Gamiz-Fikako bere berotegian lanean, 2020an. ARITZ LOIOLA / FOKU
Andre nekazari bat, Gamiz-Fikako bere berotegian lanean, 2020an. ARITZ LOIOLA / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
2024ko azaroaren 3a
05:00
Entzun

Lehen sektorea lehenagotik zegoen krisian Bizkaian, baina pandemiak eta iazko inflazio handiak are gehiago okertu zuten egoera. Horiek horrela, diputazioak elkarlanerako deia egin zien, eta eragileek erantzun dute. Ekoizleak eta sektoreko eragileak ere aspalditik ibili dira foru aldundiaren konpromisoa eskatzen. Beraz, alde bietatik egon da elkarlanerako gogoa, eta hala jaio da Lehen Sektorea Suspertzeko Plana. Bizkaiko ENBA sindikatuko ordezkari eta Atxondoko abeltzain Karlos Ibarrondok diputazioari eskertu dio ekoizleen eskaerak entzutea eta kontuan hartu izana: «Eskatu duguna bere egin du, eta, gainera, egin ahal izateko, diruz hornitu du. Arazoari serio heldu diogu, eta konponbidea bilatzen ahalegindu gara». 

Amets Ladislao Errigoitiko Bizkaigane kooperatibako eta Bizkaiko EHNE sindikatuko kideak azaldu duenez, planak ez du sektorea salbatuko, baina arnasa emango dio, eta gaztetzen lagundu. Ladislaok esan du otsailetik hona egindako lanketaren emaitza dela, eta uste du hobekuntza garrantzitsuak lortu direla. Andre ekoizle moduan, amatasunari lotuta adostu dituzten neurriak nabarmendu ditu: «Pauso garrantzitsuak eman ditugu. Orain arte amatasun baimena 22 egunekoa izan da, eta lortu dugu hamasei astekoa izatea. Lehen, amatasunagatik ordezkapenak bi astekoak ziren, eta orain, sei hilekoak izango dira». Ladislaok azpimarratu duenez, amatasunak eta nekazaritzak ordu asko eskatzen dituzte, eta zaila da bateragarri egitea. 

Beste bi ere nabarmendu ditu Bizkaiko EHNEko kideak. Batetik, diru laguntzak eskatzeko epea malgutzea adostu dute. «Lehen, urte bukaeran eskatu behar izaten ziren laguntzak, baina orain, edozein hilabetetan eskatu ahal izango dira. Horrek asko erraztuko du kontua». Bestetik, lehen sektoreak irauteko duen arazo handienetakoa egungo ekoizleei lekukoa hartzeko jende falta da. «Lehen aldiz foru aldundiak kontuan hartuko du familia barrukoa ez den lekuko hartzea. Izan ere, orain arte bazirudien ez zegoela beste aukerarik eurentzat». 

Planean adostu dutenez, diputazioa hasiko da bitartekari lanak egiten erretiroa hartuko duten ekoizleen eta lehen sektorean hasi nahi duten gazteen artean. «Eskualdeka ezagutu ahal izango dugu egoera zein den: nortzuk dauden erretiroa hartzekotan, zer duten eta zenbat dauden haien lekukoa hartzeko prest», esan du Ladislaok. Ibarrondoren ustez, ezinbestekoa da baserri eta ustiategi bakoitza ondo ezagutzea, egoera zein den jakitea. 

Ereduen talka

Biak pozik daude zabaldu den bideagatik, eta diputazioarekin elkarlanean jarraitzeko prest agertu dira ENBA eta EHNE sindikatuak. Ladislaoren esanetan, Bizkaiak eredu aldaketa behar du, ekoizpen intentsiboa alde batera utzi. «Lurrari lotuta dagoen eta ustiategi txikietan egiten den ekoizpen agroekologiko baterako trantsizioa egiteko konpromisoa falta zaio diputazioari. Ereduen arteko elkarbizitza nahi du, eta interes kontrajarrien arteko oreka bilatzen ahalegindu da planean». 

Ibarrondok sektoreak dituen beste arazo batzuk ere aipatu ditu: ekoizleei produktuengatik ordaintzen zaiena eta Bizkaiak duen hiltegi falta. Ohartarazi du sektorea erakargarri egiteko ezinbestekoa dela «prezio duinak» ordaintzea, eta lehengaien garestitzeak muga bat izatea. Era berean, iruditzen zaio erakunde publikoek bultzatu behar dituztela hiltegiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.