Santutegi bat Enkarterriko sahastietan

San Pedro Zarikete baseliza Zallan dago. Mila urte inguru dituela uste da. Deskubritzeko sekretu asko ditu. Duela 30 urte, haren istorioa ikertzen hasi ziren ingurukoak. Iosu Gallarreta antropologoak dio «baseliza bat baino askoz garrantzitsuagoa» dela.

San pedro zarikete baseliza
Zallako San Pedro Zarikete baseliza. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
marcos tedin
2024ko ekainaren 3a
05:00
Entzun

Ondarroan, lantzioak; Galdakaon, mozoloak; Larrabetzun, akerrak; eta Zallan, sorginak. Enkarterriko herri horretako biztanleen ezizenaren sorrera hango San Pedro Zarikete baselizan aurkitu daiteke. Aspaldi, bizkaitarrak zein kanpotarrak joaten ziren hara, sorginkeriak kentzera eta buruko gaitzak sendatzera. Hala ere, baseliza horrek istorio askoz aberatsagoa dauka. Hori deskubritu eta argitara eman nahian dabil hango talde bat, orain dela 30 urtetik.

San Pedro Zarikete baseliza Salzedo ibarraren mendebaldean dago, Cadagua ibaiaren ondoan eta Donejakue bidean. Haritz handi bat dauka haren alboan. Eraikin zabal horrek hiru erretaula ditu. Iosu Gallarreta antropologoak ziurtatu du ez dela soilik baseliza bat: «Hori baino askoz garrantzitsuagoa da: santutegi bat da».

Ziurtasunez esan daiteke baselizak bostehun urte inguru dituela, baina aurkitutako aztarnek erakusten dute San Pedro Zariketek askoz urte gehiago dituela. Izan ere, gaur egun uste da santutegia IX. mendekoa dela, Gallarretaren arabera: «Aztarna arkeologikoek gutxieneko datazio bat eman dute, IX. mendekoa. Pentsatzen dugu VIII. mendean sartu zela kristautasuna Bizkaian; beraz, posible da San Pedro Zarikete Bizkaiko lehenengotariko bat izatea». Hala ere, kontuz ibili nahi du oraindik: «Dena ikerketapean dago». 

Jendea San Pedro Zarikete baselizara sorginkeriak kentzera joaten zela zabalduta eta errotuta dago. «XVI. mendearen hasieran Inkisizioak garrantzi handia hartu zuen, eta horrek prozesu batzuk eragin zituen Enkarterrin. Uste dugu hortik datorrela santutegiaren fama, jendea sorginak uxatzera joaten zelako», kontatu du Gallarretak, eta gehitu du buruko gaitzak eta gaixotasun sendaezinak sendatzera ere joaten zirela asko.

Elizak sorginkeriaren kontua asmatu zuen, eta Elizak berak amaitu zuen, Vatikanoko II. Kontzilioan. Dena den, «ez dute lortu hari hori etetea», jendea oraindik ere joaten baita, urtero, abuztuaren 1ean. Antropologoak azaldu du Enkarterritik kanpo ere landa eremuetan —batez ere, Txorierrin— santutegia oso ezaguna dela, baina hirian ospea galdu duela.

San Pedro Zarikete baselizak «indar berezia» duela uste du Gallarretak. Hori dela eta, haren istorioa berreskuratu nahian dabil hango talde bat. Orain arte, material eta dokumentu asko aurkitu dituzte, baina «sakabanatuta» daude. Horiek biltzea eta lantzea da taldeak duen ardura: «Egin behar dugun lana da daukaguna ikertu, lotu eta gero ikerketa hori plazaratu».

Sahats eta sahastiak

Gallarretak azaldu duenez, San Pedro Zarikete santutegiaren izena sahatssarats, bizkaieraz— hitzetik dator. Zarikete hitzak, berez, sahasti esan nahi du. Horrez gain, inguruan aurkitu daitezkeen toponimoek agerian uzten dute sahasti bat zegoela ibar horretan. Gaur egun Cadagua izena duen ibaia Salzedon zen lehen.

«Sahatsak sendatzeko ahalmen handia du; beraz, uler daiteke zergatik aukeratu zuten toki hori santutegi bat egiteko», arrazoitu du Gallarretak, eta argi utzi bere hipotesi bat dela. Zallako San Pedro Zarikete baselizak garrantzi handia du Bizkaiko historian. Hala ere, oraindik sekretu asko ditu kontatzeko.

zallako san pedro zarikete

  • Helbidea. Lehendakari Jose Antonio Agirre Hiribidea 26, Mimetiz auzoa, Zalla. 
  • Sarrera. Doan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.