Santurtziko San Jurgi elizaren aurretik beste hiru tenplu egon zirela uste dute

Urtarrilean hasi zituzten indusketa lanak Santurtziko San Jurgi elizan, eta otsailaren 26an amaitu zuten lehen fasea. Datuetan gehiago sakontzea espero dute bigarren fasean.

Santurtziko San Jurgi elizako indusketa lanak, otsailaren 27an. SANTURTZIKO UDALA
Santurtziko San Jurgi elizako indusketa lanak, otsailaren 27an. SANTURTZIKO UDALA
Olatz Enzunza Mallona.
Santurtzi
2025eko martxoaren 9a
05:00
Entzun

Urtarrilaren 7an abiatu zituzten indusketa lanak Santurtziko San Jurgi elizan, eta, ia bi hilabeteren ostean, otsailaren 26an amaitu zuten lehen fasea. Sei gorpuzki, txanponak eta arrosarioak aurkitu dituzte, besteak beste, baina baita datu esanguratsu bat ere: gaur egungo elizaren aurretik beste hiru tenplu egon zirela uste dute. Apirilean hasiko dute bigarren fasea; zehaztasun gehiago izatea espero dute.

Santurtzik 950 urte bete ditu aurten, eta, Karmele Tubilla alkateak kontatu duenez, efemeride biribil hori hartu dute aitzakiatzat indusketa lanei ekiteko: «1075eko urtarrilaren 6koa da Santurtziren lehen aipamena, eta bertan esaten da San Jurgi eliza dagoen tokian Sancti Gerogii izeneko eraikin erlijioso bat egon zela. Urte hau bereziki aproposa da horretan sakontzeko».

Datu hori abiapuntu hartuta hasi zen ikertzen Ondare Babesa taldea. San Jurgi elizako iparraldeko habeartearen eta aldarearen artean egin dituzte zundaketak, eta askotariko aurkikuntzak egin dituzte, Jose Angel Carbajal arkeologo taldearen buruak kontatu duenez: «Egungo eraikin barrokoaren aurretik, beste hiru tenplu egon zirela uste dugu: erromanikoaren aurreko garaiko bat, erromaniko bat eta gotiko bat. XV. edo XVI. mendekoak direla uste dugu, baina aztertu egin behar da».

«Bagenekien zerbait zegoela, baina aberastasun handia dago hemen. Aurrerantzean, gehiago sakondu behar dugu datu gehiago eskuratu ahal izateko»

JOSE ANGEL CARBAJALArkeologo taldearen burua

Eremu hori lehenago ere ikertu izan dutela adierazi du alkateak: «Antzinako eraikin horien zantzuak kasualitatez aurkitu zituzten 1990ean, zoladura lan batzuk egiten ari zirela». Carbajalek ere izan zuen indusketa horien berri, eta, ondorioz, lehen fase horretan «espero zutena» aurkitu dutela adierazi du: «Bagenekien zerbait zegoela, baina aberastasun handia dago hemen. Aurrerantzean, gehiago sakondu behar dugu datu gehiago eskuratu ahal izateko».

Eraikinez gainera, hilerri bat ere egon zen eremu horretan: «Garai hartan ohikoa izaten zen hildakoak elizaren azpian lurperatzea». Kasurako, hainbat gorpuzki eta hezur hondar aurkitu dituzte indusketak egiten zebiltzala. «Horiek ere ikertuko ditugu bigarren fasean», aurreratu du Carbajalek. Hala, datuetan gehiago sakontzeko aukera izango dute: «Laborategiko lanei esker ikusi ahal izango dugu gizonezkoak ala emakumezkoak ziren, gaixotasunen bat zuten, zer-nolako dieta zuten...».

Ikertzen jarraituko dute

Datorren hilean abiatuko dute bigarren fasea, bi jarduera ildorekin: herritarrentzako eta eragileentzako bisita gidatuak antolatuko dituzte, batetik; eta laborategiko ikerketa lana egingo dute, bestetik. Horretarako, karbono 14 analisiak, ikerketa geologikoa eta aztarna antropologikoen azterketa egingo dituzte, besteak beste.

Halako indusketek santurtziarren nortasuna indartzeko balioko duela uste du Tubillak: «Gure iragana ezagutzea eta hari balioa ematea funtsezkoa da gaur egun nor garen jakiteko, baita etorkizunera begiratzeko ere. Aurkikuntza hori berri ona da gure herriarentzat; horri esker aukera izango baitugu gure historia berreraikitzeko eta herritar guztiekin partekatzeko».

Emaitza guztiak irailean aurkezteko asmoa dute, Santurtziren historia errepasatuko duen kongresu batean.

Ekitaldi ugari

Indusketa lanetatik harago, Santurtziren 950. urteurrena ospatzeko ekitaldi andana antolatu dituzte urte osorako. Tartean, bisita antzeztuak, kontzertuak, hitzaldiak, liburu aurkezpenak eta ikus-entzunezko ikuskizunak. Era berean, pinak, banderolak, egutegiak, posta txartelak eta zigiluak ere jarri dituzte salgai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.