Saihesbidearen kontuan adostasunik ez

Bizkaiko Foru Aldundiak Abantoko Las Carreras auzoan egin nahi duen saihesbideak ingurumenari eta herritarren bizi kalitateari kalte egingo diela uste du Stop Variante taldeak.

Stop Variante plataformak martxoaren 28an Abantoko Las Carreras auzoan egindako manifestazioa. STOP VARIANTE
Stop Variante plataformak martxoaren 28an Abantoko Las Carreras auzoan egindako manifestazioa. STOP VARIANTE
14789412 kepa
Abanto
2025eko apirilaren 27a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Abantoko Las Carreras auzoa erdi-erditik zeharkatzen du BI-734 errepideak. Egunero, 10.000 ibilgailu baino gehiago igarotzen da handik, eta horietako asko kamioi astunak dira. Urteetan eta urteetan, trafikoak eragiten duen zarata eta kutsadura izan dira bizilagunen buruhauste handienetako bat. Alabaina, Bizkaiko Foru Aldundiak proposatutako irtenbideek orain arte ez dituzte ase auzokideen «benetako beharrak», Stop Variante plataformaren ustez. «Saihesbiderako proposatutako ibilbideak kalte atzeraezinak eragingo lituzke ingurumenean eta herritarren bizi kalitatean», ohartarazi du plataformak. Hori dela eta, BI-734 errepidea erabat lurperatzea proposatzen du Stop Variantesek. Bestela, zero alternatiba delakoa aplikatzea eskatzen du: errepidean hobekuntza lanak egitea, alegia.

2023ko martxoan Imanol Pradalesek aurkeztu zuen Las Carrerasen saihesbidea egiteko hasierako proiektua, Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko diputatua zela. Ekitaldian ondoan izan zuen Maite Etxebarria Abantoko alkatea. Handik hilabete batzuetara Iñaki Urrutiak hartu zuen alkate kargua, udal hauteskundeen ondoren. Orduan sortu zuten Las Carreras auzoko hainbat lagunek Stop Variante plataforma, «proiektuari buruz agertutako desadostasun nabariaren ondorioz».

«Etxebizitzan eta ingurunean eragin txikiena duen aukera da, kostu ekonomiko handiagoa izan arren» 

CARLOS ALZAGA Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko foru diputatua

Saihesbidea egiteko lanak datorren udan hasiko zirela iragarri zuten agintari instituzionalek, baina egitasmoak ez zuen foru erakundeko Ingurumen Sailaren iragazkia igaro. Hainbat norbanakok, eragilek eta erakundek 132 helegite aurkeztu zituzten. «Ingurumen Sailak berak proiektu berri bat garatzeko eskatu zion Azpiegitura eta Lurralde Garapenekoari», Jon Andoni Cobo Stop Variante plataformako kideak gogorarazi duenez.

Proiektu berria

Otsailaren 7an ezagutarazi zuten trazadura berria, eta hura ere ez da denen gustukoa. Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko foru diputatu Carlos Alzagaren arabera, proposamen hori da «etxebizitzetan eta ingurunean eragin txikiena duen aukera, kostu ekonomiko handiagoa izan arren». Egitasmoak 31 milioi euroko inbertsioa beharko luke. Era berean, «herritarren eta Abantoko Udalaren eskaerei erantzungo zaie», Alzagaren hitzetan, Las Carrerasko trafikoaren ia %90 aterako litzatekeelako hirigunetik.

«Ingurunerako eta bizi kalitaterako ondorio kaltegarri berberak izango ditu aurkeztutako proiektu berriak» 

JON ANDONI COBOStop Variante plataformako kidea

Aitzitik, Stop Varianteren ustez, orain bi hilabete aurkeztutako egitasmoak ere ez dio arazoari «sakontasunez» heltzen. Cobok azpimarratu duenez, «erabateko lurperatzea edo zero alternatiba ez ditu aintzat hartzen, eta aurreko planteamenduaren ezaugarrietako asko mantentzen ditu. Ingurunerako eta bizi kalitaterako ondorio kaltegarri berberak izango ditu aurkeztutako proiektu berriak». BI-734 errepidea erabat lurperatu ezean, «errepidea mantendu eta hobekuntzak egitearen alde» azaldu da plataforma. «Argiak eta seinaleak ipin daitezke zenbait tokitan, baita semaforoen funtzionamendua berrikusi ere, orain denak aldi berean jartzen direlako gorri».

Parte hartzea

Baina Urrutia Abantoko alkateak adierazi du dagoeneko hartu dituztela «errepide horretan har zitezkeen segurtasun neurri guztiak». Udal agintariak begi onez ikusten du Bizkaiko Foru Aldundiak aurkeztutako proiektua, «dagoen arazoari irtenbidea ematen diolako eta horixe bera behar duelako Las Carrerasek». Urrutiak uste du edozein proiektu handik beti daukala eragozpenen bat. «Baina egoera orain daukaguna baino askoz hobeagoa izango litzateke proiektua aurrera ateraz gero».

«Behin betiko proiektua aurkezten denean ikusi beharko da Las Carrerasko bizilagunek zer iritzi daukaten»

IÑAKI URRUTIAAbantoko alkatea

Proiektu berriaren plangintzan herritarren parte hartzerik ez dela egon txarretsi du Stop Variantesek. Cobok azaldutakoaren arabera, plataformak «ezinbestekotzat» jotzen du «Meatzaldean eragin nabarmena duen edozein erabaki modu gardenean eta herritarren inplikazio aktiboarekin» hartzea. «Las Carrerasko bizilagunok eskubidea dugu entzunak izateko eta gure iritzia kontuan hartua izateko».

Apirilaren 30era arte izango dute aukera aldundiak aurkeztutako egitasmoari helegiteak aurkezteko, eta, hain justu, helegiteak prestatzen dabil Stop Variantes plataforma. Martxoaren 28an manifestazio bat egin zuten, eta «arrakastatsua» izan zela sute du Cobok: «Herritarrak saihesbidearen kontra daude».

Abantoko alkatearen iritziz, ordea, «behin betiko proiektua aurkezten denean ikusi beharko da Las Carrerasko bizilagunek zer iritzi daukaten». Hain zuzen ere, herritarren artean egitasmoari buruzko galdeketa egiteko asmoa agertu izan du Urrutiak. Herri galdeketa bat egitekotan, diputazioak proiektua guztiz zehaztuta izan arte itxaron beharko dute Las Carrerasko bizilagunek iritzia eman ahal izateko.

MEATZALDERAKO AURREIKUSITAKO proiektu erraldoiak txarretsi dituzte

Saihesbidea ez ezik, Meatzaldean gauzatu nahi dituzten beste proiektu erraldoiak ere txarretsi ditu Stop Variantesek. Horien artean, eskualdetik igaroko den goi tentsioko linea eta Petronorrek Muskizko findegian ipinitako elektrolizatzaileak aipatu ditu Abantoko Las Carreras auzoko bizilagunek osatutako plataformak. «Komunitatea bere nortasuna eta ingurunea defendatzeko borrokan ari den bitartean, makroproiektu horiek lehenetsi egiten dira interes pribatuen alde, benetan garrantzitsua denaren kaltetan: herritarren ongizatea, ingurumenaren zaintza eta gure lurraren etorkizuna».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.