Bizkaiko Aspace erakundeko behargina

Javier Lopez Pagazaurtundua: «Pozten naiz Everest mendira igo izanaz, garun paralisia ikusarazten lagunduko duelako»

Munduko mendirik altuenaren beheko kanpalekura heldu da Lopez Pagazaurtundua, 5.300 metroko garaierara. Garun paralisia du. Igoera dokumental batean jaso dute: ‘Javier y la montaña’.

(ID_13714489) (Aritz Loiola/@FOKU) 2024-03-18, Zalla. Javier Lopezek garun paralisia du eta Everest mendia igo zuen
Javier Lopez Pagazaurtundua, joan den astelehenean, Zallan. ARITZ LOIOLA / FOKU
amaia igartua aristondo
Zalla
2024ko martxoaren 25a
05:00
Entzun

Ez da izan mendizale amorratua; are, gutxitan zapaldu du mendia. Javier Lopez Pagazaurtundua (Zalla, 1969) Aspace Bizkaia erakundeko beharginak —garun paralisia du—, ordea, erdietsia du zale eta profesional askoren ametsa: Everest mendian egotea. 2022an gertatu zen: Urbegi fundazioaren Lo Imposible sarien eskutik, zazpi etapa osatu zituen hogei laguneko talde baten laguntzaz—tartean, Alex Txikon Lemoako mendizalea—, eta munduko mendirik altuenaren beheko kanpalekura heldu zen —5.300 metroko garaieran dago—. Javier y la montaña dokumentalean (Javier eta mendia; Palamont Films eta Urbegi fundazioa, 2024) kontatu dute balentria.

Inoiz esan duzu zure bizitza «apartekoa eta alaia» izan dela, «zailtasunak zailtasun». Nola gogoratzen duzu zure haurtzaroa?

Oroitzapen bikainak ditut. Jabetzen nintzen arren nire desgaitasunaz, erabat babestua eta zaindua sentitzen nintzen. Nire gaztaroa aparta izan zen. Nerabezaroan, lagunekiko egoera konplikatzen hasi zen, tabernen eta diskoteken garaia baita, eta nik ez nituen gustuko. Eta orain egiten dudan bizitza beste guztiena bezalakoa da: bazkaria edo afaria egin txokoan, bazkalondoa, kafetxo bat...

Gaztetatik gurasoen negozioan hasi zinen lanean.

Bai, hala da. Erretegi bat ipini zuten Zallan. Asko gustatzen zitzaidan. Baina, nire desgaitasunagatik, ez dut gaiztakeriarik; askotan esaten dut nagusia izatea oso zaila dela. Zergatik? Ni bezalakoa bazara zapaldu egiten zaituzte eta. Ama zegoenean, hark sukaldea gobernatzen zuen, eta nik jantokia; bi edo hiru urtez, negozioa bakarrik gobernatzen ahalegindu nintzen, baina ikusi nuen ezin nuela; erretegian lan egiten zuen neska bat konbentzitzen saiatu nintzen hark agindu zezan, baina ez zuen nahi izan. Ikusi nuenez egoera okerrera zihoala, amari esan nion utzi egingo nuela erretegia, eta, 2012ko azaroan, Bizkaiko Aspacen hasi nintzen lanean [garun paralisiaren artarako konfederazioa].

Han hasi zen ikusgaitasunaren aldeko zure lana?

Beti saiatu naiz garun paralisia ikusgarri egiten, nire erara. Baina Aspacen, are gehiago. Begiak ireki zitzaizkidan.

Zer da zure erara ikusgarri egitea?

Lasterketa bat antolatzen bazen paraplegiko geratutako mutil baten alde, kolaboratu egiten nuen. Orain, desgaitasunaren muinean sartuta nagoenez, beste modu batera ikusten dut egoera, eta beste modu batean kolaboratzen dut, jendearekin hitz egiten eta abar.

Nola aldatu zitzaizun ikuspuntua?

Asko aldatu zitzaidan, askotariko jendea baitago erakundean. Eta, garun paralisia daukaten beste batzuekin alderatuta, ni pribilegiatua naiz. Eta nik arazoak ditut, eta oso serioak; dokumentalean ikusten dira. Gutxigatik erortzen naiz: harri batekin estropezu egiten badut, baliteke jaustea; txakur bat agertzen bazait bat-batean, lurrera noa seguru. Arazoa da ez ditudala eskuak ipintzen, eta muturrarekin jotzen dudala. Bi urtean, aurreko hortz guztiak aldatu nituen: torlojuak ipini zizkidaten, beste kolpe bat hartu nuen, eta berriro ipini zizkidaten torlojuak. Orain, zorionez, askoz gutxiagotan erortzen naiz, eta, erortzen naizenean, ondorioak ez dira hain larriak izaten; ez dakit zergatik den, tentu handiagoa dudalako agian. Tira, garaiaren araberakoa da: negutik udaberrirako aldaketan, desegonkorrago mugitzen naiz, flotatzen joango banintz bezala. Nire arazoa ez da sufrimendua, ez baitut sufritzen, baina ez naiz trankil joaten. Ondo daramat, hala ere.

«5.000 metrora geundenean, beheko kanpalekura heldu aurreko egunean, igartzen nuen hankak ez nituela ondo. Jende askok hitz egiten du mendiko gaitzaz, nola eragiten dion buruari... Niri ez zidan buruan eragin, baizik eta hanketan»

Zer lan egiten duzu Bizkaiko Aspacen?

Orain lantegi okupazionalean nago. Hiru adar daude: brodatua, serigrafia eta digitalizazioa. Arropa pertsonalizatzen dugu: lanekoa, enpresaren batekoa, jaietakoa...

Lanak, oro har, lagundu dizu?

Bai. Betidanik egin izan dut lan, baina askotan pentsatu dut zer gertatuko zatekeen lan egingo ez banu, mugak ditudalako kirola egiteko: egiten dut, baina herriko bidegorrian buelta bat edo bi emanda, horrekin listo. Eta zer egingo nuke gainontzeko orduetan? Irakurtzea ere gustuko dut... Beraz, niretzat lana gauza oso ona da entretenituta egoteko, jende askorekin egoten zara, eta hori izugarri gustatzen zait. Gainera, Bizkaiko Aspaceren bitartez sortu zen dokumentalarena... Dena dago lotuta.

Mendizalea zara?

Ez, ez. Mendira joan izan naiz, baina oso tarteka.

Eta, bat-batean, Everestera joan zinen...

Horrek harritu ninduen, ez baitzegoen aurreikusita [Urbegi fundazioaren] Lo Imposible sarietan. Sari batzuk emango zituzten, eta kito, baina nik hitzaldi txiki bat eman nuen, eta, dirudienez, liluratu egin nituen. Ekitaldia bukatu zenean, Alex Txikonek egin zidan proposamena: «Aizu, Javi, zer iruditzen trekking egiten badugu Everesteko beheko kanpalekuraino?». Esan nion ikusia ninduela oinez, eskailerak igotzen...; deskantsatu zezala, eta, ideiari eusten bazion, biharamunean deitzeko.

Eta deitu zizun.

Nekien bakarra zen Everesteko beheko kanpalekura nindoala; ez nekien lurra egongo zen, harriak, elurra, izotza... 2022ko udan esan nion baietz, eta irailean bidaia antolatzen hasi ziren Alex, Urbegi, Pajaro Trips enpresa eta ekoiztetxekoak. Ibilbidean hogei lagun joan ginen.

Hilabete horietan zalantzak izan zenituen?

Ez. Alexek, profesionala izanda, uste bazuen posible zela, egin nezakeen seinale zen.

Javier Lopez Pagazaurtundua Everest mendian, ibilbidean lagundu zioten kideetako biri helduta, 2...
Javier Lopez Pagazaurtundua Everest mendian, ibilbidean lagundu zioten kideetako biri helduta, 2022ko abenduan. RODOLFO DE BENITO
Nola prestatu zinen?

Oso erraza izan zen. Ubieta mendira igo nintzen, 600 metro garai dena. Kolitzara ere bai, behin; 800 metrokoa da. Gainera, Bilboko klinika batean egon nintzen hiru astez gaineskeleto batekin prestatzen, hanketan indarra hartzeko.

Eta zein izan zen igoerarako ekipamendua?

Bota batzuk eta trekking egiteko arropa ohikoa, ez oso beroa. 2022ko abenduaren 7an joan nintzen hemendik, eta 24 iluntzean itzuli nintzen. Ez zuen berorik egin, baina ezta hotzik ere. Hori ere aztertua zuten. Zeru urdin-urdina zegoen, hodeirik ez, ur tantarik ez, ezta elur malutarik ere. 4.000-5.000 metroko garaierara heldu ginenean, tarteka ikusi genuen elurra, baina bidea erabat garbi zegoen. Harrigarria izan zen.

Nolakoa zen eguna?

Zazpi etapa izan ziren, bakoitza 3,5-4,5 kilometro ingurukoa; luzeena ia 5,5 kilometrokoa izan zen. Lehen hiru etapetan oso lagunduta joan nintzen, alde guztietatik helduta, ni haizearekin erori egiten bainaiz. Eta dena zen harria, pila bat zegoen. Pelikulan, batzuetan barrez lehertzen naiz, beste batzuetan negar egiten dut, baita sufritu ere... Baina, orokorrean, hain gauza ederra egitea lortu dugu, ez bainaiz akordatzen zein gaizki pasatu nuen han goian.

Harriez gain, zer izan zen gogorrena?

Batez ere, harriak. 5.000 metroan geundenean, beheko kanpalekura heldu aurreko egunean, igartzen nuen hankak ez nituela ondo. Jende askok hitz egiten du mendiko gaitzaz, nola eragiten dion buruari... Niri ez zidan buruan eragin, baizik eta hanketan. Eta etapetako bat beldurgarria izan zen, ez dakit luzeena izan zelako edo harri gehien zituena zelako. Gauez heldu ginen, oso gutxi ikusten zen, taldea nire zain zegoen, eta denak zeuden negarrez ikusita zer egoeratan heldu nintzen. Lasaitu zitezela esan nien, eta behin hara helduta bukaerara heldu nahi nuela. Esan nien biharamunean aztertuko genuela egoera; ez nintzen ondo jaiki, baina animatuta nengoen, eta lortu genuen beheko kanpalekura heltzea.

Zer sentitu zenuen?

Niretzat, bi momentu egon dira bereziki hunkigarriak. Bata, egokitze etapa; hirugarrena edo laugarrena izan zen. Alexek esan zigun egokitu beharra genuela, garaiera hartatik gora hasiko baikinen igartzen mendiko gaitza. Herrixka batean gelditu ginen: gora igo ginen, eta gero, jaitsi. Egun hartan, kanpalekua ikusi genuen. Negarrez hasi nintzen. Eta kanpalekura heldu ginenean, are hunkigarriagoa izan zen.

«Gozatu nuen bidaiaz, baina paisaiaz ez hainbeste: lurrari erne joan nintzen lagunei ahalik eta lan gutxien emateko; ez nuen bistez nahi adina gozatu, eta apartak dira. Pelikula lehen aldiz ikusi nuenean, atentzioa eman zidaten paisaiek»

Nolakoa zen giroa Everesten? Gero eta jende gehiago baitago...

Nik ibilbidean zehar asko hitz egin nuen Alexekin; asko egon nintzen harekin. Batzuk arriskatu egiten dira, eta Everestera joaten dira trekking egitera, nahiz eta apenas zapaldu duten mendia. Eta harritu egiten ninduen ikusteak batzuek zein hezigabe jokatzen duten: ikusten genituen plastiko botilak, latak, edalontziak... Gauza horiek harritzen zaituzte, eta benetako mendizaleak ez ditu ulertzen: Alex asko asaldatzen zen kontu horrekin.

Beraz, topo egin zenuten prestakuntza egokirik gabeko jendearekin eta zabor mordo batekin?

Ez zen mordo bat. Botila bat topatzen zenuen hemen, lata bat han... Baina natura betean egonda, 3.000-4.000 metroan, horrek atentzioa ematen dizu. Bestalde, igoera kontrolatuta dago. Everesten trekking egiteko, zure fitxa, datuak eta argazkiak utzi behar dituzu, esan behar diezu noiz igoko zaren eta noiz jaitsi... Ibilbidea hasteko, hegazkin arin bat hartu beharra dago Katmandun, 1.500 kilometro inguruko garaieran dagoen herri batera joateko. Hegazkin hori hartzeko, paper guztiak eskatzen dizkizute.

Masifikatua dagoela iruditu zitzaizun?

Ni egon nintzenean, ez. Baina esan didate Aste Santuan eta udan askoz jende gehiago egoten dela.

Nolakoa izan zen dokumentalean zeure burua Everesten ikustea?

Gozatu nuen bidaiaz, baina paisaiaz, ez hainbeste: lurrari erne joan nintzen lagunei ahalik eta lan gutxien emateko; ez nuen bistez nahi adina gozatu, eta apartak dira. Pelikula lehen aldiz ikusi nuenean, atentzioa eman zidaten paisaiek, eta kamera zeramanari esan nion: «Hori nik egin dut?». Egiten ari nintzela, konturatzen nintzen oso gogorra zela, baina pelikulan ikusi eta gero...

Orain dela urte batzuk imajinatuko zenuen garun paralisidun norbait Everestera igoko zela eta pelikula bat egingo zutela igoera horren inguruan?

Nik? Ez... Niretzat opari bat izan da. Oso pozik nago emaitzarekin, ez protagonista ni naizelako, baizik eta garun paralisia ikusarazten lagunduko duelako. Pelikula eman dugun leku guztietan, besarkada pila bat eman digute, izugarria da. Baina hurrengo eguna heltzen da, eta... zer gertatzen da? Ez dut esan nahi aldi oro gure gainean egon behar dutenik; enpatia handiagoa eskatzen dut.

Ikusgaitasuna helburu bat da bere horretan, edo egoera hobetzeko tresna?

Nik uste dut eta pentsatu nahi dut laguntzen duela egoera hobetzen. Egia da asko aurreratu dugula, baina aurreratu den hori baino gehiago falta da egiteko, jendeak hala uste ez duen arren. Oraindik oztopo arkitektoniko asko daude, esaterako.

motzean

Mendi bat? Orain, Everest. 

Bisitatu nahi duzun mendi bat? Gorbeiara joan nahi dut. Zallako talde batek nirekin joan nahi du. Egun egokia bilatzen ari gara, azken aldatsa nekeza omen da eta, eta heze badago, ni ezingo naiz igo. Eta Alexek [Txikon] agenda libre eduki behar du. 

Egoteko leku bat? Oso gustuko dut Donostia. 

Bisitatu nahiko zenukeen leku bat? Australia. 

Zer ari zara irakurtzen?Esperando al diluvio [Dolores Redondo]. Eta, oro har, gustuko ditut norbaiten bizitzaz hitz egiten duten liburuak: gustuko dut ikustea nolakoa den jendea, nolakoa den haien bizitza... 

Pelikula bat? Film gutxi ikusi ditut. Barre egitekoak gustatzen zaizkit. 

Amets bat? Adin honekin, denetarik daukat. Eta neure buruari galdetzen diot askotan: «Nolakoa izango da nire bizitza ama ez dagoenean? Nola aldatuko da?» Baina horri ez diot beldurrik.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.