Plentziako Udalak eta Aranzadi zientzia elkarteak hitzarmen bat sinatu dute 1936tik 1978ra bitartean frankismoak Plentzian egindako giza eskubideen urraketak ikertzeko. Izotz Amundarain Ondare zinegotziaren esanetan, asmoa da errepresioa sufritu zutenen izen-abizenak jasotzea eta helaraztea. Ez dira hutsetik hasiko, Javi Buces Aranzadiko historialariak nabarmendu duenez; izan ere, frankismoa ikertu izan dute herriko hainbat eragilek —memoria elkarteek, errepresaliatuen familiek eta udalak berak, esate baterako—, eta lan horietan oinarrituko dira. Metodologia zientifikoarekin, datuok zuzenak direla berretsiko dute, eta artxibategi lokaletan, probintzialetan eta militarretan arakatuko dute, informazio berria topatzeko.
Hiru urteko akordioa adostu dute, 2026ra arte —udala osatzen duten gainontzeko alderdien partetik «harrera ona» izan du egitasmoak, Aitor Garagarza alkateak azpimarratu duenez—, eta aurtengo udal aurrekontuan 15.000 euroko partida onartu dute gauzatzeko —urtero, kopuru bat gehituko diote—. Lehenik eta behin, memoria bulego bat zabalduko dute Topalekuan (Goienkale, 25), lekukotzak jasotzeko eta zalantzak argitzeko. Datorren astelehenetik aurrera eta martxoaren 11ra bitarte, astelehenetan egongo da zabalik bulegoa, 11:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 19:00etara; telefonoz ere jar daiteke harremanetan Aranzadirekin (943-46 61 42), edota postaz ([email protected]).
«Gure aholkua beti izan da frankismo osoa ikertzea, ez bakarrik lehen partea edo bigarren partea», adierazi du Bucesek. Hori hala, Plentziako proiektua aitzindaria izango da, «Hego Euskal Herrian lehenengoa» izango baita frankismoa osotasunean aztertzen, zatikatu gabe. Plentziako Udalaren ekimenez sortu da hitzarmena —EH Bilduk gobernatzen du—.
«Normalean, [36ko] gerra eta gerraostea aparte ikertzen dira. Herri askotan, badirudi frankismoa 1945ean bukatu zela, Bigarren Mundu Gerrarekin batera», esan du Bucesek. Aranzadiko kideak esplikatu duenez, orain dela hogei bat urte desobiratzeak egiten hasi ziren zientifikoki, gorpuak berreskuratzen; ondorioz, udal askok interesa eduki zuten, fusilatuen berri izateaz gain, jakiteko zenbat jendek erbesteratu behar izan zuen, zenbat atxilotu zituzten, zenbatek galdu zuten lana...
«Frankismoaren zati batzuk zuritzeko ahaleginak egiten ari dira; batez ere, bukaera zuritzekoak. Hasiera txarra baina bukaera ona izan balitz bezala. Historialariek ikusten dugunean zer egin zuen frankismoak, ulertzen dugu osotasunean ikertu behar dela»
JAVI BUCESAranzadi zientzia elkarteko historialaria
Alabaina, jakin-mina 1936tik 1945eko tartera mugatu izan da, oro har, «frankismoaren garairik gogorrenera», historialariaren berbetan. «Ematen du 1945etik aurrera frankismoa diluitu egiten dela, eta 1960ko eta 1970eko urteetan jada bazegoenez oposizio bat, ez dago kontsentsu politiko argirik garai horren inguruan». Baina diktadura bat eta bakarra izan zen, nabarmendu duenez, eta, «modu errepresiboak» aldatu ziren arren, askatasunik eza egon zen hamarkada horietan guztietan.
Hala, erradiografia osoa egitea dute xede, «defizit demokratiko bat» baitago, Bucesen irudiko. «Frankismoaren zati batzuk zuritzeko ahaleginak egiten ari dira; batez ere, bukaera zuritzekoak. Hasiera txarra baina bukaera ona izan balitz bezala. Historialariek ikusten dugunean zer egin zuen frankismoak, ulertzen dugu osotasunean ikertu behar dela».
Lekukoak, gako
Agirietara joko dute, baina lekukotzak izango dira iturririk behinenak. Oztopoak badaude, Bucesek azaldu duenez. Izan ere, frankismoaren hasierako garaiko testigu asko hilda daude dagoeneko, eta bigarren edo hirugarren eskuko iturriengandik lortu beharko dute informazioa. Kontrara, ugariagoak dira erregimenaren azken zatia bizi izan zutenak, baina erreparoa izan dezakete egin zizkietenak jendaurrean kontatzeko.
Proiektuaren asmoa da lekukotzak bideoan grabatzea, baina lekukoek nahi duten euskarrian jasoko dira, eta haiek erabakiko dute publiko egingo diren ala ez, eta, kasuan, nola eta noiz. Egitasmoaren bukaeran, errepresaliatuen izen-abizenak zerrendatuko dituzte webgune batean, bakoitzak zer sufritu zuen ageriko da, eta zer iturri dauden; liburu bat ere publikatuko dute. Webgunea eguneratuz joango dira informazio berria jaso ahala.
Gordailu horretan oinarrituta, aurrerantzean erreparazio eta aitortza ekintzak egiteko asmoa agertu du Garagarzak. Hainbat mugarri gogoratu ditu: 1937ko ekainaren 14an sartu ziren frankistak Plentziara, eta hurrengo egunean Italiako abiazioak Astillero plazan jolasten zebilen ume bat erail zuen. Plentziako garai hartako alkatea, EAJko Nicolas Landa Garai, erbesteratu egin zen Donibane Lohizunera (Lapurdi), han hil zen, baina oraindik ez dute haren gorpua aurkitu. Hortik aurrera, egon izan dira erbesteratuak eta torturatuak, ondasunak konfiskatu zizkietenak, lana galdu zutenak... Ekainaren 14aren bueltan Memoria Astea egingo dute Plentzian, hainbat hitzaldi antolatuko dituzte, eta Aranzadirekin egiten ari diren lanaren nondik norakoak azalduko dituzte.
Era berean, alkateak garrantzitsutzat jo du Plentziaren mugakideak diren herriekin elkarlanean memoria historikoarekin lotutako proiektuak garatzea.
36ko gerrako borrokalari baten gorpuzkiak topatu dituzte Saibigain mendian
Otsailaren 4an, 36ko gerrako borrokalari baten bi hezur desobiratu zituzten Urkiolako parke naturalean kokatutako Saibigain mendiaren tontorretik gertu. Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, litekeena da bitan apurtutako femur bat izatea. Hezurrez gain, Euskal Prospekzio Taldeak beste arrasto batzuk ere topatu ditu: metraila hondarrak, munizioa eta objektu pertsonalak —besteak beste, uhalen belarriak eta jantzien hondar metalikoak—. 1937ko apirilean jazo zen Saibigaingo bataila.