Adimen (iz.). 1. Ulertzeko ahalmena, pentsamendu bidez nor bere buruaz eta inguruaz jabetzea. 2. Egoera bati aurre egiteko, zirkunstantzien arabera aukera egiteko ahalmena.
Eskolagabe bezala kategorizatzeko aukera dagoela jakitun, aitortza multzo bat egitera nator. Ez naiz batere irakurle ona. Oporretan eta sozializatzeko gogorik ez dudanean bakarrik hartzen dut liburu bat. Gaurko egunez, lanetik irten eta Durangoko Azokara joateko ohitura dut, ordea; bertan, modako liburuak erosten ditut, eta, gero, horiekin bueltaka ibiltzen naiz urte osoan, hurrengo azokara arte.
Erosketako orga betetzerakoan, ez naiz buruz gutxi gorabeherako gastua kalkulatzen abila. Telefonoaren laguntzaz egin ezean, ideiarik ez zer ordainduko dudan kutxara heltzerakoan.
Nire inguruan galdetuz gero, hizkuntza gaitasun txukunak ditudala esango dizute, neure burua adierazterakoan ondo moldatzen naizela. Hala ere, euskara, ingelesa eta gaztelania nahiko erraz erabiltzen ditudan arren, askotan kolpera hizkuntza batetik bestera itzultzeko zailtasuna dut.
Ezjakin antzera sailka nazakezuela jakinda, beste hau esatea ere badagokit. Nerabetatik lerratu naiz Espainiako Konstituzioaren kontra, ordezkatzen ez nauela sentituta. Baina, 2023ra arte, ez nuen konstituzioa irakurrita, ez nekien zein artikulurekin ez nentorren bat, eta ez nuen honen beharrizanik sentitzen ere. 6. artikulua etengabe urratzen dela jakiteko 30 urte behar izan ditut, atera kontuak!
Naizena definitzeko, bestalde, tarte batez ni kritikatzeko gogoari eutsi eta irakurtzen jarraitzeko eskatu nahi dizuet. Ez nator ezezagutzaren apologia egitera, eta ez nabil esaten ezjakintasunaz harro egon behar dugunik. Baina edozein alorretan moldatzeko kapazak diren horiengandik urruti, sarritan esan behar izan dut: «ez dakit eta aurrerago esango dizut».
Jakintzak mila ertz ditu, eta, aspaldian, adimentsua izatea oso gaitasun akademikoetara mugatzen ari garela sentitzen dut
Kontua da ez dela inor larrituko ez badakit autoko gurpila aldatzen. Mendira noanean, basurdeak utzitako markarik bilatzen ez dakidan eran, onddorik biltzen ez dakidala aitortuta ere, ez zen inor larrituko. Ez badut inoiz josten ikasi eta ez banaiz GPSa martxan jarri gabe Aizarnazabalera gidatzeko kapaz, hitzok idaztearren bakarrik, pertsona adimentsutzat izango nauzue.
Dena ez da egungo bizitza frenetikoari jarraitzeko diskurtso landua izatea; batzuetan, askoz buruarinagoa da esaten dakiena egiten dakiena baino. Beste hitz batzuekin, gustatuko litzaidake gure arbasoen antzera inguruko belarrak erabili eta jendeak horregatik pertsona inteligentetzat izatea norbait; ez hippytzat, esaterako.
Jakintzak mila ertz ditu, eta, aspaldian, adimentsua izatea oso gaitasun akademikoetara mugatzen ari garela sentitzen dut. Niretzat, pertsona jantzia izatea norbere inguruaren berri izateko gogoa da; esateko gai garen antzera, ekintzetara pasatzeko kapazak izatea, erratzeko beldurrik gabe aritzea, eta norbere gabeziak haizatzeko beharrizanik barik horiek existitzen direla onartzea. Eta, horregatik, akatsak akats, pertsona baliotsutzat dut neure burua. Eta zu, noiz hasiko zara zeure buruari adimentsua dela esaten?