«Pailazoa jauregira sartzen denean ez da errege bihurtzen. Jauregia zirku bihurtzen da». Donald Trumpek kargua hartu eta hurrengo egunean irakurri nion lagun bati Turkiako esaera zahar hori sare sozialetan. Betidanik liluratu nau nola biltzen duten esaera zaharrek herriaren jakinduria horrelako dosi txikietan. Hasiera batean zirku hitza baino ez zitzaidan bururatu Trumpen jarraitzaileen performanceak deskribatzeko. Zirku odoltsua batzuetan, duela lau urte AEBetako Kapitolioan ikusitakoak ikusita.
Pailazoaz hitz eginda, baina, beste irudi bat etorri zait burura: Jokerrena. Ez edozein Joker, 2019an Todd Phillipsek zuzendutako pelikulan Joaquin Phoenixek gorpuztutakoa baizik. Maisulana da film hori, nire ustetan. Buru osasunaren ildotik ekiten dio Phillipsek filmari, eta fentaniloak jota dagoen herrialde baten erretratu ezin hobea da. Gobernuaren murrizketek osasun programetan eragindako kalteak, armen erabilera, gizarte bazterketa...; hori guztia agerian uzten du pelikulak, eta, hein handi batean, egungo Estatu Batuen isla ere bada. Izan ere, Trumpek agindua hartu eta osasun programak murriztu, LGTBIQ+ kolektiboaren aurka egin, etorkinak kriminalizatu eta klima aldaketaren kontrako neurriak bertan behera utzi ditu.
Pailazo batena baino gehiago, gaizkile baten traza hartzen diot presidente berriari. Eta, egia esan, ez dut uste bidezkoa denik pailazo batekin alderatzea, eta zirku batekin ere ez. Gorrotoa eta zarata sortzea helburu baino ez duten mezuen aurrean, artearen eta kulturaren oasi bihurtu dira zirkuak. Indarkeriaren industriaren loraldiaren aurrean bestelako armak erabiltzen dituzte pailazoek: irribarreak. «El riure es una arma de construccio massiva» (Barrea eraikuntza masiboko arma da) aldarrikatzen dute Kataluniako Pallassos Sense Fronteres elkarteko kideek, eta ez zaie arrazoirik falta. Botika boteretsua da irria, multinazional farmazeutikoen atzaparretatik salbu dagoena. Ondo dakite hori Mugarik Gabeko Pailazoek, eta gerra eta hondamendiek kolpatutako eremuetan aritzen dira, alaitasuna eta babes emozionala eramateko.
«'Justizia', 'elkartasuna', 'askatasuna' edo 'demokrazia' bezalako hitzak lapurtu dizkiguten garai honetan, aldarrika ditzagun 'zirkua' eta 'pailazo' hitzen esanahia eta duintasuna»
Kultura herriz herri eramateko modua ere bada zirkua. Ongi dakite hori Gure Zirkuan, Euskal Herriko bazter eta txokoen barrena ibilita. Izenak ere haren filosofiaren berri ematen du, gero eta indibidualistagoa den gizartean gurearen garrantzia nabarmenduz. Eskuzabala eta herrikoia izan nahi duen proiektuak bere lanbidea, edertasuna eta ausardia herri osoarekin elkarbanatzea du xede, eta ez da gutxi telefonoari begira burua altxa ezinda dagoen gizartean!
Justizia, elkartasuna, askatasuna edo demokrazia bezalako hitzak lapurtu dizkiguten garai honetan, aldarrika ditzagun zirkua eta pailazo hitzen esanahia eta duintasuna. Esaera zaharretara itzulita, ez dezagun ahaztu kantatzen (eta irri egiten) duen herria ez dela inoiz hilko. Azken batean, irri egitea da arerioari hortzak erakusteko modurik onena.