Oteizaren Zorrotzaurre

1994an Jorge Oteizak eta arkitektura ikasle talde batek Bilboko Zorrotzaurre berri bat diseinatu zuten: baso bat zen ardatza, eta mantsotasuna, helburua. Egitasmoa berreskuratu dute ikasleetako bik, eta erakusketa bat antolatu dute Bilbon.

(ID_17019668485815) Oteizaren Zorrotzaurre
Jorge Oteizaren eta arkitektura ikasleen Bilboko Zorrotzaurreko proiektuko maketetako bat, EHAEO Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Bilboko egoitzan. MIKEL BLASCO / MUGAK ARKITEKTURA BIURTEKOA
amaia igartua aristondo
Bilbo
2023ko abenduaren 16a
05:00
Entzun

Argi zuten, hasieratik, uharte bat izango zela Bilboko Zorrotzaurre. Hala proiektatu zuen Thyssen Industrie taldeak, artean penintsula zena birgaitzeko kaleratu zuen lehiaketa publikoan, 1994an; eta ideia «gakoa» iruditu zitzaien Jorge Oteiza artistari eta haren inguruan bildu zen arkitektura ikasle taldeari, Santos Bregaña arkitektoak oroitu duenez. «Proiektu hura lotzen dut naufragioarekin eta memoriarekin. Naufragioarekin, irla bat delako. Irla bat behar genuen Itaka bat topatzeko, destino bat topatu ahal izateko burokraziatik kanpo». Oteizaren gidaritzapean, Zorrotzaurre berri baterako proiektu bat ondu zuten Donostiako Arteleku zentroan, eta, 30 urteren ondoren, ikerketa lan batean bildu dituzte Bregañak eta Emilio Varela arkitektoak artistarekin egindako egunak, hausnarketak, eta ikasketak.

EHAEO Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Bilboko egoitzan ipini dituzte lankidetzaren inguruko testuak eta materialak, Hiria geldirik. Oteiza Bilbon erakusketan. Hilaren 29ra arte bisitatu daiteke. Bilbao Metropoli 30 erakundeak antolatu du mostra, eta Mugak arkitektura biurtekoaren barruan ondu dute.

«Uhartearen perimetro kurbatuak erabat moldatzen zuen harengan txertatutako elementu geometriko oro: ertzetatik zenbat eta gertuago, orduan eta kurbatuagoa zen, eta presio jakin bat ezartzen zen objektuarekiko, segun ertza konkaboa edo konbexua zen».

EMILIO VARELA Erakusketaren komisarioa eta arkitektoa

Mikel Enparantza, Bakarne Iturrioz, Javier Perez eta Javier Zundak osatzen zuten ikasle taldea; Iñaki eta Jon Begiristain anaiek zuzendu zuten, eta Oteizarekin, Ramon Zallorekin eta Iñaki Zubizarretarekin egon ziren hartu-emanetan. Proiektua lehiaketatik kanpo gelditu zen deialdiko oinarriak ez jarraitzeagatik: ezinbestekoa zen eremuaren %50 etxebizitzekin betetzea, eta, kontrara, baso mardula gailentzen zen eskultorearen eta haren taldearen proposamenean.

Ertzek baldintzatuta

Harrezkero, gordeta egon da lana, oharkabean igaro da Oteizarekin batera ondutako proposamena, baina egitasmoan islatu zituen artistak bere artean jorratu zituen kontzeptuak, eta ez gutxi. Hiru nabarmendu zituen Varelak aurkezpenean, azaroaren 8an: argazkiaren erabilera, maketaren esangura eta mantsotasunaren aldarrikapena. Haren hitzetan, Oteizak ez zituen argazkiak egiten, baina asko erabiltzen zituen, bere ideiak islatzeko eta partekatzeko. 1952an, Ameriketako estatua megalitikoen interpretazio estetikoa kaleratu zuen, eta ordurako erabiliak zituen irudiak. «Oteizak gertuko naturara jotzen zuen, han ikusteko pentsatzen zuen hori», Varelaren esanetan.

Oteizaren buztinezko eredu bat, eta esku batzuk aurrean, marrak irudikatzen, artistak egin ohi zuen bezala. MIKEL BLASCO
Jorge Oteizaren buztinezko eredu bat, eta esku batzuk aurrean, marrak irudikatzen, artistak egin ohi zuen bezala. MIKEL BLASCO

Zorrotzaurreren proiekturako ere, beste horrenbeste. «Zarauzko [Gipuzkoa] hondartzaren irudiak egiten zituen; esaten zuen kurba islatzen zutela, eta lagunduko zigutela Zorrotzaurreko espazioa pentsatzen». Artistak uhartearen eredu bat moldatu zuen buztinarekin, eta eskuekin irudikatu zituen lerroak, lurraldearen xehetasunak esplikatzeko arkitektura ikasleei. Argazki horiek elkargoko aretoko hormetan ikus daitezke.

Eredu hura azalekoa zen, baina xeheagoak ziren maketak. «Uste genuen maketak zirela eskultorearekin erlazionatzeko modurik onena», Varelaren irudiko, «Oteizak mundu bat balitz bezala irudikatzen baitzuen uhartea». Maketa mordo bat taxutu zuten Artelekun topatutako materialekin, eta Oteizaren mural batzuk gainjarri zituzten uharteko silueta batzuetan. Elementuen gainjarketak eite berezia eman zion uharteari, erakusketaren komisarioaren berbetan. «Masen eta basoaren argiuneen kokapena eta orientazioa irlaren ardatz longitudinalaren arabera erabaki zuen». Eta eremuaren formak barruko elementuak baldintzatu zituen. «Perimetro kurbatuak erabat moldatzen zuen harengan txertatutako elementu geometriko oro: ertzetatik zenbat eta gertuago, orduan eta kurbatuagoa zen, eta presio jakin bat ezartzen zen objektuarekiko, segun ertza konkaboa edo konbexua zen». Hori horrela, formak ez ziren lekualdatzen soilik eremuaren luze-zabalean; bazeuden, orobat, gaineko eta azpiko planoak azalerarekiko.

Nestor Basterretxearen eskultura bat ipini dute erakusketan: mantsotasuna iradokitzen du, Oteizaren lanak bezala. MIKEL BLASCO
Nestor Basterretxearen eskultura bat ipini dute erakusketan: mantsotasuna iradokitzen du, Oteizaren lanak bezala. MIKEL BLASCO

Geldotasunean gauzatu ziren kontzeptuok. Hori baita Varelak nabarmendutako hirugarren zutabea: mugikortasun falta, zeinak eskultorearen obra osoa zeharkatu baitzuen, haren hitzetan. «Masa handien eta argiune errektangularren multzo bat da Zorrotzaurreko proiektua, geometria zuzen eta neurtu batean giltzapeturik; hirigunetik aldendutako eremu bat osatzen du». Horrekin elkarrizketan, Nestor Basterretxearen pieza bat kokatu dute. «Basterretxearen siga-saga hautsia gure proiektuan egon zen hasieratik: bide bihurgunetsu bat proposatu genuen, ez marra zuzen bat; behartuta gaude basotik pasatzera bide bihurrietatik. Mantsotzea zen asmoa», dio Bregañak.

Egungo gogoetak

Oteizaren eta haren taldearen proiektua begi bistakotik harago zihoan, Bregañaren hitzei erreparatuta: muzin egin zien hirigileek eta arkitektoek jorratzen zituzten giltzarriei. «Oteizak ikusten zituen lerroak, hutsuneak, forma konkaboak...». Varelak xehatu zituen desberdintasunak aurkezpenean: «Besteek plazak eta parkeak proposatzen zituzten, eta guk basoa, argiuneak, hutsuneak eta bideak; besteek mugikortasuna eta abiadura nahi zuten, eta guk gelditasunarekin erantzun genien; eraikinen adierazkortasun sinbolikoa proiektatu zuten besteek, eta guk, geometria mugiezina eta masaren hustasuna». Ondorioz, Zorrotzaurren sartzea zen, haientzat, mundu mantso batean murgiltzea legez, non denak zuen erlazioa paisaiarekin.

Proiektuaren proiekzio bat. Baso batek hartzen zuen eremuaren zati handi bat. MIKEL BLASCO
Zorrotzaurreko proiektuaren proiekzio bat. Baso batek hartzen zuen eremuaren zati handi bat. MIKEL BLASCO

Hori horrela, bi modutara ikus daiteke erakusketa, Bregañaren arabera: batetik, errepara dakioke ikerketari, testuak zorrozki aztertuta; bestetik, egin daiteke bisita sintetikoago bat, alde eskulturala izango duena helburu. Baina interpretazioak ugaritu litezke, Bregañaren irudiko: esaterako, palinpsestoaren ideia berreskuratu du berak, proiektuaren motorretako bat izan zena, haren aburuz. «Zorrotzaurrek bazuen XVIII. mendeko Bilboren egitura: itsasadarraren aurrean, bazegoen nederlanderaz eta frantsesez mintzo zen jendea, fabrikatzen zutenak anforak eta sokak, bizitza kosmopolita bat zeramatenak; eta, atzean, baserritarren mundu bat zegoen, ortuekin, mantendu den jabetza egitura batekin».

Bide beretik, Bilboren «birsortze» moduan ikusi zuten basoa. Bregañaren esanetan, baskoiek hiriak sortzen zituzten basoko argiune batetik abiatuta, zentro bat egiten, eta txorien hegaldiari erreparatuta. Hiriak sortzeko modu horrek izan zuen zeresana haien proiektuan. «Orain, konturatu gara nahi genuela basoa Bilbon heda zedin». Duela 30 urteko egitasmo bat da, baina, orduko ideiak aintzat hartuta, Bregañari iruditzen zaio bat egiten dutela, «harrigarriki», gaur egun defendatzen diren balio batzuekin, «jada beharrezkoak direnak» planetaren baldintzak aintzat hartuta. Gaurkotasuna aitortzen diote, orobat, mantsotasunaren inguruan egindako gogoetei. Varelarem ustez, «esku hartze urbanistikoa» izango zen, «baina beste pauso bat» eman zuen. «Hiri poetika bat izan zen, erritmoen inguruko hausnarketa bat. Gaur egun, oinarrizko gaiak dira, eta pentsatzen ari gara nola txertatu hirietan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.