Bizkaiko ospitaleetan larrialdi zerbitzuak gainezka egiteko zorian daudela salatu dute beharginek. Azken asteetan, Bilboko Basurtuko ospitaleko langileek hainbat protesta egin dituzte, «ezinean» dabiltzala ohartarazteko. Barakaldoko Gurutzetako ospitaleko beharginek ere azaldu dute gaixoak artatzeko zailtasunak dituztela. Gainera, Osakidetzari eta ospitaleotako arduradunei beste aldera begiratzea egotzi diete. Taldeak eta baliabideak hobetzeko eskatu dute langileek.
ESK sindikatuko Imanol Rodriguezen esanetan, batez ere faktore bik eragin dute egoera. Batetik, lehen arretaren egoerak ekarri du gertuko osasun zentroan artatu beharreko paziente asko euren kabuz ospitaleetara joatea, ez dutelako behar dutenean behar duten arta jasotzen. Bestetik, ospitaleetan langile eta baliabide falta dago aspalditik.
Basurtuko ospitalean, berbarako, kalera irten ziren beharginak martxoaren 4an, ELA sindikatuak deituta. Bilboko eskualde sanitario integratuari (ESI) eskatu zioten hirian lehen arretan egin diren murrizketak bertan behera uzteko. Izan ere, Areilzako osasun zentroko etengabeko arretako gunea (EAG) zarratu egin du ESIak; Deustuko osasun zentroko EAGa ere itxita dago gauez azken urteetan. Basurtuko larrialdi zerbitzuetako beharginek Bilboko ESIari eskatu diote EAG biotako egoera lehengoratzeko.
«Zuzendaritzatik esaten digute dena ondo dagoela, egoera normala dela. Kaosa normaltzat jotzea oso larria da»
IMANOL RODRIGUEZ ESK sindikatuko kidea
Oraintxe, Bilbon gauez larrialdi bat duten guztiek Basurtuko ospitalera joan behar dute, haietako askori gertatzen zaiena EAG batean artatzeko modukoa izan arren; hau da, ez ospitalera joateko besteko larria. EAGak 17:00etatik gauerdira egoten dira zabalik, Begoñan, Errekalden eta Deustun.
Horrez gainera, arta eskaerari erantzuteko langileak falta direla ohartarazi dute Basurtuko beharginek. Baliabideak ere falta dituzte. Txiki geratu zaie larrialdi zerbitzuen gunea. Osakidetzak aspalditik du Basurtuko ospitalean hobetze lanak egiteko asmoa, eta, besteak beste, larrialdiak zaharberritzekoa. Langileek lanak lehenbailehen hasteko exijitu dute. Eusko Jaurlaritzak udaberrian hasteko asmoa iragarri zuen urte hasieran, baina jada urtebete baino gehiago berandututa daude.
Korridoreetan
Beharginek kontatu dutenez, ohikoa izaten da Basurtun hogei pazientetik gora pilatzea artatuak izateko itxaroten edo hamar paziente egotea box bat noiz libratuko. Antzekoa izaten da egoera Gurutzetan, baina joan den asteko astelehenean, martxoaren 10ean, beharginak «bereziki kezkatzeko» modukoa izan zen egoera, Rodriguezek kontatu duenez: hamahiru paziente korridoreetan artatu behar izan zituzten medikuek, ez zutelako lekurik, eta zazpi anbulantzia pilatu ziren sarreraren kanpoko aldean, ekarri zituzten pazienteei barruan tokia egiteko itxaroten.
«Ez da gripea. Era guztietako patologiak dituzten pertsonak dira. Arazoa ez dago urtaroari lotuta. Arazoa egiturazkoa da, ospitalearena», zehaztu du Rodriguezek. ESK-ko kideak aitortu du martxoaren 10eko egoera hori ez dela egunero gertatzen hain larri, baina esan du ezinean egunero ibiltzen direla. «Ez da ezohikoa pazienteak korridoreetan artatu behar izatea edo boxetan lekurik ez egotea». Gurutzetako ospitalea Bizkaiko handiena da. Enkarterriko, Meatzaldeko eta Ezkerraldeko herritarrei ematen die arreta, eta baita beste eskualde batzuetakoei ere, haien erreferentziazko ospitalean behar duten espezialitatea ez dagoelako. Ratioak hobetu behar direla esan du ESK-ko ordezkariak, eta Gurutzetan ere larrialdietako eremua handitzeko premia dagoela ohartarazi du, txiki geratu zelako aspaldi.
Basurtuko eta Gurutzetako beharginek jo izan dute ospitaleotako arduradunengana, baina Rodriguezek salatu duenez, «beste aldera begiratzen» dute. «Esaten digute dena ondo dagoela; egoera normala dela. Kaosa normaltzat jotzea oso larria da».