Ordenantza berriak, terrazak lehengoratzeko

Pandemia garaitik, tabernetako eta jatetxeetako terrazak hedatu egin dira, eta gatazka sortu da bizilagunen artean: kexu dira zarataz eta mugitzeko zailtasunez. Ordenantzak prestatzen ari dira, bizikidetza bermatzeko.

Bilboko Ledesma kalea terrazaz eta jendez lepo, otsailaren 16an, ostirala. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Bilboko Ledesma kalea terrazaz eta jendez lepo, otsailaren 16an, ostiralarekin. MONIKA DEL VALLE / FOKU
amaia igartua aristondo
2024ko uztailaren 12a
05:00
Entzun

COVID-19-aren pandemiaren garaian, tabernei eta jatetxeei kalteak arintze aldera, udalek behin-behineko neurri batzuk hartu zituzten. Horietako bat, terrazen hedapena izan zen: kalean mahai eta aulki gehiago ipintzeko lizentziak onartu zituzten, eta esparru publikoko tarte handiagoa utzi zieten —esate baterako, aparkaleku batzuk ere erabili zituzten terrazak kokatzeko—. Pandemiaren hasieratik lau urtera, terraza berri horietako asko desagertu dira, baina ez guztiak. Esparru publikoa ordenatzeko eta bizikidetza bermatzeko xedez, Bizkaiko hainbat herrik terrazen ordenantza berriak onartu dituzte azken urte pare batean —aurten, adibidez, Erandiok eta Arrigorriagak—, eta arauak eguneratzen ari dira beste batzuk: esate baterako, ordenantza berriak prestatzen ari dira Bilboko eta Ondarroako udalak.

Ez da fenomeno berria, Alberto Gomez Bilboko Zazpikaleetako Bihotzean auzo elkarteko kideak nabarmendu duenez. «Pandemia baino lehen ere, alde zaharreko terraza kopurua nahiko handia zen, auzokideei eragiten zien, eta guk jada bageneukan hori konpontzeko asmoa». Gomezek gogoratu duenez, 2020an ordenantza berri bat prestatzen ari zen Bilboko Udala, baina izurriaren eraginez atzeratu egin zen proiektua. Edonola ere, pandemia mugarritzat jo du auzo elkarteko kideak. «Irudipena dugu Zazpikaleetan terraza kopurua igo egin dela». Bilboko Abando eta Indautxu auzoetan ere gora egin du: udalaren datuen arabera, 2018. urtean 431 terraza zeuden; aurten, 471.

«Pandemia baino lehen ere, alde zaharreko terraza kopurua nahiko handia zen, auzokideei eragiten zien, eta guk jada bageneukan hori konpontzeko asmoa»

ALBERTO GOMEZBilboko Zazpikaleetako Bihotzean auzo elkarteko kidea

Abando eta Indautxu auzoetako Uribitarte Anaitasuna elkarteko kide Marisa Fernandezen hitzetan, batik bat bi ondorio ditu terrazen ugaritasunak: zarata handia sortzen da, eta lekualdatzeko oztopoak ere bai. «Terrazen ordutegia oso luzea da». Fernandezek esplikatu duenez, astegunetan 23:00ak arte egoteko baimena dute, baina asteburuetan eta jaiegunetan 01:00ak arte luzatzen da. «01:30ean jasotzen dituzte terrazak, gero garbitu egiten dute... Jaia bukatzen denerako, 02:00ak dira. Etxebizitzak dauden lekuetan, oso zaila da bizitzea eta, behintzat, zazpi ordu lo egitea».

Espazioaren erabilera ere bada bizilagunen kezka. «Esparru publikoa negozio pribatuek okupatzen dute», laburbildu du Gomezek, eta horrek are toki gutxiago uzten du kontsumotik kanpoko erabileretarako, haren hitzetan. «Alde zaharrean ez dago egoteko leku askorik, eta daudenak, terrazaz josita daude: kaleak, plazak... Desoreka handia dago, eta kaltegarria da auzo bizitza osasungarri baterako». Fernandezek azaldu duenez, kalean ez dagoenez ezarrita gehienezko edukierarik, eta lokalean erositakoa aire zabalean kontsumi daitekeenez, jendea taberna inguruetan ere pilatzen da jateko eta edateko, eta espaloiak luze-zabalean okupatzen dituzte.

«Terrazen mugak adieraztea oso inportantea da, bezerook jakin dezagun zein den muga, baita Poliziak ere. Argi dagoenean, denok betetzen eta errespetatzen dugu»

MARISA FERNANDEZUribitarte Anaitasuna Bilboko Abando eta Indautxu auzoetako auzo elkarteko kidea

Abandon, nahiko orokortuak daude pilaketok, Fernandezen esanetan, baina bereziki deigarriak dira Heros, Henao eta Ledesma kaleetan. «Ledesma jada desastre hutsa da: terrazak bata bestearen atzetik daude». «Hesi» horiek gainditzeko, oinezkoek errepidera jaitsi behar izaten dute, eta, egun eta ordu tarte jakin batzuetan, kalea saihestu eta Kale Nagusitik igarotzen dira; hau da, terrazen eraginez, ibilbidea aldatu behar izaten dute. Desgaitasunen bat dutenentzat, adinekoentzat, adingabeekin doazenentzat, edo haur kotxea edo erosketa orga daramatenentzat, eremu horietatik mugitzea are zailagoa da. «Udan, arazoa handitu egiten da. Baina, batez ere Abandon, neguan ere problema egoten da: ostegunetan, ostiraletan, larunbatetan eta jai egunetan», azpimarratu du Fernandezek.

«Orekaren» beharra

Argi utzi dute Fernandezek eta Gomezek, halere: bizilagunak ez daude terrazen kontra, baina «oreka» egon dadila eskatzen dute. Eta, bide beretik, bizikidetza aldarrikatu du Bizkaiko Ostalaritza Elkarteko kudeatzaile Hector Sanchezek ere. Haren berbetan, pandemia mugarria izan da tabernentzat eta jatetxeentzat, jarduera aldatu egin delako, hein batean. «Bezeroek terraza erreklamatu egiten dute. Eguraldi ona egiten duenean, bezeroak zerua ikusi nahi du». Hori horrela, ostalaritzako lokalentzat «ezinbestekoa» bilakatu da kaleko presentzia. «Udal bakoitzari dagokio bizikidetza erregulatzea eta ordena egon dadila bermatzea», ebatzi du Sanchezek.

Horretan ari dira. Joan den irailean, Bilboko Udalak terrazak arautzeko ordenantza berri bat egingo zuela iragarri zuen —oraindik prozesua oso hasierako fasean dago, udalaren arabera; aurretiko kontsultetan, zehazki—. Uribitarte Anaitasuna elkarteak iradokizun batzuk egin ditu; besteak beste, premiazkotzat jo du terraza, aulki eta mahai kopurua «nabarmen» murriztea, baita terrazen ordutegia ere —09:00etatik 22:00etara—; mahaiak maiatzetik urrira bitartean ipin daitezela proposatu du; terrazetan edukiera maximo bat ezar dadila eskatu du; fatxadatik hiru metroko espazio minimo bat uztea, oinezkoak igaro daitezen; ikus-entzunezko instalazioak debekatzea; eta zarata semaforo bat ipintzea. Halaber, Uribitarte Anaitasunak galdegin du lizentziarik ez onartzeko edo moldatzeko ordenantza berria prest egon arte.

Zifrak

858

Ostalaritza lokalak Abandoko barrutian Bilboko Abandoko barrutian —Abando eta Indautxu auzoak hartzen ditu—, 858 ostalaritza lokal daude, udalaren datuen arabera —Uribitarte Anaitasuna auzo elkarteak ezagutarazi ditu—. Hau da, ia bi negozio daude ehun biztanleko. Barrutiak 51.174 bizilagun ditu, iazko datuen arabera.

1,25

Abandoko bizilagun bakoitzari dagozkion ostalaritza tokiak Abandoko barrutian 63.964 ostalaritza toki daude: hau da, 1,25 toki barrutiko biztanle bakoitzarentzat, Uribitarte Anaitasuna elkarteak helarazitako datuen arabera. Aldiz, zortzi komun publiko daude guztira —bat, 6.400 biztanleko—, eta bost liburutegi —bakarra, 10.200 bizilaguneko—.

Dena den, arazoa ez da egungo ordenantza herren geratzen dela, baizik eta ez dela betetzen, Fernandezen berbei erreparatuta. Kasurako, jasota dago terrazen mugak adierazita egon behar direla, baina ostalari askok ez dituzte markatzen. «Neurri hori betetzea oso inportantea da, bezerook jakin dezagun zein den muga, baita Poliziak ere. Argi dagoenean, denok betetzen eta errespetatzen dugu», Fernandezen irudiko.

Toldoak ere behar baino beherago daude kokatuta: Bilboko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren arabera, fatxadatik irteten diren toldoen alderik baxuenak 2,5 metrora egon behar du. «Altuera horretan egonez gero, ez zenuke harekin topo egingo —euritakoarekin, adibidez—. Baina ez daude». Gainera, batzuetan fatxadako toldoak eta terrazakoak batu egiten dira, eta «tunel» antzeko bat eratzen da; maiz, metro erdi bat baino ez da geratzen oinezkoentzat, Fernandez kexatu denez.

Ondarroan, murriztera

Antzeko joera dago Ondarroan: pandemia garaian, terrazak heda zitezen utzi zen, baina joera ez da eten, eta mahai kopurua «asko» hazi da izurri aurreko garaiarekin alderatuta, Urtza Alkorta herriko alkatearen hitzetan. Hazkundea «oso grafikoa» da, haren esanetan. «Plazak okupatzera heldu dira, bankuak, umeentzat jolasteko guneak izan daitezkeenak... Espaloiak ere okupatu dira, eta mugikortasuna zaildu egin da». Hainbat herritarren kexak akuilatuta, eta joera moztu beharra zegoelakoan, ordenantza berri bat prestatzen ari dira Ondarroan: bizilagunen, ostalarien eta eragileen iritziak jaso dituzte jada, araua urte amaieran aurkezteko asmoa dute, eta datorren udaberrian aplikatzen hasiko dira, ondo bidean. Argi Bedi elkartearen laguntza eduki dute bitartekaritza lanerako.

«Terrazak plazak okupatzera heldu dira, bankuak, umeentzat jolasteko guneak izan daitezkeenak... Espaloiak ere okupatu dira, eta mugikortasuna zaildu egin da»

URTZA ALKORTAOndarroako alkatea

Talde bakoitzaren ikuspuntua izan dute kontuan Ondarroan. Eragileei dagokienez, «zailtasunak» topatu izan dituzte kirol edo kultur jarduera batzuk egiteko. Hori horrela, jarduerok kalean egin ahal izateko aukera eskatu dute, eta, beraz, terrazek dagozkien metroak errespeta ditzatela, hainbat erabileratarako tokia egon dadin. Bide beretik, herritarrek ere espazioaren eta ordutegiaren mugak errespeta ditzaten nahi dute, «elkarbizitzarako minimo batzuk bete daitezela». Bestalde, ostalariek isunak eskatu dituzte, besteak beste. «Batzuek legea hobeto betetzen dute. Ondorioztatzen dute zigorrari esker denek beteko luketela», esplikatu du Alkorta alkateak. Gainera, altzariak non gorde edukitzea ere nahi dute ostalariek. Izan ere, gauez kalean uzten dituzte mahaiak eta aulkiak, eta bizikidetzarako arazoak sortu izan ditu horrek, jendeak altzariok erabiltzen dituelako goizeko ordu txikietan eta traba direlako garbiketa lanetarako.

Mahaiak Ondarroako Alamedan, asteartean. Terrazen ondorioz, ezin da banku publikoko aldeetako batean eseri. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Mahaiak Ondarroako Alamedan, asteartean. Terrazen ondorioz, ezin da banku publikoko aldeetako batean eseri. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Lehengo egoerara itzultzea da irizpide nagusia: alegia, udalak terrazen eremua txikituko du, eta, ondorioz, mahai kopurua gutxituko. Era berean, murriztu egingo dira plazetan eta espaloietan dauden terrazak. «Mahaiak gutxitzean, ulertzen dugu horiek gordetzeko arazoa ere txikituko dela; izan ere, lehen taberna barruan gordetzen zituzten; orain, ez dira kabitzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.