Aukeratu nahi dituzun buletinak. Beti aurkituko duzu zerbait interesgarria irakurtzeko eta informatuta egoteko.
Jarraitu:
Lurraldeak
Orain mende bateko andreen borrokak
Emakumeek zeresana izan zuten Errepublikan eta 36ko gerran, bai frontean, baita atzegoardian ere. Haien egoera islatu dute ‘Emakumeak 1931-1939’ argazki erakusketan, Markina-Xemeinen.
Bisitari bat 'Emakumeak 1931-1939' argazki erakusketan, Markina-Xemeingo karmeldarren aretoan, joan den ostiralean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Eguneroko eszena bat eman dezake, aparteko garrantzirik gabea: andre talde bat kalean jesarrita, josten, eguzkitik babesteko periodiko orriak dituztela buruan. Hondoari erreparatuta ikus daiteke ñabardura, baina: lur zakuz josita dago eraikinaren fatxada. 1937ko maiatz hasierako argazki bat da, Robert Capak ateratakoa Bilboko Kale Nagusiko Burtsaren inguruan. 36ko gerraren garaian, babesleku antiaereo bat izan zen eraikin hori, sarri erabilia, Bilbo 51 aldiz bonbardatu baitzuten faxistek, Larrabetzu Oroimena elkarteko kide Iñaki Berazategik zehaztu duenez. Makina bat gehiago izan ziren alarmak. «Garaiko periodikoen arabera, egun batzuetan hamabi aldiz jo zuten». Argazkiko emakumeek nahiago izan zuten aterpetik gertu geratu hurrengo abisuaren zain, etxera itzuli beharrean.
Gatazkaren ertzetako bat da hori. Beste hirurogei irudi ingururekin batera, 1931tik 1939ra bitarteko memoria bisual bat ondu dute Larrabetzu Oroimena eta Ahaztuen Oroimena elkarteek, emakumeak ardatz izan dituena: Emakumeak 1931-1939 erakusketa. Markina-Xemeingo karmeldarren aretoan ikusi ahalko da hilaren 15era bitartean —joan den ostiralean aurkeztu zuten—, eta Derion, Gernika-Lumon eta Galdakaon izango da ondoren. Garai hartako Radio Emisora Bilbaína irrati kateko programazioarekin girotu dute bilduma, orduko 113 grabaketarekin, hain justu: ereserki proletarioak eta patriotikoak entzun daitezke, euskal abesti herrikoiak, publizitatea...
«Bigarren Errepublikak askatasun eta itxaropen garai bat ekarri zuen. Andreak bizitza publikora jalgi ziren, arlo guztietan: kirolean, aisialdian, politikan, zuzenbidean...»
IÑAKI BERAZATEGILarrabetzu Oroimena elkarteko kidea
Erakusketa kronologikoki antolatu dute. Hala, Bigarren Errepublikaren garaian hasten da; Bigarren Errepublikak «askatasun eta itxaropen garai bat ekarri» zuen, batik bat emakumeentzat, Berazategiren irudiko. «Andreak bizitza publikora jalgi ziren, arlo guztietan: kirolean, aisialdian, politikan, zuzenbidean...». Irudietan ageri dira horren adibideak: andreak bozkatzen, mitinak egiten, danborradan parte hartzen... Baita beharginen alde ekiten ere: paneletako batean, Madrilgo Estampa aldizkariak Dolores Ibarruri Pasionaria-ri eginiko elkarrizketaren kopia bat ipini dute. 1931koa da pieza, eta elkarrizketatzaileak «boltxebike izugarria» deritzo emakumeari lerroburuan, nahiz eta tonua «atsegina» den, Berazategiren arabera. «Garai hartan, Ibarruri Muskizen bizi zen oraindik, eta oraindik ez ez zen oso ezaguna Bizkaiko langile giroetatik kanpo».
Gerraren arrastoa
Handik gutxira bildu zuen ospea Ibarrurik, egoeraren gordindu zenean. Eta erakusketan ere berehala desagertzen da itxaropenezko garai hura, faxisten estatu kolpearen ondorioak erakusten baitituzte panelek segidan. Butroe gazteluko irudi baten aurrean gelditu da Berazategi. Hiru emakume ageri dira, irribarretsu, guardia egiten bezala, soldaduz jantzita eta bakoitzak arma bat duela sorbaldan bermatuta. Gaztelua EAJren esku zegoen gatazkaren hasieran, eta alderdiak arma tailerra eta munizio gordailua zituen han, baita kartzela bat ere, frankistekin lerratuta zeuden euskaldun garrantzitsuak atxilotzeko. Emakume Abertzale Batzako andre batzuek gazteluan egiten zuten lan, zerbitzatzen, kozinatzen eta bestelako zaintza beharrak egiten. «Egunen batean, txantxa bat egiteko-edo, fusilak hartu eta argazki hori atera zuten».
Izan zuen atzegoardiak izaera solemneagoa ere. Soldadu faxistek Bizkaiko bazterrak mendean hartu ahala, eskuratutako lurraldeetatik kanporatu egin zituzten errepublikaren alde borrokan ari zen senarra, lankideren bat, seme-alabaren bat, anai-arrebaren bat edo beste senideren bat zuten emakumeak. Bi helburu zituen estrategia horrek, Larrabetzu Oroimena elkarteko kideak xehatu duenez: batetik, arerio askorik ez izatea atzean; eta, bestetik, errepublikazaleen jabetzak errazago ostea. Esaterako, frankistek etxetik egotzi zuten Ondarroako biztanle andana bat, eta su lerroa zeharkatzera derrigortu zuten, baita Lekeitiorako 11 kilometroak oinez egitera ere. Eusko Jaurlaritzako Argazki Zerbitzuak hartutako irudi batek ematen du lekukotza: Lekeitioko San Jose elizaren aurrean ageri dira ondarroar kanporatuak; tartean, 97 urteko emakume bat dago.
Batailen lehen lerroan ere izan ziren andrazkoak, edonola ere. Eta haien inguruko argazki gutxi topatu dituen arren, Berazategik jaso ditu izen propio batzuk. Rosario Sanchez Mora Dinamitera Madrilen jaio zen, baina Bilbon eta Durangon izan zuten atxilo, besteak beste. Eta Angeles Flores Leon Maricuela asturiarrak (Espainia), bizirik geratu zen azken andre milizianoak, harreman estua izan zuen Larrabetzurekin, kasurako; orain dela hilabete batzuk hil zen, 105 urte zituela. Horiez gain, gatazkaren muinean egon ziren beste andrazko batzuk ere ekarri dituzte hizpidera: esate baterako, Aurora Arnaiz bizkaitar sozialista, Mexikora erbesteratu eta han Konstituzio Zuzenbideko katedraduna bihurtu zena; eta Cecilia Garcia de Guilarte, Tolosako (Gipuzkoa) gerra berriemailea.
«Guadalajaran [Espainia] pasada itzela hartuak ziren italiarrak. Asensio Mandiolak esan zigun hona etorri zirela deskantsu moduan-edo, eta koldarrak zirela, beldurra zutela»
ALBERTO UNAMUNOAhaztuen Oroimena elkarteko arduraduna
Zehazki, berrehun bat emakume miliziano egon ziren erroldatuta Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Gerran egon ziren beste lurralde batzuekin alderatuta, ez dira asko, Berazategik adierazi duenez, baina, halere, andrazkoek ekarpen nabarmena egin zuten gerraren beste esparru batzuetan, hala nola osasungintzan, industrian eta gotortze lanetan. Gatazka gogortzen eta gordintzen joan zen heinean, emakumeak frontetik baztertu zituzten, etxeko lanak egitera derrigortu zituzten —janaria prestatzen, zerbitzatzen eta gizonezko milizianoen arropak garbitzen ari dira irudietan, adibidez—, eta frontera joandako gizonek hutsik lagatako postuak bete zituzten fabriketan, garraioan, zinema aretoetan... Markina-Xemeingo Esperanza arma lantegian egin zuen lan Josefa Maguregik, esaterako, ELA sindikatuko haren txartelean ageri denez. «Ez zituen lan administratiboak egin, armen produkzioan egon zen beharrean», berretsi du Alberto Unamuno Ahaztuen Oroimena elkarteko arduradunak.
Baserrietatik hiriburura
Baserrietako bizitzan ere jarri dute arreta. 1937an, Emilio Mola jeneral faxistak Bizkaiko erasoa indartzea agindu zuen, Unamunok esplikatu duenez: Durango bonbardatu zuten aurrena, martxoaren 31n, eta Italiako Frecce Nere (Gezi beltzak) brigadakoak Markina ingurura bidali zituzten apirilaren hasieran; han izan ziren eremu hori hartu zuten arte, apirilaren 27an. «Baserrietan, soldaduentzat lan egiten zuten: arropa garbitu, jatekoa egin...», aletu du Unamunok.
300
Zenbat testigantza jaso dituen Ahaztuen Oroimena elkarteak Urte askotan, Markinako fronteko herrietako lekukotzak jaso ditu Ahaztuen Oroimena elkarteak. Guztira, hirurehun inguru bildu dituzte, bideoz. Haien webgunean ikus daitezke: Ahaztuenoroimena.com.
Italiarretako batzuek Etxebarriako Elisa Mandiola baserritarraren etxean hartu zuten ostatu, eta, argazkietako batean, soldaduz inguratuta ageri da emakumea bere soroan. Haren neba Asensio Mandiolari esker lortu zuen irudia Ahaztuen Oroimena elkarteak, eta haren testigantzari esker osatu zuten eszena. «Guadalajaran [Espainia] pasada itzela hartuak ziren italiarrak», esplikatu du Unamunok. «Nebak esan zigun hona etorri zirela deskantsu moduan-edo, eta koldarrak zirela, beldurra zutela». Bromistak ei ziren, txikiak, eta emakumezaleak, nebaren arabera; Elisarekin ondo konpontzen ziren.
Aurretik, errepublikazaleek ere egina zuten habia mendate horietan. Rosa Luxenburgo batailoi komunista 1936 bukaeran heldu zen Urberuagara, eta miliziano batzuek inguruko baserritarrei laguntzea erabaki zuten. Arrixa baserrian ageri da haietako bat, bertoko gurasoekin eta bi alabarekin batera beharrean.
Italiako soldadu faxistak Etxebarriako Mandiola baserrian, Elisa Mandiolarekin batera, 1937ko apirilean. ASENSIO MANDIOLA
Herriak mendean hartuta, tropa faxistak Bilbora hurbildu ziren. 1937ko maiatz hasieran, Sollubeko bataila oldarraldi betean zegoelarik, Bilboko atzegoardian makina bat irudi atera zituen Robert Capak, batik bat emakumeenak. Bonbardaketa alarmek eragindako zailtasunak ez ezik, oinarrizko beharrak asetzekoak ere jaso zituen argazkilari ezagunak. Esaterako, andre batzuk zabortegietan miatzen harrapatu zituen. Bilbo inguratuta zegoenez eta hornidurak itsasontziz nekez sar zitzaketenez, askorentzat hori zen janaria lortzeko modu bakarra.
Gatazkak «garai ilunak» ekarri zituen, Berazategik gogoratu duenez, eta kartzelak izan ziren gerraosteko errepresioaren sinboloetako bat. Ohiko espetxeetako emakumeen sailak txiki geratu zirenez hainbeste atxilotu hartzeko, beste erabilera batzuk zituzten eraikinez baliatu ziren: espetxeak ugaritu ziren Bilbon, Durangon, Zornotzan... Presondegi gehienak aspaldi eraitsi zituzten, baina oroitu egiten dira oraindik; argazkiei esker, besteak beste.
emakume soilduak
Iñaki Berazategi Larrabetzu Oroimena elkarteko kideak azaldu duenez, faxistek, mendean hartutako eremuetan, ilea ebakitzen zieten ihes egindako errepublikazaleen andrazko senideei. Mendeku modu bat zen, umiliatzeko estrategia bat, garai hartan ile luzea oso garrantzitsua baitzen emakumeen identitaterako, nabarmendu duenez. Irudia Madrilgo Ahora egunkarian argitaratu zuten, 1936ko urrian, eta soildutako euskal emakumeen argazki bakarra da, Berazategiren arabera.