Jone Larrinaga Danobeitia

Oihalezko sudur zapiak

2024ko azaroaren 8a
05:00
Entzun

Barikua da eta trenean noa Bilbora. Hamar minutuko errekadu bat baino ez dut egin behar eta autoz joatea azkarragoa litzateke, baina ez da hiriaren erdigunera sartzeko besteko modernoa eta arratsaldea pazientziaz hartzea erabaki dut. Sartu orduko, ama-seme batzuk eseri zaizkit aurrean. Txikia mukiak dariola doa eta zintz egiteko mukizapia atera dio helduak. Telazko mukizapi bat!

Gaixotzen denean oihalezko sudur zapia erabiltzen duenaz fidatzen naiz. Jende horrek ez du erabili eta bota kontzeptuan sinesten, eta printzipio hori barruan daramana bide onean doa seguru. Infusioa eramateko kartoizko edalontzian eman zidaten aurrekoan, tabernan bertan kontsumitu nuen arren. Birziklatzeko bereizi nuen zaborra, kamioi bakarrean sartzen ikusi nuen asteburuan. Ikasle bati arkatza utzi nion atzo, ez nuen esker hitzik jaso bueltan; are gehiago, neuk batu behar izan nuen bere mahai gainetik jolastokira alde egin zuenean. Etorri bezala joan diren pertsonak ezagutu ditut azken urteetan, azalpenik ez diet eskatu eta arrazoirik ez didate eman. Paperezko zapiak erabiltzera ohitu gara, gure momentuko beharrizanak ase eta «agur» esatera.

Nik beste zerbait nahi dut, berrerabili, garatu eta aldatzen direnak nahi ditut inguruan. Dena horren efimero izateak arduratzen nau, bihar esnatzeko izango dugun munduaren itxurak arduratzen nauen bezainbeste. Agurtzen, «mesedez» eskatzen eta «eskerrik asko» esaten jarraitu nahi dut. Bizitzan nirekin topo egiten duena bere buruarekin gerran badago, ihes egin aurretik mina leuntzen lagundu nahi diot. Ez dut arazo batekin topo egiten dudan aldiro zapi zuria aterata alde egin nahi; horrela izango bada, oihala beheratu eta bukatu dadila emanaldia.

Gaixotzen denean oihalezko sudur zapia erabiltzen duenaz fidatzen naiz. Jende horrek ez du 'erabili eta bota' kontzeptuan sinesten, eta printzipio hori barruan daramana bide onean doa seguru

«Hurrengo geltokia: Zazpikaleak». Gaur azkar iritsi naizela iruditu zait, eta eskerrak: beste hamar minutu, eta bizitzea merezi duen pentsatzen nengoke! Erosi ditut malba gozokiak Santiaguitorenean. Konturatu naiz inguruan zeuzkan komertzio guztiak itxi edo aldatu direla; turistentzako souvenir dendak dira gehienak orain, eta lehendik pozik ez banentorren, muturtuago noa.

Handik gutxira, aspaldiko ezagun bat agertu zait parera. Kafea hartzera doa, eta, nirekin bada, kaña bat ere gustura hartuko duela esan dit; badakit aurpegian nabaritu didala tragoa behar duena ni naizela, eta irribarre batekin esan diot baietz. Segituan nabaritu dut neuk ere ez zuela zeinekin kafea hartu, eta ez zuela bakarrik egoteko gogorik.

Tarteka hitz egiten dugu; hala ere, ez gara inoiz beren-beregi elkarrekin egoteko geratu. Bizitzak alboan jartzen gaituenean elkarri kasu egin eta bakoitzak bere bidea hartzen du gero. Bestea zaintzeko aurkitu dugun modua da, intermitentea eta azalekoa. Noski, ez diot munduarekin haserre nentorrela kontatu, baina galdetu ere ez dit egin.

Birusentzako imana nauzue, eta bai, ni ere gaixorik nabil. Tertulian geundela doministikuka hasi naiz, behin eta berriro, atsedenik gabe:

—«Klinex bat?». Buruarekin baietz erantzun diot.

—Non erosten dira gaur egun telazko sudur zapiak?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.