Koloneko eta ondesteko minbiziaren inguruan faktore asko dira kontuan hartu beharrekoak: adina, genetika, ohiturak... baita mikrobiota ere. Gizakien gorputzean bizi diren mikroorganismoen multzoari deritzo mikrobiota, eta eragina du gaixotasunaren prebentzioan, garapenean eta tratamenduan, Naiara Gutiez Derioko CIC Bioguneko eta Minbiziaren Aurkako Bizkaiko Elkarteko ikerlariaren arabera (Bilbo, 1998).
Ikusi gehiago
Zergatik erabaki zenuen koloneko minbizia ikertzea?
Unibertsitatean Bioteknologia ikasi nuen, eta han gehiago jakin nuen hesteetako mikrobiotaren eta hark minbizian duen eraginaren inguruan. Izan ere, mikrobiotarena gai berria da, eta ikusi da erlazioa daukala gaixotasun askorekin. Halaber, koloneko minbizia gertutik bizi izan dut, nire aitona gaixotasun horren ondorioz hil zelako: oso berandu harrapatu zioten, eta ordurako metastasia zuen.
Zelako eragina du mikrobiotak koloneko minbizian?
Eragin handia du. Mikrobiota osatzen duten mikroorganismoek —nagusiki bakterioak izaten dira, baina legamiak eta onddoak ere badaude— kontaktu estua dute koloneko zelulekin, baita dietan lortzen ditugun nutrienteekin ere. Hartu-eman horrek garrantzi handia du minbiziaren etapa guztietan: prebentzioan, garapenean, tratamenduan eta metastasian, baita, are, gaixotasuna ibitu denean ere. Gure dietak mikroorganismo horiek ere elikatzen ditu. Beraz, nutriente kaltegarriak hartzen baditugu, bakterio kaltegarriak ugaritu daitezen sustatuko dugu; horrek hantura eragingo du kolonean, zelulak estresatuta egongo dira, akats gehiago egingo dituzte, zelula osasuntsuak tumore zelula bihur daitezke, eta sistema immunologikoak jada ez ditu tumore zelula horiek hain eraginkorki deuseztatuko.
Fusobacterium nucleatum mikroorganismoa ikertzen duzu zuk. Zergatik?
Koloneko minbizia ez duten pertsonetan, bakterio horren presentziak areagotu egiten du gaixotasuna garatzeko arriskua. Eta gaixotasuna dutenetan, bakterio hori edukiz gero pronostikoa okerragoa da. Izan ere, bakterioa gai da koloneko zelulekin hartu-emana izateko, eta hainbat fenomeno eragiteko: zelula osasuntsuak kontrolik gabe erdibitzea —minbiziaren funtsezko ezaugarria—, tumoreak gehiago haztea, sistema immuneak eta tratamenduek eraginkortasuna galtzea eta metastasia sortzea.
«'Fusobacterium nucleatum' mikroorganismoak gaitasun mugatua du taninoak eliminatzeko, eta, kopuru bat gainditzen denean, taninoa toxiko bihurtzen da harentzat»
Fusobacterium nucleatum ez dago, beraz, gizaki guztietan?
Ez. Dena den, edukitzeak ez du esan nahi nahitaez minbizia garatuko duzunik, baina probabilitate handiagoa izango duzu. Eta ez digu ekarpen positiborik egiten. Nire ikerketaren helburuetako bat da mikroorganismo hori ezabatzeko moduak aurkitzea, populazioaren arriskua apaltzeko eta gaixoen pronostikoa hobetzeko.
Zeren ondorioz agertzen eta ugaritzen da bakterioa?
Barazkiak, frutak eta gisa bereko elikagai osasuntsuak kontsumitzeari uzten diogunean ugaritzen da. Fusobacterium nucleatum-entzat toxikoak diren konposatu batzuk dituzte elikagai horiek. Zehazki, konposatu talde bat ikertzen ari gara: taninoak. Bakterioak gaitasun mugatua du taninoak eliminatzeko, eta, kopuru bat gainditzen denean, taninoa toxiko bihurtzen da harentzat.
Nola detektatzen da bakterioa?
Mikroorganismoen detekzioa konplikatua da, oro har. Gai gara desberdintzeko ea gorotzetan agertzen diren DNA aztarnak giza zelulei dagozkien, edo mikroorganismoei. Baina oraindik asko dago garatzeko. Etorkizunean, teknika horiek guztiak zorrozten direnean eta ikusten dugunean zer mikroorganismo daukan bakoitzak eta zer funtzio dituzten, urrats handi bat egingo dugu medikuntza pertsonalizatuan.
Zehazki, tanasaren inhibitzaileak ikertzen ari zara. Fusobacterium nucleatum-en entzimetako bat da tanasa. Zergatik da jopuntua?
Tanasa da taninoak eliminatzeaz arduratzen den entzima. Espezifikoki tanasa inhibitzeko gai izango bagina, bakterioari bere defentsa mekanismoa kenduko genioke. Oinarrizko ikerketa da, oraindik pazienteengandik urrun dago, baina, etorkizunera begira, tanasa ezabatu badezakegu, eta barazkietan, frutetan eta lekaleetan aberatsa den dieta bat hartzen badugu —hau da, tanino asko dituen dieta bat—, Fusobacterium nucleatum ezabatzeko gai izango gara.