Agustin Ibarrola artistak 17 urte zituen lehenengo erakusketa egin zuenean, 1948an. Bilboko Stvdio galerian aurkeztu zituen hala-nolako materialen bitartez sortutako bere lehen grabatuak, eta horrek artearen munduan aritzeko ateak ireki zizkion. Juan Manuel Lumbreras Bilboko izen bereko galeriako fundatzailearen arabera, artelan horiek «izugarri» harritu zuten garai hartako publikoa: «Ibarrolak beka bat lortu zuen Madrilen arte ikasketak egiteko, eta, ondoren, Parisen izan zen, arkitekto lanetan. Askotariko formakuntza izan zuen. Artista paregabea izan zen». Urte asko igaro ziren Ibarrolak (Bilbo, 1930-2023) «merezitako» aitortza jaso arte: «1980ko hamarkadan, PSOE alderdiak erakusketa ibiltari bat antolatu zuen Espainiako Estatuko tren geltoki nagusietan, Ibarrolak margotutako trabesekin. Orduan egin zen ezagun». Artistaren obra gogora ekartzeko erakusketa bat jarri dute Lumbreras galerian: Agustin Ibarrola. Grabatuak. Hilaren 28ra arte egongo da zabalik. Astelehenetik ostiralera bisita daiteke, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Sarrera doan da.
Oro har, bi etapatako xilografiek osatzen dute Lumbreras galeriako Ibarrolaren erakusketa: estanpazioaren bitartez egindako grabatu bereziek. Hasteko, frankismo sasoiko zapalkuntza salatzen duten obrak bildu dituzte. Guardia Zibilak diktadura garaiko protestetan erabilitako indarkeriaren erakusgarri dira horietako batzuk. Zuri-beltzean grabatuta daude gehienak, pertsonaia ilunak dituzte protagonista, eta itzalez beteta daude. «Militantzia komunistarekin lotutako artelanak egiten hasi zen Ibarrola, eta Alderdi Komunistarentzako eta kartzelan zeuden lagunentzako panfletoak marrazten zituen», kontatu du Lumbrerasek. Ibarrola bost aldiz espetxeratu zuten Francoren erregimena indarrean zen bitartean, komunista izateagatik. «Arazo handiak izan zituen orduan: eskuin muturreko militanteek baserria erre zioten hainbatetan, eta ETAk ere haren kontra egin zuen». Espainiako trantsizioaren ostean, militante izateari utzi zion. «Hala ere, eutsi egin zion politikaren inguruko jarrera kritikoari; artistikoki ere bai», argitu du galeriaren fundatzaileak.
Ibarrolaren lehenengo eta bigarren etaparen arteko aldea aski nabarmena da. Aldi bietan garrantzi handia eman zien arren forma geometrikoei, bigarren etapako grabatuak askoz ere koloretsuagoak dira. Tinta gorriz, arrosaz, berdez eta urdinez osatuta daude, eta kolore ilunik ez da antzematen. «Jende askori ahaztu egiten zaio Ibarrola Equipo 57 talde artistikoaren sortzaileetako bat izan zela, eta 27 urte zituela horretako kide egin zenean. Orduan hasi zen paper zurian koloreak gainjartzen. Kolorista hutsa izan zen garai hartatik aurrera», adierazi du Lumbrerasek. Equipo 57 taldea Parisen sortu zen, 1957an, eta, besteak beste, Ibarrola, Jorge Oteiza, Angel Duarte, Jose Duarte, Juan Serrano eta Luis Aguilera artistak egon ziren taldean. Arte klasikoa alde batera uztea eta abstrakzio geometrikoa eta kromatismoa bateratzea izan zuten helburu. 1962an desegin zen. «Ez nau harritzen, baina, Paristik bueltatu eta Ibarrolak halakoak egiten jarraitu izana», esan du Lumbrerasek.
«Ibarrolak ez du behar bezalako osperik izan. ETA haren kontra kontra aritzen zen, edo, bestela, EAJ edo beste norbait. Omako basoa margotu zuenean ere buruhauste handiei aurre egin behar izan zien»
JUANMANUEL LUMBRERASBilboko Lumbreras galeriaren fundatzailea
Eskulanari eta grabatu teknikari dagokienez, Ibarrolak berak lantzen zituen xilografiak estanpatu ahal izateko metalezko xaflak. Lumbrerasek egindako kalkuluen arabera, zortziehun xafla baino gehiago egin zituen artistak, baina ez dago jakiterik guztiak erabili zituen. «Artea egiten hasi zenean, lagunentzako eta inguruko jendearentzako obrak egiten zituen gehienbat, oso merke». Saldu ahala, grabatuen kopia gehiago edo gutxiago egitea erabakitzen zuen artistak. «Ondorioz, ez dakigu hasieran egin zituen xafla bakoitzeko zenbat berrargitalpen egin zituen. Batzuetan, bi baino ez ziren izango, eta beste batzuetan, bostehun». Alde horretatik, arte saltzaileak uste du Lumbreras galerian ikus daitezkeen grabatu koloretsuetako asko Ibarrolaren laguntzaileek eta inprimatzaileek egindakoak direla. «Ezaguna izaten hasi zenean eta lan egiteko kalitatezko materialak lortu zituenean, grabatuen tirada mugatuak sortzen hasi zen», azaldu du. «Ziurrenik, harekin tailerrean lan egiten zuten inprimatzaileek gomendioak emango zizkioten Ibarrolari, eta zer kolore erabil zezakeen iradoki».
Material hobeak erabiltzeak, gainera, grabatuen kalitatea hobetzen zuen ezinbestean. Baina Lumbrerasek gogokoago ditu Ibarrolak bere ibilbide artistikoaren hasieran sortu zituen artelanak. Izan ere, uste du «artistaren izaeraren irudikapen zintzoak» direla: «Ibarrola oso artista berezia izan zen, erraldoia, eta haren nortasuna argi islatuta dago grabatu horietan». Sormen handiko artista izan zela azpimarratu du, eta ziurtatu haren estiloa aski bereizgarria dela. «Horregatik, haren estiloak ez du jarraitzailerik izan».
Senideen artxibotik galeriara
Urtarrilaren 10ean ireki zuen Lumbreras galeriak Ibarrolaren inguruko erakusketa, eta orain arteko harrera ezin hobea izan dela aitortu du: «Hainbat zale datoz egunero, eta hori ez da batere ohikoa galeria batean».
Lumbrerasek azaldu duenez, Ibarrolaren familiak aukeratu eta eskaini dizkio obrak galeriari. Ez da Ibarrolaren senideek galeria horrekin kolaboratu duten lehen aldia. Oraingoan, artxiboko hirurogei artelan inguru utzi dizkiote. «Ez da elkarlanean aritu garen lehen aldia. Ibarrolaren senideak gurekin kolaboratzeko prest egon dira beti». Hain zuzen ere, artistaren familiaren artxiboa erraldoia da: «Zortziehun obra baino gehiago gordetzen dituzte». Artelan gehienak erakusketa gelan jarri dituzten arren, horietako batzuk galeriako bulegoa apaintzeko ere erabili dituzte. «Interesa duen edonork webgunean ikus ditzake artelan guztiak. Grabatuez gainera, eskulturaren bat ere utzi digute Ibarrolaren senideek».

Ondasun horiek guztiak oinarri izanda, Ibarrolaren ibilbide artistikoa ezagutarazteko liburu bat idatzi eta argitaratu du artistaren familiak. Iaz plazaratu zuten, eta, hain zuzen, Lumbreras galerian antolatutako erakusketak modua eman du liburuaren berri zabaltzeko. «Obra gráfica de Ibarrola [Ibarrolaren obra grafikoa] du izenburua. Idatzi ahal izateko, dokumentazio lan handia egin behar izan du familiak. Oso lan txukuna da». Lumbrerasek azaldu duenez, Ibarrolak egindako lana ikusgai jartzea dute helburu liburuak eta galeriako erakusketak. «Ibarrolak ez du behar bezalako osperik izan. ETA haren kontra aritzen zen, eta, bestela, EAJ edo beste norbait. Omako basoa margotu zuenean ere buruhauste handiei aurre egin behar izan zien. Izan ere, behin eta berriz margotzen zizkioten arbolak», kontatu du. «Artearen arloan egin zuen guztia atzera botatzea, ordea, ezinezkoa da. Haren lana erakustea dagokigu orain».
Nahiz eta galerian ikusgai dauden obra guztiak salgai dauden, Lumbreras arte saltzaileak ez du uste erraza izango denik saltzea: «Gaur egun, artelanak saltzea ez da batera erraza. Guk, ordea, urteak daramatzagu zeregin horretan, eta, nola edo hala, artea babesten jarraitu nahi dugu».