Errege bide batek egituratu zuen Ugao, Ekaitz Mentxaka alkateak kontatu duenez: «1365. urtean, Zeberioko biztanle batzuk ohartu ziren hemendik errege bide bat igarotzen zela: Burgostik [Gaztela eta Leon, Espainia] Bilbora zetorren bide nagusia zen». Garai hartan Bizkaiko jauna zen Don Juan infanteari eskatu zioten hiribildua sortzeko baimena, eta hark sinatu egin zuen hiribildu gutuna. Martxoaren 4an 650 urte bete ziren efemeride horretatik, eta Ugaoren urteurren biribil hori ospatzeko, askotariko ekitaldiak antolatu dituzte biharko.
«Herri merkatari gisa, aberasgarria izan zen», adierazi du Mentxakak. Zaldi eta gudari ugari pasatzen ziren errege bidetik, eta haiei ferrak aldatzea ezinbesteko lana zen Ugaon garai hartan. Besteak beste, errege bide horretatik pasatzen zen Gaztelatik Bilboko portura ekartzen zuten artilea, gero itsasontzi bidez Europara eroango zena.
«Nortasun handiko herria gara, asko maite dugu Ugao eta oso harro gaude ugaotarrak izateaz. Halako ekitaldien bitartez, sentimendu hori indartzen dela iruditzen zaigu»
EKAITZ MENTXAKAUgaoko alkatea
Hasiera batean, Villanueva de Miraballes izena zuen hiribilduak. «Herrian bazegoen Ugao deitzen zen gune bat: ur eta aho hitzen batura da. Hiribilduaren izena euskaratu zenean, hortik hartu zuten izena». 1986. urtean onartu zuten Ugao-Miraballes izena, hain zuzen ere.
Urteek aurrera egin ahala, herri txiki hori handituz joan zen pixkanaka. «Industrializazio garaian asko hazi zen herriko biztanleria», adierazi du alkateak. Ehungintza industriak ibaietatik gertu ezarri zituzten Bizkaian, eta Ugaon, hain justu, Jute ehungintzako fabrika bat egon zen Nerbioi ibaitik gertu. Bertan lan egin zuten gehienak emakumeak izan ziren. Zakuak egiten zituzten, baita alpargatetako kordak ere. «Fabriketan lan egiten zuten beharginak Ugaora etorri ziren bizitzera, eta, horiekin batera, baita euren senideak ere. Jende asko etorri zen Andaluziatik, Extremaduratik, Galiziatik… Mila biztanleko herria zena 4.000 biztanlekoa bihurtu zen denbora gutxian. Ordutik, eutsi egin zaio kopuru horri».
Ekitaldi gehiago
Martitzenean ospatu zuten urteurrena, eta, horretarako, Adi Ugao: zure urteurrena ospatzen da ekitaldia egin zuten, baita txokolatada bat ere. Alabaina, biharko ere antolatu dituzte ekitaldiak. Kale animazioa, marrazki lehiaketa eta umeentzako ikuskizunak egongo dira, besteak beste. Horietan bereziena, baina, XII. Babarrun lehiaketa izango da. «Urterik urtera, gero eta jende gehiagok ematen du izena txapelketan. Giro polita sortzen da». Ekitaldi horietatik harago, Erdi Aroko azoka egingo dute ekainaren 7an eta 8an.

Urteurrena prestatzeko, atzetik lan «asko» egin behar izan dutela kontatu du Mentxakak, baina pozik daude lortutako guztiarekin: «Efemeride oso berezia da. Nortasun handiko herria gara, asko maite dugu Ugao eta oso harro gaude ugaotarrak izateaz. Halako ekitaldien bitartez, sentimendu hori indartzen dela iruditzen zaigu».
Aurrerantzean ere herritarren nortasuna sendotzea dute helburu: «Ahalik eta zerbitzu onenak eskaini nahi dizkiegu herritarrei. Hemen bizi den jendea pozik egotea da gure erronka».