Desindustralizazioak ekarri zuen hiri eredu berriaren ondorioek oraindik irauten dute Bilbon. Fabriken itxierarekin batera nagusitu zen krisi ekonomikotik ateratzeko, flotagailu baten moduan aurkeztu ziguten turismoaren erronka. Promes bat nagusitu zen: garapen ekonomikoa bizkortuko zuen jarduera berri horrek, galdutako lanpostuak berreskuratu eta biderkatuko zituen, eta hiria nazioarteko mapan kokatuko zuen.
Modu berean, hiriaren urbanismoa eraldatu egin zen. Hobeto esanda, hiriaren zona baten urbanismoa eraldatu zen. Izan ere, Guggenheim museoaren titaniozko xaflen zirrarak ez dira Bilboko hainbat auzotara heltzen, baina turistifikazioaren iluntasuna bai heldu dela auzo guztietara. Izan ere, etxebizitzaren alokairuaren batezbestekoa ia zortziehun eurokoa den heinean, gure auzoetan etxebizitza turistikoak gero eta gehiago dira. Gero eta ugariagoak dira ET (etxebizitza turistikoa) adierazten duen plakak dituzten atariak, eta nabarmena da askotan atari horren alboan zegoen denda txikia edo taberna itxita dagoela, errenta ordaindu ezinik gero eta komertzio txiki gehiago desagertzen baitira gure kaleetatik.
Non daude sartu bezain pronto zure familiagatik galdetzen dizuten denda eta tabernak? Non daude edozer behar izatekotan alboan dituzun auzokideak?
Hiriaren gune turistikoenetan ere, gero eta zailagoa da xarma duen taberna edo denda bat topatzea. Fotokopiak bezala sortzen diren arimarik gabeko negozioak eta frankiziak nagusitzen ari dira Bilboko erdigunean ere. Aititak edo amamak pastela erostera (edo, zortea izatekotan, historian zehar XX. mendearen hasierara bidaia bat egingo bazenu bezala, bertako saloietan jatera) eramaten gintuzten New York kafetegi eta gozotegi ezaguna desagertu da, baina kale horretatik bostehun metro eskasera bi Starbucks daude. Iraganerako bidaia goxo hura Latte Macchiato pare batekin aldatu dugula esan dezakegu. BBK Live musika jaialdia harrotasunez saltzen duen hirian, musika denda gehienak desagertuz joan direla ikusi dugu azkeneko urte hauetan. Zer esan gure Zazpikaleen egoeraz... Handik paseatu ahal izatekotan, egun batetik bestera denda txikiak desagertu eta negozio gero eta surrealistagoak sortzen direla ikus daiteke.
Espekulazioak eragindako etxebizitza galera eta errenten prezioen areagotzearen ondoriozko denda txikien desagertzea ez dira turismoeredu kontsumista honen ondorio bakarra. Hausnartu beharko genuke hainbat lanpostu sortuko zituzten ekonomia jarduera berri horiek zer motako lan baldintzak normalizatzen ari diren. Izan ere, behin baino gehiagotan salatu da arestian aipatutako BBK Live eta antzeko makroikuskizunetan langileek bizi duten egoera prekarioa.
1980ko hamarkadako krisi ekonomikotik aterako gintuen hiri eredu berri horrek nortasun krisi batean murgildu gaitu. Non daude sartu bezain pronto zure familiagatik galdetzen dizuten denda eta tabernak? Non daude edozer behar izatekotan alboan dituzun auzokideak? Non daude gure haurtzaroko eta nerabezaroko leku gehienak? Non dago Bilbo?