Eraman Jai Alai enpresako kidea

Zigor Etxebarria Enbeita: «Neska zein mutil, gero eta gaztetxo gehiago ari da zesta-puntan jokatzen»

Winter Series txapelketa sasoiko dagoela esan du Zigor Etxebarriak: lehiaketak iraun duen egun guztietan bete da Gernikako Jai Alai pilotalekua.

Zigor Etxebarria, Eraman Jai Alai enpresako arduraduna. MIKEL MARTINEZ / FOKU
Zigor Etxebarria, Eraman Jai Alai enpresako arduraduna. MIKEL MARTINEZ / FOKU
2025eko martxoaren 23a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«Ia hogei urtez zesta-puntako goi mailako pilotarien falta» igarri izan da Euskal Herriko pilotalekuetan, Zigor Etxebarria Enbeita Eraman Jai Alai enpresako arduradunak (Gernika-Lumo, 1978) aitortu duenez. Duela lau urtetik hona, ordea, loraldian dago kirol hori. 2022an jokatu zuten estreinakoz gizonezkoen Winter Series txapelketa, eta urtebete beranduago emakumezkoena. Hain zuzen ere, martxoaren 24an izango da andreen aurtengo finala, baita gizonen banakakoarena ere. Biak ala biak Durangoko Ezkurdi pilotalekuan jokatuko dituzte. Horretaz gain, Jai Alai emakumeen liga sortu dute.

Zer iritzi duzu gizonezkoen aurtengo Winter Series txapelketaz?

Urtetik urtera goraka doa txapelketa. Aurten ere, lehiaketak iraun duen egun guztietan bete da Gernikako Jai Alai pilotalekua. Gainera, nabarmendu beharra dago lehen ediziotik hona hamar urte gaztetu dela jokalarien batez besteko adina. Asko gazteak izan arren, partida bikainak eskaini dituzte.

Zesta-punta biziberritu egin da azken urteetan?

Besteak beste, Diego Beaskoetxeak eta Ibon Aldazabalek jokatzeari utzi diote. Baina kantxan jarraitzen dute sona handiko pilotari beterano ugarik. Zesta-puntan aritzeko sasoian daude oraindik.

Pilotariak AEBetara trebatzera joateak eragina izan du urte hauetan?

Ia hogei urtez goi mailako pilotarien falta igarri izan da Euskal Herriko frontoietan. Winter Series txapelketa egiten denetik, ordea, zesta-puntan ikasten ari diren gaztetxoak asko ugaritu dira. Neska zein mutil, gero eta gaztetxo gehiago ari da zesta-puntan jokatzen. Esate baterako, Durangoko Ezkurdi pilotalekuko eskola ia desagertuta zegoen, eta gaur egun berrogei lagunetik gora dabiltza.

«Jai Alai ligaren bitartez, jarraitutasuna eman diogu emakumeen zesta-puntari, zaleen artean ikusmina pizteko»

Belaunaldi aldaketa gertu dago?

Hemendik urte batzuetara, kalitate handiko pilotari gazteen eztanda bat izango da. Hala ere, gaur egun ere egon badaude jokalari gazteak: Mikel Manzisidor Manci, Eñaut Urresti, Thomas Urrutia... Beste kasta bateko pilotariak dira. Beste kirol profesionaletan bezala, prestaketa lan handia daukate atzean.

Telebistarik gabe, nolako etorkizuna izango zuen zesta-puntak?

Telebistarik gabe, ezinezkoa izango zen gaur egun bizi dugun une gozora iristea. Eraman Jai Alaik ikus-entzunezkoen alorrean ere badihardu. Ondorioz, hori ere landu izan dugu Winter Seriesen. Horri esker, EITBko kirol zuzendaritzak apustu argia egin du telebistan ere goi mailako zesta-punta norgehiagokez gozatu ahal izateko.

Nola hartu dute ikusleek gizonezkoen Banakako Series txapelketa?

AEBetako frontoi guztietan jokatu izan dira single-ak, pilotari bat beste baten kontra. Agian, gurean, ohituagoak gaude binakako partidetara. Hala ere, Banakako Seriesek harrera oso ona izan du pilotazaleen artean.

Emakumezkoen zesta-punta zertan aldatu da azken hiru urte hauetan?

Ia hasieratik egin genuen emakumezkoen zesta-punta bultzatzeko ahalegina. Emakumeen Winter Seriesak hiru urte bete ditu jada. Harrobiari dagokionez, gero eta neska gehiago ari dira zesta-puntan jokatzen. Orain bi asteburu Berriatuko eskolak antolatutako jardunaldietan, adin ezberdinetako laurogei neska baino gehiago egon ziren.

«Zesta-puntak lotura handia du gure identitatearekin. Esku artean daukaguna herri proiektu bat ere bada»

Emakumezkoen Jai Alai liga ere sortu duzue.Zergatik?

Gernika, Donibane Lohizune, Paue eta Markinako txapelketek ez dute orain arte inolako loturarik izan, guztietan pilotari berberak aritzen diren arren. Hori ikusita, jarraitutasun bat eman nahi izan diogu emakumezkoen zesta-puntari, txapelketa bakoitza ligarako puntuagarria eginez eta sailkapena osatuz. Pilotarien artean lehiakortasuna sustatzeko modu bat da, eta pilotazaleen artean ikusmina pizteko aitzakia bikaina.

Euskal Herri osoko txapelketekin liga sortu izana ere aurrerapausoa da?

Pilotariak batuta egon dira beti, baina txapelketak ez, ezta antolatzaileak ere. Lehiaketen sustatzaileak beti ahalegindu izan dira Hego zein Ipar Euskal Herriko sariketetan mugaz bi aldeetako kirolariek joka dezaten, baina sekula ez da egon bestelako loturarik. Pilotazaleen ikuspuntutik begiratuta, ordea, euskal kirol honek izan dezakeen gauzarik politenetako bat da liga bat sortzea, txapelketa guztiak batuta. Kirolari on baino ez dio egingo.

Naziotasuna aldarrikatzeko aukera ere ematen du zesta-puntak?

Momentu egokia da horren aldarria egiteko. Izan ere, esku artean daukaguna herri proiektua ere bada. Zesta-punta gure identitatearekin lotura handia daukan kirola da, eta harro egotekoa da Euskal Herri osoko liga bat sortu izana. Bestalde, abendutik otsailera, Dania Beach [Florida, AEB] hiriko pilotalekuan jokatu zen Biscayne Cup txapelketa. Helburua ez da Jai Alai izeneko kantxa luzeetako garai loriatsuak berpiztea. Baina bertokoen identitatearen zati bat ere bada kirol hau. Horri gorazarre egin nahi diogu.

Mundu mailan zesta-punta berreskuratzea garrantzitsua da?

Daniakoa da AEBetan zabalik geratzen den Jai Alai kantxa luze bakarra. Ehun urte beteko ditu 2026an. Mexikon eta beste hainbat tokitan ere pilotazale asko dago. Beraz, garrantzitsua da leku horietan zesta-punta sustatzen jarraitzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.